Larreinetako funikularra Euskadiko funikularrik luzeena da. Trapagaran eta Zugaztietako meatze-eremua lotzen ditu, eta inguruko bizilagunek nahiz ibilbide berezi batez gozatu nahi dutenek erabiltzen dute. Mendea bete duen funikular hori non dagoen, nolakoa den, zer ordutegi duen eta zer ibilbide egiten duen kontatuko dizugu.
1926an inauguratu zen Larreinetako Funikularra, eta Zugaztietako meatzaritza-herrixka Trapagaranekin lotzen du. Ibilbideak 10 minutu inguru irauten du, eta Trianoko mendien hegalak, Abrako badia eta antzinako meatzaritza-jardueraren aztarnak ikusteko aukera ematen du. Gainera, gora iristean, hango urmaelak eta bidexkak ikus ditzakezu.
2014ko uztailean Interes Kulturaleko Ondasun izendatu zuten, eta 1985ean fabrikatutako bi kabinak erabat berrituta ospatuko du 2026an mendeurrena.
Izan ere, Larreinetako Funikularra garraiobide bat baino askoz gehiago da: euskal industriaren historiako harribitxi bat da, eta paisaiaz eta antzinako meatzaritza-lurrez gozatzeko beste modu bat.
Non dagoen Larreinetako funikularra

Larreinetako funikularra Trapagaran udalerrian dago, Bizkaian. La Escontrilla —herriaren beheko aldean— Larreineta auzoarekin lotzen du —herriaren goiko aldea—.
Beraz, aukera bikaina da azpiegitura historiko bat ezagutu nahi dutenentzat edo txango berezi bat egin nahi dutenentzat (malda osoa errepidez igo behar izan gabe).
Nola iritsi Larreinetako funikularrera
Larreinetako funikularrak bi geltoki ditu: La Escontrilla eta Larreineta.
-
Beheko geltokia Trapagarangoa da eta La Escontrilla auzoan dago (izen hori zuen lehen geltokiak). 1926ko irailean inauguratu zuten.
-
Goiko geltokia Larreinetan dago, itsas mailatik 400 metro baino gehiagora, eta Zugaztietako meatzari-herrixkatik hurbil.
Beraz, Zugaztietara igotzeko, funikularraren beheko geltokira (La Escontrilla) joan behar duzu. Autoz edo garraio publikoan joan zaitezke.
-
Autoz: zoaz Funikular kaleko 30.era, Trapagaranera. Han dago La Escontrillako geltokia.
-
Garraio publikoan: tren- eta autobus-konexioen bidez irits zaitezke Trapagaranera, eta, handik, beheko geltokira joan.
Funikularra txango baten parte gisa erabili behar baduzu, gogoratu goiko geltokia Larreinetan dagoela, ez Zugaztietako erdigunean. Handik, oinez joan beharko duzu meatzarien herrixkara.
Nolakoa den Larreinetako funikularra

Larreinetako funikularra Euskadiko funikularrik luzeena da, baita garraiobide berezienetako bat ere.
Plataforma horizontal baten gainean mugitzen diren bi bagoi ditu. Ez da oso ohikoa, eta bidaiariak ez ezik merkantziak eta ibilgailuak eramateko pentsatuta dago. Bide-sistema sinple bat erabiltzen du, eta erdibidean gurutzatzen da, elementu mugikorrik erabili gabe.
Jatorrizko kabinak egurrezkoak ziren, eta hiru zati itxitan banatuta zeuden. 1985ean, metalezko beste batzuekin ordeztu ziren, eta 2026an erabat berritu dira.
Izan ere, garaiak aldatu badira ere, Larreinetako Funikularraren jarduna ez da gelditu.
Larreinetako funikularraren ordutegiak
Funikularra Euskotrenek kudeatzen du.
Garraio publiko gisa funtzionatzen du aste osoan, eta, lehen esan dizugun bezala, bi geltoki bakarrik ditu: La Escontrilla eta Larreineta.
Larreinetako funikularraren 2026ko ordutegiak
-
Astelehenetik larunbatera, lanegunetan: zerbitzua 4:50ean hasten da, eta azken bidaia 23:00etan egiten da. Ordu-erditik behin egiten du joan-etorria.
-
Igande eta jaiegunetan: zerbitzua 7:10ean hasten da eta 23:00ak arte luzatzen da. Ordu-erditik behin egiten du joan-etorria.
Dena den, egun bakoitzeko ordutegi eguneratuak kontsultatzea gomendatzen dizugu, tartean behin mantentze-lanak egiten baitira, eta litekeena baita horiek maiztasunei eragitea.
Ordutegiak Euskotrenen webgune ofizialean edo 944 333 333 informazio telefonora deituz baiezta ditzakezu.
Zenbat balio duen Larreinetako funikularreko bidaiak

Funikularra Bizkaiko garraio publikoko sarearen parte da, eta, beraz, Barik txartela erabil dezakezu ibilbidea ordaintzeko.
Larreinetako Funikularraren 2026ko tarifak
-
Noizbehinkako txartela Barik-en Creditransekin: 1,02 € bidaiako
-
Barik-en Gizatransekin: 0,64 €.
-
Familia ugarientzako Gizatransekin: 0,51 € F20 tarifarekin eta 0,32 € F50 tarifarekin.
-
Familia ugarientzako Hirukotransekin: 0,82 € F20 tarifarekin eta 0,51 € F50 tarifarekin.
Joan-etorriko txangoa egiteko asmoa baduzu, aztertu geltokietan noizbehinkako txartelak eskuratzeko dauden aukerak ere.
Zer ikus daitekeen Larreinetako funikularraren inguruan
Funikularrean ibiltzea bera esperientzia berezia da oso, baina beste hauek ikusteko ere aprobetxa dezakezu:
-
Zugaztieta. Antzinako meatzari-herrixka goiko geltokitik (Larreineta) kilometro bat pasatxora dago. Paseatzeko eta inguru haren iragan industriala ezagutzeko leku aproposa da.
-
Meategietako urmaelak. Burdina erauzten zen paraje hauetan, paisaia bereziak ikus daitezke, hala nola El Negro eta Ostión urmaelak.
-
Peñas Negras. Zugaztietatik 500 metro ingurura, Peñas Negraseko Interpretazio Zentroa dago. Handik, seinaleztatutako zenbait ibilbide eginez, Trianoko mendietako natura- eta meatze-ondarea ezagutu dezakezu.
Ikuspegi ederra dago, batez ere goiko aldetik. Mendi-hegalak eta Abrako badia ikusi ahal izango dituzu, eta, oskarbi bada, baita Bilbo, itsasadarra eta itsasoa ere.
Larreinetako funikularraren historia: ehun urte Trapagaran lotzen

Larreinetako Funikularrak erakusten du meatzaritzaren beharrei erantzuteko sortutako azpiegitura bat Bizkaiko ondare historiko eta turistikoaren parte bihur daitekeela.
Haren historia Bizkaiko burdin meatzaritzaren goraldiarekin lotuta dago, zeinak XIX. mendearen amaieran eta XX. mendearen zati handi batean Trapagaran eta Trianoko mendiak eraldatu baitzituen.
1926ko irailaren 26an inauguratu zen, haranaren eta Zugaztietako meatzaritza-herrixkaren arteko komunikazioa errazteko. Eraiki aurretik, ordu eta erdi inguru behar zen ibilbide hori egiteko. Funikularrarekin, 10 bat minutuan egin zitekeen. 70eko hamarkadan, Europako bigarren burdin ustiapenik handiena zen, eta 5.000 pertsona baino gehiago bizi izan ziren han.
Meatze-jardueraren gainbeheraren ondorioz ustiategiak itxi ahala, paisaia aldatuz joan zen, urmaelez, bidezidorrez eta naturgunez betetako ingurune bihurtzeraino.
Funikularrak eraldaketa horretara egokitzen jakin du: inauguratu eta ehun urtera, bere funtzioa betetzen jarraitzen du, inguruko biztanleentzako garraio publiko gisa, baina Trapagaranerako erakargarri turistiko gisa ere jarduten du.
Bizkaian egiteko bestelako plan baten bila bazabiltza, hasi Larreinetako funikularreko 10 minutu eskaseko bidaia honekin ;)
Goiburuko irudiaren iturria: Ayuntamiento del Valle de Trápaga-Trapagaran, Euskotren, Archivo Foral de Bizkaia.
