Euskaltel, Euskadi eta Nafarroako komunikazio-operadore liderra, 6G teknologiarako prestatzen ari da MasOrange taldearekin —telekomunikazioen merkatu espainiarreko lehena, bezero-kopuruari erreparatuta—. Taldeak Ericssonekin batera probatu du sare mugikorra 6 GHz-eko bandan, kontuan izanik funtsezkoa izango dela 6Ga hedatzeko (3,5 GHz-eko banda 5Grako izan den bezalaxe).

Mugarri hori MasOrange taldearen berrikuntza-estrategiaren parte da, etorkizuneko konektibitate-beharrei aurrea hartzeko; haren bidez, azpiegiturak prestatu nahi dira adimen artifizialaren (AA) aro berriari, automatizazioari, konputazio kuantikoari, murgiltze esperientzia digitalei eta etorkizuneko erabilera-kasuei erantzuteko, ikusirik zeharo aldatuko dituztela ekonomiaren sektoreak.

Espainiako estatuan, berez, 2030erako dago aurreikusita 6Ga, baina MasOrange dagoeneko ari da aro teknologiko berri hori prestatzen; hain justu, 6 GHz-eko banda probatzen ari da, zeinak inoiz ez bezala uztartzen baititu estaldura, gaitasuna eta efizientzia. Nahiz eta espektro horrek oraindik ez duen lizentziarik Espainian, industria osoak badu garbi ideia bat: banda hori ezinbesteko baliabidea izango da etorkizuneko sare mugikorrek azken belaunaldiko zerbitzu berriak hartzeko, gastu energetikoari eusteko behar den efizientziarekin.

Zertarako balioko du 6Gak?

Etorkizuneko 6Gak beste urrats bat egingo du aurrera, modu natiboan integratuko baititu komunikazioak, adimena, automatizazioa eta ingurunea hautemateko eta interpretatzeko gaitasuna. Testuinguru horretan, ISAC (Integrated Sensing and Communication) teknologiak dira 6Garekin gaitu ahal izango den berrikuntza eraldatzailearen adibideetako bat. Komunikazioen eta sentsorizazioaren arteko konbergentziari esker, etorkizuneko sareek, komunikatzeaz aparte, irrati-seinale berberak erabiliz “hauteman” ahal izango dute inguruan gertatzen ari dena. Eta 6 GHz-eko banda ikuspegi horren funtsezko azpiegitura izango da; izan ere, uztartu egingo ditu adimen artifizialean, automatizazioan, biki digitaletan eta mundu fisikoaren monitorizazio aurreratuan oinarritutako zerbitzu berriak hartzeko gaitasuna, estaldura eta efizientzia. Aplikazio potentzial hauek izango ditu:

• pertsonak edo ibilgailuak kamerarik gabe detektatzea;

• portu, lantegi edo aireportuetako aktiboen jarraipena egitea;

• industria-inguruneetako mugimenduak monitorizatzea;

• mugikortasun autonomoko sistemetarako oztopoak identifikatzea;

• hirietako, errepideetako eta azpiegituretako biki digitalak denbora errealean sortzea.

6 GHz-eko bandak biderkatu egingo du sare mugikorren gaitasuna datu-trafikoaren hazkunde ikusgarriaren ildo beretik, AA eta beste esperientzia digital aurreratu batzuk modu intentsiboan erabilita. Datorren hamarkadan merkatuan lider izan nahi duen edozein operadorerentzat funtsezko gaitzaile teknologiko bat da”, adierazi du Jasone Altuna Euskadi eta Nafarroarako Euskalteleko zuzendari nagusi eta MasOrangeko lurralde-zuzendariak.

Sare eta antena adimendunen belaunaldi berri bat

Komunikazio mugikorretarako frekuentzia berriak txertatzeko, beharrezkoa da lotutako irrati-ekipoen eta -teknologien belaunaldi berri bat. Ildo horretan, MasOrangek eta Ericssonek egindako baliozkotzeak barnean hartu zituen antena aktiboen arkitektura aurreratuekin egindako probak. Hain zuzen ere, 64 transmisore eta hargailuko egungo konfigurazioetatik (64TR) 256TR sistemetara eboluzionatzen dute, elementu erradiatzaileen kopurua laukoizteari esker.

Horretaz gainera, seinalea bideratzeko teknika aurreratuak probatu ziren (beamforming). Teknologia horri esker, datuak modu dinamikoan eta ultrazehatzean transmititzeko sorta erabiltzaile bakoitzaren kokapen eta beharretara bideratu daiteke. Horren ondorioz, hobetu aprobetxatzen da eskura dagoen espektroa eta nabarmen handitzen sarearen gaitasuna. Hau da, espektro berean erabiltzaile-kopuru handiago baten datuak transmititu ahal izango dira, eta efizientzia energetiko handiagoz, gainera.

Teknologia horiek konbinatzeari esker:

hobeto aprobetxatuko da espektroko MHz bakoitza;

laukoiztu egingo da nodo mugikor bakoitzaren gaitasuna;

• nabarmen hobetuko da erabiltzailearen esperientzia eskaera handiko inguruneetan;

• aurrera egingo da sare efizienteagoak, programagarriagoak, irekiagoak eta jasangarriagoak lortzeko bidean.

Espainiako estatua, etorkizuneko konektibitatearen laborategi europarra

Mugarri horrekin, MasOrangek eta Euskaltelek estatuaren garapen teknologikoaren aldeko apustua berretsi dute. Hain zuzen, taldea aitzindaria izan da azken belaunaldiko konektibitate soluzioak hedatzen, hala nola 5G Advanced eta VoNR (5Garen gaineko ahotsa), eta, orain, etorkizuneko telekomunikazioetarako banda garrantzitsuenetako baten baliozkotze enpirikoa gaineratu du.

6G konektibitateak puntako ezagutza teknikoa ematen du taldearen zerbitzuak optimizatzeko, eta aktiboki laguntzen du gaitasun estrategiko nazionalak garatzen, Espainiako estatua telekomunikazioetan esperimentatzeko erreferentziazko ingurune gisa posizionatzen eta Europaren lehiakortasun digitalari indarra ematen beste merkatu global batzuen aurrean.