Bazenekien baso donostiar bat dugula Nafarroan? Artikutza Parke Naturalaz ari gara: geografikoki Nafarroan dago, baina Donostiarena da naturagune hau. Bitxikeria horren berri eta askoz gehiago kontatuko dizugu post honetan. Azalduko dizugu, halaber, nola bisitatu eta nola erreserbatu tokia hango aterpean, eta ibilbide batzuk ere proposatuko dizkizugu.

Artikutza Natura 2000 Sarean dago 2004az geroztik, eta Nafarroako Komunitate Intereseko Toki gisa dago sailkatuta.

Artikutzan, natura da nagusi. Aire garbia arnasteko eta zuhaitzez eta ur-jauziez gozatzeko moduko tokia da. Zure kontura edo bisita gidatuetan bisitatu dezakezu, eta gaua hango aterpean igarotzeko aukera ere badago.

Artikutza bisitatzeko jakin beharreko guztia kontatuko dizugu, Euskadiko toki zahar, magiko eta euritsuenetako bat baita.

Non dago Artikutza

artikutza bosque
Irudia: Donostiako Udala

Artikutza 3.700 hektarea inguruko parke natural bat da, geografikoki Goizuetan kokatua, Nafarroako ipar-ekialdean, Gipuzkoako mugatik gertu. Hala ere, Donostiako Udalarena da 1919tik, edateko uraren hornidura bermatzeko erosi baitzuen. Horretarako, edozein motatako jarduera kutsatzaileak debekatu zituen, hala nola baso-, meatze- eta ganadu-ustiategiak.

Horren guztiaren ondorioz, inguruan sakabanatuta zeuden baserriak bertan behera utzi zituzten. Horrez gainera, pertsonen sarbidea ere mugatua denez, edertasun handiko ekosistema natural bat dugu gaur egun.

Inguruko baso autoktonoei eta kontserbazio-egoera onari esker, Euskadiko eta Europako gune berezienetariko bat da Artikutza.

Nolakoa da Artikutza

Biodibertsitate handiko ingurune babestu bat da Artikutza. Ohikoak ez diren hegazti, anfibio eta intsektuak daude han, zur hil ugariko eremua baita. Saguzarrak ere badaude, gordeleku aproposak baitituzte haitzulo ugarietan, meatze zaharretan eta aurrietan.

Flora atlantikoa ere aberatsa da, goroldio eta iratzeetatik hasi eta ehunka urteko zuhaitzetara.

Artikutzara bazoaz, pago eta haritzak, ubideak, haltzadiak eta ur-jauziak izango dituzu inguruan. Artikutzako azaleraren % 90 basoa denez, milioi bat zuhaitz baino gehiago daude.

Mendiak izango dituzu atzealdean beti. Izan ere, zenbait tontor ditu Artikutzak inguruan: Altueta, Izu, Bianditz, Loitzate eta Arainburu (garaiena, 1.054 metro).

Gainera, klima heze eta berdea du urte osoan. Izan ere, Euskadiko tokirik euritsuena da.

Naturari argazkia ateratzea gustuko baduzu, Artikutza benetako paradisua da.

Jende-pilaketarik gabe ibiltzeko leku ederra ere bada.

Zer ibilbide dauden Artikutzan

artikutza embalse
Irudia: Donostiako Udala

Esan dugunez, bada, Artikutza toki aproposa da naturaz gozatzeko, eta, horretarako, plan bikaina da parketik igarotzen diren ibilbideetakoren bat egitea.

Laburrak eta luzeak daude; batzuk errazak eta familia osoak egiteko modukoak dira, eta beste batzuk zailagoak dira.

Lau ibilbide ofizial seinaleztatu daude; hau da, balizez markatutako bideak.

  • Eskas-Artikutza

Parke naturalerako sarreratik (Eskas) Artikutza auzora daraman ibilbidea da Artikutzako ezagunena. Elizmendiko bidexkatik igaroaz, historiaurreko arrastoak, errekastoak eta ur-jauziak (adibidez, Erroiarrikoa) ikusteko aukera izango dugu. Ibilbide zirkularra da eta trenbide zaharrari jarraituz egin ohi da bueltako bidea.

  • Zailtasuna: ertaina

  • Distantzia: 11 kilometro

  • Mota: zirkularra

  • Artikutza eta bere ingurua

Artikutza eta bere ingurua deritzon ibilbideak basoak eta landaketak zeharkatzen ditu lehenbizi, eta, gero, eremu zabalagoetara iristen da, paisaia zoragarriaz gozatzeko aukera emanez. Orreagako errege-kolegiataren mugarriak ikusiko dituzu. Itzultzeko, Elizmendiko bidea hartuko duzu.

  • Zailtasuna: ertaina

  • Distantzia: 17 kilometro

  • Mota: zirkularra

  • Enobietako urtegiaren inguruko itzulia

Enobietako urtegi zaharrak gidatuko gaitu familiak osoarentzako moduko ibilbide erraz honetan, eta, aldi berean, Artikutza auzoko inguruak ezagutuko ditugu. Fauna autoktonotan aberatsa da urte askoan uholdeak jasan dituen toki hau.

  • Zailtasuna: txikia

  • Distantzia: 6,5 kilometro

  • Mota: zirkularra

  • Burdinolen ibilbidea

Arriurdiñetan abiatu eta Artikutzara gerturatuko gara pagadian zehar. Bi burdinola hidrauliko, bi karobi eta burdina egiteko bi labe ezagutzeko aukera ematen duelako esaten zaio burdinolen ibilbidea.

  • Zailtasuna: ertaina

  • Distantzia: 10 kilometro

  • Mota: zirkularra

Lau ibilbide horiez gainera, badira Artikutza eta ingurunea ezagutzeko beste aukera batzuk ere.

  • Erroiarriko ur-jauzirako ibilbidea

Sasoi betean dauden eta natura basatiagoaren zale direnentzako modukoa da Erroiarriko ur-jauzirako ibilbidea.

  • Zailtasuna: handia

  • Distantzia: 9 eta 16 kilometro bitarte

  • Denbora: 3 ordu eta erdi eta 5 ordu bitarte

  • Mota: zirkularra

  • Bianditz eta Masuketa lotzen dituen ibilbide zirkularra

Gehixeago igo eta eremu garbiagoak nahi badituzu ikuspegi ikaragarriez gozatzeko, Bianditzetik Masuketara doan ibilbidea gomendatzen dizugu. Eskasen hasi eta pixkanaka egiten du gora bideak Bianditz tontorrerantz (841 metro).

  • Zailtasuna: ertaina
  • Distantzia: 6,6 kilometro
  • Denbora: 2 ordu
  • Mota: zirkularra

Artikutza ezagutzeko bisita gidatuak

artikutza seta
Irudia: Donostiako Udala

Artikutza gidari baten laguntzaz ikusi nahi baduzu, izena eman dezakezu Donostiako Udalak antolatzen dituen bisita gidatuetakoren batean.

Urte osoan antolatzen dira, baina aldaketak izan daitezke eguraldiaren arabera. Ibilbide-aukera desberdinak daude, baina guztiak erreserbatu behar dira aldez aurretik, eta kostua dute.

Zenbat balio dute Artikutzarako bisita gidatuek?

Artikutza ezagutzeko bisita gidatuen prezioak

  • 16 urtetik gorakoak: 3,14 € pertsonako

  • 6-16 urtekoak: 2,09 € pertsonako

Hona zein diren ibilbide gidatu ohikoenak:

  • Eskas, Elutsa eta Erroiarri. Eskasen hasten da ibilbide zirkular hau; handik, Burnaiztegiko lepora eta Bidango zabalera jarraitzen du (historiaurreko aztarnak ikusteko aukera dago), eta hamaiketakoa egiteko geldiunea egiten da Elutsa lepoan. Elizmendiko bide nagusitik egiten da buelta. Erroiarriko ur-jauzia da ibilbidearen amaierako toki ikusgarrienetariko bat.

  • Luzera: 9 km gutxi gorabehera

  • Zailtasuna: ertaina

  • Mota: zirkularra

  • Bianditzeko gaina eta tunela. Eskasetik, Burnaiztegiko lepora igotzen da, Napar Bidean gora. Galtzarrieta eta Irumugarrieta gainetara joango gara gero —hiru udalerriren muga da Irumugarrieta: Oiartzun, Lesaka eta Goizueta (Artikutza)—, eta, handik, Bianditz tontorrera. Jaisteko, Artikutza eta Pasaia lotzen zituen trenbide zaharraren bideari jarraitzen zaio; Bianditzeko tunela ere zeharkatzen da.

  • Luzera: 7 km gutxi gorabehera

  • Zailtasuna: ertaina

  • Mota: zirkularra

Nola erreserbatu Artikutzarako bisita gidatua

artikutza monte
Irudia: Donostiako Udala

Artikutzarako bisita gidatu batean tokia erreserbatzeko, onlineko formularioa bete dezakezu. Donostia Turismoaren webgune ofizialean aurkituko duzu, aurreikusitako ibilbideekin eta datekin batera.

Bestela, mezu bat bidal dezakezu artikutzanatura@donostia.eus helbidera, edo 679 613 016 telefono-zenbakira deitu dezakezu (astelehenetik ostegunera, 11:00etatik 16:00etara).

Bestalde, 8-25 laguneko taldeentzako neurrirako bisita gidatua kontratatzeko aukera dago. Kasu horretan, hauek dira tarifak:

  • 15 pertsona bitarteko taldeak: 62,79 € taldeko.

  • 15 pertsonatik gorako taldeak: 3,14 € pertsonako, 16 urtetik gorakoentzat, eta 2,09 € pertsonako, 6-16 urte dituztenentzat.

Eskola-umeentzako bisitak ere antolatzen dira, ARTIKUTZAKO NATUR ESKOLA programaren bidez. Bisita horietan jarduerak sartzen dira, baita Artikutzako aterpetxean geratzeko aukera ere.

Artikutzako aterpetxearen tarifak, eskolako bisitetarako

  • Egun bateko programa: 4,19 € ikasleko.

  • Bi eguneko programa (ostatua eta gosaria sartzen dira): 10,98 € ikasleko.

Informazio gehiago eska daiteke 690 720 264 telefono-zenbakira deituta edo artikutzanatura@donostia.eus helbidera idatzita.

Artikutzako aterpetxea

artikutza albergue
Irudia: Donostiako Udala

Eskola-umeentzat ez ezik, bestelako taldeei ere alokatzen zaie Artikutzako aterpetxea, osorik. 10-32 pertsonako talde bakar batek alokatu behar du. Gutxieneko egonaldia 2 gauekoa da.

Interesatua bazaude, online egin dezakezu erreserba formularioa betez, edo eskaera-orri bat aurkez dezakezu edozein udal-erregistrotan.

Artikutzako aterpetxearen tarifak

  • Asteburuko edo bi gaueko egonaldia: 175,00 €/gau

  • Hirugarren eta laugarren gauak: 148,00 €/gau

  • Bosgarren gauetik aurrera: 74,00 €/gau

Autoak aterpetxearen inguruan utziko dira, aterpetxearen erabiltzaileek autoz joateko aukera izan dezaten.

Kontuan izan maskotak eraikinaren sotoan geratuko direla, debekatua baitute aterpetxeko gainerako eremuetan sartzea.

Argibideren bat behar baduzu, 943 483 390 telefonora deitu dezakezu (astelehenetik ostiralera, 9:00etatik 14:00etara). Bestela, mezu elektroniko bat bidal dezakezu helbide honetara: ingurumena@donostia.eus

Nola iritsi Artikutzara

artikutza caballo
Irudia: Donostiako Udala

Edozein plan hautatzen duzula ere, Artikutzara nola iritsi jakin behar duzu. Oraintxe esango dizugu.

Errepidez, aukera bakarra GI-636 errepidea da, Oiartzundik (Gipuzkoa) aurrera.

Bianditzeko mendatea zeharkatu ondoren (15 bat kilometrora dago), Artikutzako sarrerara (Eskas) iritsiko gara. Aparkaleku bat dago, eta hor utzi beharko duzu autoa.

Hortik aurrera, oinez joatea izaten da ohikoena, eta sarrera librea da.

Bizikletaz ere sar daiteke, baina bide batzuetan baino ez dago baimenduta. Kontsultatu hemen non ibil daitekeen bizikletan Artikutzan.

Beste aukera bat da Artikutza auzoraino jarraitzea autoz (6 bat kilometro aurrerago dago), baina sarbide hau kontrolatuta dago eta baimena eskatu behar da aurretiaz. Donostiako Udalaren informazio-zerbitzuan (Udalinfo) edo esteka honetan eska dezakezu.

Aholkuak eta gomendioak

artikutza salamandra
Irudia: Donostiako Udala

Azkenik, Artikutzara zoazenerako aholku eta gomendio batzuk emango dizkizugu.

  • Egiaztatu ibilbideen datak eta egin erreserbak aurretiaz. Eta, bisita gidaturen bat egitekoa bazara, eraman eskudirua, eskudirutan ordaindu behar baita tarifa.

  • Komeni da jateko eta edateko zerbait eramatea, ostalaritza-zerbitzurik gabeko ingurune naturala baita.

  • Jantzi oinetako eroso eta iragazgaitzak. Lokatza izan ohi da; bereziki, toki gordeenetan.

  • Ez beldurtu eremu batzuetan mugikor-estaldurarik ez badago.

Eta ongi pasatu Artikutzan, Euskadiko naturagune berezienetariko bat baita. Euskadiko beste baso batzuen inguruko informazioa nahi baduzu, eman begiratu bat gure blog honi.

Goiburuko irudia: Donostia Turismoa