Perretxikotara joan nahi duzu Euskadin? Bada, informazio oso praktikoa emango dizugu post honetan; oso ondo etorriko zaizu Euskadin perretxiko bila joan nahi baduzu. Hemen zer perretxiko-mota ditugun, zer perretxiko jan daitezkeen, non aurki ditzakezun gehien, eta perretxiko-garaia zein den azalduko dizugu.
Ikusiko duzunez, Euskadin toki askotan aurki ditzakezu gutizia horiek. Hori bai, kontuz ibili, eta ondo aukeratu, jangarria ez denen bat etxera ez eramateko.
Zer perretxiko-mota jangarri dauden Euskadin
Badakizu zein diren Euskadiko perretxiko-mota ohikoenak?
Lehenengo, nola ez, boletus edulis, edo udazkeneko onddozuria, txapela marroi eta enbor zurikoa; kaxkabeltza, txapela granate eta enbor zurikoa; tripaku edo idi-mihia; eta onddobeltza, txapel beltz eta enbor ilunekoa.
Gainera, ezin aipatu gabe utzi udaberriko erregina, udaberriko ziza; duen testura finagatik, preziatuenetako bat (eta garestienetako bat) da.
Gutizia gastronomikoak dira, preziatu bezain urriak; beraz, bidean aurkitzen dituzun guztiak etxera eraman aurretik, gogoan izan galtzeko arriskuan daudela 70 espezie inguru eta, errespetatzen ez baditugu, galdu egingo direla azkenean. Beraz, mendian perretxiko pila bat aurkitzen baduzu ere, saiatu ez hartzen 2 kilo baino gehiago egunean.
Non aurkitu perretxikoak Euskadi
Euskadin perretxiko-paradisuak non dauden galdetuko diozu zeure buruari... Jakina, denok jakin nahi dugu hori, baina perretxiko-biltzaile benetako batek ez du sekula ematen bere leku sekretuen berri; beraz, zure paradisuaren bila hasi beharko duzu.
Baina pista batzuk emango dizkizugu. Euskadin, perretxikoak hariztietan eta pagadietan agertzen dira batik bat, baina pinuekin berritutako basoetan ere izaten dira.
Gure geografia guztia goitik behera miatu beharrik ez izateko, leku batzuk seguruak dira, baina denbora pixka bat beharko duzu: Urkiola, Gorbeia, Aia, Aralar, Izki, eta Ultzamako basoa, Nafarroan.
Perretxikoak Urkiolako Parke Naturalean
Urritxa da Urkiolako Parke Naturaleko perretxikoen erregina.
Txapel biribila eta laua du, moretik horirako koloreekin, orri zuriak, eta haragi hauskor eta zuria. Hori dela eta, Euskadiko perretxiko preziatuenetako bat da.
Perretxikoak Gorbeiako Parke Naturalean
Gorbeiako Parke Naturalean, Araba eta Bizkaia artean, pinudi eta pagadiz beterik dagoenez, boletus eta idi-mihi asko daude, -5 ºC-rainoko tenperaturak jasaten baitituzte barietate horiek.
Baina perretxiko bila atera aurretik, aholku bat: ingurua ondo ezagutzen duen norbaitekin atera; koska handi samarreko eremua da, eta maiz galtzen dira ingurua ondo ezagutzen ez dutenak.
Perretxikoak Ultzaman
Ultzaman, Iruñetik 25 kilometrora, parke mikologiko bat dago, perretxiko-klase asko dituena: esaterako, martxoko ezkoak, aereus eta edulis boletusak, etaamanita caesarea edo kuletoa, denboraldiaren amaiera markatzen duena.
Perretxikoak Aiako Harrietan
Gipuzkoako Aiako Harrien Parkea egoki-egokia da perretxiko bila joateko, zeren eta, Añarbeko urtegi inguruko pagadi eta hariztiez gain, oso inguru hezea da, Pirinioetatik eta itsasotik gertu baitago.
Perretxikoak Izkiko Parke Naturalean
Izkiko parkea, Gasteiztik 31 kilometrora, Arabako lekurik apartatuenetako bat da, eta, beraz, oso aproposa perretxiko bila joateko.
Perretxikoak Aralarren
Azkenik, Aralar, Goierri eta Tolosaldea artean, perretxiko bila joateko erreferentziazko lekua da Gipuzkoan.
Noiz joan perretxikotara
Perretxiko gehienak udazkeneko lehen euriak baino lehentxeago edo geroxeago ateratzen dira.
Goiztiarrenak urritxak izaten dira. Baso hostotsuetako perretxiko tipikoak dira, eta uda-bukaeran nahiz udazken-hasieran ateratzen dira.
Espezie gehienak euria egin eta 10-15 egunera ateratzen dira, motaren arabera. Boletusa, adibidez.
Beste batzuk, ordea, hala nola esnegorria, euria egin eta 35 eta 40 egunera agertzen dira.
Salbuespen nagusia udaberriko ziza da; udaberrian agertzen da, Arabako eta Nafarroako mendietan.
Perretxikotara joateko aholkuak
Zure txoko sekretua aurkitzen duzunean, komeni da gauza batzuk kontuan hartzea, batez ere perretxikoen mundua ondo ezagutzen ez baduzu.
Bada urrezko arau bat mikologian: ez badakizu ziur jateko ona ote den perretxiko bat, ez hartu eta, jakina, ez jan.
Eta edozein arrazoi dela medio perretxiko toxiko bat jaten baduzu, onena da zati bat hartzea eta ospitalera eramatea, han saia daitezen identifikatzen eta konponbide egokia bilatzen.
Gogoratu beti labana bat eramatea aldean eta zumezko saski bat edo zulodun ontzi bat, esporak mendian banatu daitezen; hori da perretxikoak berriz atera daitezen bermatzeko biderik onena.
Perretxikoei buruzko informazioa duten webguneak eta aplikazioak
Lagungarria izango zaizu perretxikoak identifikatzeko gida bat eramatea.
Fichas Micológicas es webgunea oso osatua da, eta mikologian hasteko oinarrizko ikastaro bat ere eskaintzen du.
Gainera, teknologiak eta smartphoneak lagunduko dizute espezieak identifikatzen eta mendi-bideetan ez galtzen. Pare bat aplikazio hautatu ditugu, zein baino zein ezagunagoak.
Identificador de setas
Doako aplikazio honek perretxikoak identifikatzeko eta bilketa-puntua geolokalizatzeko aukera emango dizu. Mundiala iruditu zaigu! Hala, ez duzu ahaztuko non aurkitu dituzun zure bitxiak. Gainera, berdin dio iOS edo Android sistema eragilea erabiltzen duzun, bi bertsioak baitaude.
Fungipedia Lite
Aplikazio honi esker, zure datu-base pribatua sor dezakezu geolokalizatutako perretxiko-lekuekin; "lite" bertsioak (doakoa) 500 espezie eta 2.000 argazki baino gehiago ditu. Deskargatu hemen iOSerako eta Androiderako bertsioak.
Orain prest zaude labana eta zumezko otarra hartu eta kuadrillarekin mendira joateko, Euskadiko perretxiko jangarri onenen bila.