Txakurrarekin itsasoaz eta hondartzaz gozatzeko gogoz? Bizkaian, urte osoan joan daiteke hondartzetara txakurrarekin, baita udan ere, baina kasu horretan ohiko bainu-ordutegitik kanpo bakarrik. Hemen aurkituko duzu Bizkaiko zein hondartzatara joan zaitezkeen txakurrarekin.
Txakurra baduzu, badakizu ez dela beti erraza berarekin joateko hareatza bat aurkitzea. Baina badira aukera polit batzuk, oso egokiak, Bizkaiko kostalde osoan banatuak, udan zein neguan bainuaz eta olatuez goza dezazuen biok.
Bizkaian joan al naiteke txakurrarekin hondartzara udan?
Euskal Autonomia Erkidegoan, erkidegoko eta udaletako legediak debekatu egiten du txakurrak hondartzetara sartzea udako denboraldian, ekainaren 1etik irailaren 30era. Baina Bizkaiko zenbait hareatzak aukera ematen dute ohiko bainu-ordutegitik kanpo txakurrak sartzeko; normalean, arratsaldeko azken ordutik hurrengo eguneko lehen ordura arte, hau da, sorospen-zerbitzurik ez dagoenean.
Hondartza horietako batzuetan, aske utz dezakezu txakurra (arraza arriskutsua denean izan ezik), eta beste batzuetan nahitaezkoa da uhala erabiltzea. Hondartza bakoitzeko kartelak kontsultatu behar dituzu, aplikatzen diren arau zehatzei buruzko informazioaz jabetzeko.
Izan ere, araudi orokorraz gain, hondartza bakoitzak bere arauak eta ordutegiak ezartzen ditu; beraz, ongi irakurri eta errespetatu beti jarraibideak (gizalegeagatik eta 1.500 eurotik 3.000 eurora bitarteko isunak jasotzeko arriskua duzulako).
Hemen aurkituko duzu Bizkaiko zein hondartzatara eraman dezakezun txakurra, udako denboraldian nahiz urte osoan.
Laidatxu eta Ondartzape hondartzak Mundakan
Laidatxu hondartza Mundakako hirigunetik oso gertu dago, Gernikako itsasadarraren irteeran, Biosferaren Erreserbaren barruan. Txikia da, eta harea fin eta urrekara du.
Zerbitzu guztiak ditu: komunak, dutxak, zakarrontziak... bai eta aparkalekua, kanpina eta txosna ere, baina, bereziki, olatu ikusgarriengatik nabarmentzen da hondartza hau. Gure blogeko beste post honetan azaldu dugun moduan, Europako ezker-olaturik onena da Mundakako olatua.
Ondartzape hondartza, berriz, Mundakako kanpoaldean —herriaren sarreran— dagoen kala polit bat da. Itsasgoran ia desagertu egiten da hareatza, baina ur gardenek bustialdi bat egitera gonbidatzen gaituzte, eta bertako ikuspegi zoragarriak opari bat dira. Herritik gertu dago, eta erraz iristen da oinez.
Mundakako bi hareatzetan txakurrak sar daitezke udan, 21:00etatik 06:00etara, eta, urriaren 13tik Aste Santua hasi arte, ordutegi-mugarik gabe.
Zure txakurra urteko edozein unetan eraman nahi baduzu, Mundakako itsasadarreko beste puntu batera joan zaitezke: Ibarrangeluko Laga eta Laida hondartzetara. Haietan, urriaren 1etik maiatzaren 31ra, ordutegi-mugarik gabe sar zaitezke.
Areatzatxu hondartza Bermeon
Areatzatxu Bermeon aurkitzen den kala txiki bat da.
Aparkalekuaren kokapenak 10 bat minutuko paseotxo bat ematera behartzen zaitu hareatzara iristeko.
Urpekaritza maite dutenak asko joaten dira hondartza horretara, baina baita txakurren maitaleak ere, udan 20:00etatik 11:00etara bertaratzeko aukera ematen baitu.
Barinatxe, Arriatara eta Atxabiribil hondartzak, Sopelan
Barinatxe hondartza da Bizkaiko hareatzarik ospetsuenetako bat da. Itsaslabarrek, duna-eremuak, olatuek eta harea finek eman diote merezitako ospea.
Hareatzaren ezkerraldean, gune nudista bat dago, non lasterketa ospetsu bat egiten baita.
Arriatara eta Atxabiribil hondartzak itsasbeheran elkartuta daude eta itsasgorarekin bananduta. Badituzte aparkalekua, dutxak, komunak eta bizikletentzako aparkalekua.
Sopelako bi (edo hiru) hondartza horietan txakurrak sar daitezke 20:00etatik 09:30era uda osoan. Eta, urteko gainerako orduetan, ordutegi-mugarik gabe.
Plentziako hondartza
Plentziako hondartza badian dago, itsasadarraren bokalaren ondoan eta hirigunetik oso gertu.
Haren itsas pasealekua gure kostaldeko ederrenetako eta jendetsuenetakoa da.
Haren ur lasaiek leku ezin hobea bihurtzen dute hondartza mota guztietako ur- eta kirol-jarduerez gozatzeko, hala nola hondartzako boleibola, buggyak, piraguismoa eta surf-hastapenak egiteko. Halaber, aire zabaleko kontzertuak egin ohi dira, eta ohikoa da kometak hegaldatzen ikustea.
Plentziako hondartzan, udan txakurrak onartzen dira, behar bezala kontrolatuta badaude, 21:00etatik 06:00etara.
Barrikako hondartza
Barrikako hondartza hareatza basatia da, itsasora irekia. Itsaslabarrez inguratua dago, eta zurezko eskailera batzuetatik iristen da bertara.
Harea eta harriak nahasten dira hondartzaren 600 metroetan, eta marea igotzearekin desagertu egiten dira.
Hondartzak badu nolabaiteko arriskua, olatuengatik eta itsasertzetik gertu dauden harkaitzengatik; hala ere, ezin hobea da olatuez eta itsasoaz gozatzeko.
Udan joan zaitezke txakurrarekin, 20:00etatik 06:00etara.
Getxoko Ereaga eta Arrigunaga hondartzak
Getxon topatuko ditugu denboraldiko bi berritasunak; izan ere, txakurrekin joateko udako ordutegia egin berria duten bi hareatza daude herri horretan: Arrigunaga eta Ereaga.
Arrigunagako hondartza Galeako itsaslabarren azpian dago. Ez da oso handia, legar-hareazkoa da eta zerbitzu guztiak ditu, baita askaldegi-eremu zabala ere.
Bandera Urdinaren aitorpena herriko beste hareatza batekin partekatzen du: Ereagarekin —hondarrezko hondartza handi bat, aldamenean itsas pasealekua eta denda- eta jatetxe-aukera zabala duena, hirigunetik gertu baitago—.
Bi hondartza hauetara txakurrarekin joan zaitezke, 20:00etatik aurrera eta 09:30ak baino lehen.
Zierbenako portuko hondartza eta La Arena hondartza, Zierbenan
Zierbenako arrantza-portuaren barruan hondartza artifizial txiki bat dago, portuko hondartza, 100 metrokoa baino ez dena eta oso ur lasai eta seguruak dituena.
Herri horretatik mugitu gabe, surflariek La Arena hondartzan amestutako olatuak aurkitzen dituzte, Bizkaiko kostaldeko alderik mendebaldekoenean.
Bi hareatzetan edozein ordutan sar zaitezke txakurrarekin, baina ez edozein egunetan: urriaren 1etik maiatzaren 31ra arte soilik.
Gorlizko hondartza
Udako denboraldian izan ezik, Gorlizko hondartza ere aukera zoragarria da nahi duzun orduan zure txakurrarekin batera itsasoaz gozatzeko.
842 metro luze da eta hirigunean bertan dago, itsas pasealeku batez inguratua. Hori dela eta, oso gune animatua da urteko edozein unetan.
Kalitate turistikoaren Q ziurtagiria lortu zuen EAEko lehenengo hondartza izan zen.
Bakioko hondartza
Bakioko hondartzara ere sar daitezke txakurrak, neguko denboraldian (kasu honetan, urriaren 1etik maiatzaren 31ra), ordutegi-mugarik gabe.
Ia kilometro bateko luzera du, itsaso zabalera begira dago eta sarritan olatu handiak izaten ditu.
Karraspio hondartza, Mendexan
Urriaren 1etik maiatzaren 31ra, beste aukera bat Mendexako Karraspio hondartza da.
Baditu aparkalekua, dutxak, paperontziak... Itsasbeheran, Garraitz edo San Nikolas uhartera joan daiteke.
Isuntza hondartza, Lekeition
Isuntza hondartza, Lekeition, hiri-hondartza bat da, hondar fin eta urrekara duena. Portuko moilarekin egiten du muga, eta haren eskuinetara Lea ibaia itsasoratzen da.
Urriaren 1etik apirilaren amaierara, txakurrekin joateko aukera ematen du.
Ogellako hondartza (Ispaster)
Zure txakurrarekin urriaren hasieratik apirilaren 30era hurbiltzeko beste aukera bat: Ispasterreko hondartza basati, lasai eta ez-jendetsu bat.
Hain zuzen, Ogellako hondartza. Oso hareatza berezia da, eta urtero aldatzen da itxuraz korronteen, mareen edo klimaren arabera.
Oriñón hondartza, Castro Urdialesen
Bizkaitik gertu amaituko dugu zerrenda hau. Hain zuzen, zure lagun leialarekin urte osoan zehar joan zaitezkeen gune bat duen hondartza batean: Oriñón hondartza, Kantabriako ekialdeko kostaldean, Castro Urdialesen.
Hondartza handia da, 1.300 bat metro luze eta 100 bat metro zabal, mendi artean eta Agüera itsasadarraren bokalean kokatua. Gainera, oso hareatza erosoa da, aparkaleku zabala baitu.
Zer iruditu zaizu Bizkaian txakurrekin joateko moduko gure hondartza-bilduma? Ikusten duzunez, haiek ere goza dezakete hareaz eta olatuez, nola neguan hala udan.