Aho zabalik geratuko zara aurten Euskal Encounterrekin. Hilaren 22tik 25era bitartean, Estatuko informazio-teknologien eta bideo-jokoen inguruko profesional eta zaleen topagune handienaz gozatzeko aukera izango duzu, giro benetan bakan eta oso berezian. Jakin nahi duzu zergatik?
Lehenik eta behin, HEGAN egingo dugulako Interneten barrena. Zuntz Optikoko gure sareari esker, parte-hartzaile guztiok Euskal Encounterreko 40 GB simetriko izango ditugu ziztu bizian ibili ahal izateko Interneten. Gure Encounter Estatuko partyrik azkarrena eta Europako azkarrenetako bat izango da aurten ere.
Eta giroa aparta izango da, noski. Aurten, iaz baino ia bostehun ordenagailu gehiago prestatu ditugu. Hala ere, ez dira nahiko izango, ziur asko, 5.028 postuetatik 4.000 ziztu bizian banatu baitziren: 5,8 segundotan bakarrik! Sinesgaitza, ezta?
Baina lasai, ez dugu batere leku-arazorik izango, ezta gutxiagorik ere. 15.000 m2 gehiago erreserbatu ditugu Barakaldoko BECen, eta iazko 35.000 metrotatik 50.600 m2-ra pasatu gara aurten: pentsa, San Mameseko zelaia halako zazpi!
Aurten ez gara, ez, txikikeriatan ibili. Badakizu zergatik?
25. urteurrena betetzen dugulako aurten. Bai, 25 urte azken teknologiak probatzen, eta programazio, diseinu eta hardwareaz ikasten nabigazio-abiadura supersonikoan! Bideo-jokoen eta kirol elektronikoen inguruko ekitaldirik berritzaileenak eta byteek eskain dezaketen dibertsio guzti-guztia. Aurten, gainera, bi nobedade itzel ditugu: batetik, auto elektrikoen lehiaketa bat, non Euskal Encounterreko ehun parte-hartzailek, hamar taldetan banatuta, ibilgailu bat diseinatu eta eraiki behar baitute eta elkarren artean lehiatu, erresistentzia-lasterketa batean. Energia berarekin urrutien heltzen denak irabaziko du.
Eta, bestetik, drone-eremu bat izango dugu, hainbat ekitaldi eskainiko dituena: hegaldi profesionala, segurtasunari buruzko hitzaldiak eta... lasterketak!! Bai, bai, 3.200 m2-ko hegaldi-eremu bat prestatu dugu, eta final mundiala ikusiko dugu bertan: 15 pilotuk beren droneak gidatuko dituzte ziztu bizian 13 ate, 13 bandera eta 200 markagailutan barrena.
Ikusten duzunez, aurtengo Encounterrek ez du zerikusi handirik 1994an Urretxuko frontoian antolatu genuen Euskal Amiga Party harekin: 25 ordenagailu eta 36 parte-hartzaile izan genituen orduan! Ezta Legazpin egin genuen bigarren edizioarekin ere: Urretxukoa bukatu eta lau hilabetera izan zen, azken belaunaldiko 80 ordenagailurekin eta 200 parte-hartzailerekinJ. Azken hogeita bost urteotan, frontoi batean eta kiroldegi batean antolatutako lagun arteko party batetik 8.000 lagun eta ehunka jarduera ireki hartzen dituen Encounter erraldoi bat antolatzera igaro gara.
Bai, jardunaldi irekiak eta doakoak. Horixe da gure OpenGunea: robotika, errealitate birtual eta 3Dko inprimaketako jardueraz beteriko espazio berezi-berezi bat. A, eta ez huts egin zinema esferikoa: 360o-ko irudi benetan ikusgarriak proiektatuko dira han!
Ikusi gabe geldituko zara? Gogoan izan OpenGunera sartzea libre eta doakoa dela. Eta oso urruti bazaude edo ezin baduzu etorri eta Encounter zuzenean bizi, ez kezkatu: streaming bidez emango dugu ekitaldia, den-denaz gozatzeko aukera izan dezazun.
Ez dira asko hainbeste ekitaldi eta doan eskaintzen dituztenak. Aprobetxatu aukera eta ospatu gurekin Euskal Encounterren 25. urteurrena. Zain gauzkazu!