Paraje zoragarri asko ditugu Euskadin, ezagutu beharrekoak. Horietako bat dira Baltzolako Kobak, horma malkartsu eta labirinto-itxurako galeriek osatutako haitzuloa. Isiltasuna da han nagusi. Baltzolako koba ezagunetan zer ikusi eta hara nola iritsi azalduko dizugu, eta inguru hartako kondairak ere kontatuko dizkizugu.
Baltzolako kobak Diman daude, Bizkaiko Arratia haranaren erdian, itsas mailatik 400 bat metrora.
Milaka urtean sortu dira, arroken higadurari esker, eta aparteko inguru geologiko eta naturalez inguratuta daude. Beraz, ez da harritzekoa Urkiolako Parke Naturaleko txoko bisitatuenetako bat izatea.
Itxita egon ziren pare bat urtez, 2021eko maiatzetik 2023ko ekainera, zenbait bisitariri eragin zien Q sukarraren agerraldi baten osteko arreta-neurri gisa. Gaur egun irekita daude berriz, gaitzaren arriskua desagerrarazita. Goazen, beraz, Baltzolara.
Zer ikusi Baltzolako kobetan

Baltzolako kobak tamaina handiko eremu natural bat dira, eta hiru sarbide dituzte (Erdikoate, Gibiltar eta Baltzolako Atea). Horien barruan lurpeko galeria aktibo eta fosilizatuen benetako labirinto bat dago.
Sarrera bera ikusgarria da, Ateak 25 metroko altuera baitu.
Barruan, ur- eta arroka-ikuskizun natural paregabea dago, eta isiltasun erabatekoa, hunkigarria. Estalaktita eta estalagmita klasikoak ikusteaz gain, gune hau etxetzat duten ahuntz-talde txikiekin eta haitzuloaren horma zailetan gora ausartzen diren eskalatzaileekin ere gurutzatu zaitezke; izan ere, nazioarteko probak ere egin izan dira kobazulo hauetan. Espeleologoentzat ere paradisua dira haren solairuak, galeriak eta txokoak.
Atondoaren erdigunea harrizko blokez osatutako kaos handi batek betetzen du, eta 10 metro inguruko desnibelean zehar galeria nagusiraino eramaten gaitu —, kilometro eta erdi baino gehiago neurtzen du galeria horrek—. Hasieran "Korralea” dago, aztarnategi arkeologikoaren zati nagusia. Alboetan, berriz, kobazulo txikiak, ilunpeko abenturetarako gonbidapena eginez. Galeria horren gainean, hobiak dituen erlaitz bat dago.
Goian, haitzuloaren goiko aldean, bi informazio-panel ikusiko dituzu, Bizkaiko txoko magiko honen historia kontatzen dizutenak. Elezaharrik ere ez da falta!
Baltzolako Kobaren elezaharra

Elezaharrak dio Baltzolako kobak azpimundutik iritsitako izaki beldurgarrien bizileku direla, hala nola Sugaar edo Sugoi sugearena.
Sugoiren emazteari ere lotzen zaio, Mari gure jainkosari alegia, zeinak bi seme baititu: Atarrabi (zintzoa) eta Mikelats (gaiztoa).
Elezaharrak dioenez, inguru hartako bi anaiak topo egin zuten egun batean Sugoirekin; haietako batek buztana moztu zion, eta bestea errukitu egin zen. Handik denbora batera, patu desberdina izan zuten biek: lehena lotu eta leize bihurtu zuten; bigarrenak eskukada on bat urre jaso zuen.
Halaber, elezaharrak dio jentilek, euskal erraldoi mitikoek, Jentilzubiko zubia (hortik datorkio izena) erabiltzen zutela mendia zeharkatzeko.
Nolanahi ere, kondaira eta elezaharretatik harago, inguru guztia leku natural magikoa da, eta ez du inor epel uzten.
Zer ikusi Baltzolako koben inguruan: Jentilzubi arkua eta Axlor aztarnategia
Kobazuloetara iristeko (Indusitik) Baltzolako kobazuloen inguruko toki ikusgarrienetako bat zeharkatu behar duzu: Jentilen zubia edo Jentilzubi.
Jentilak euskal mitologiako pertsonaiarik mitikoenetako batzuk dira: sekulako indarra eta itxura basatia zuten erraldoi pagano haiek.
Uste da arku natural hori haitzuloen antzinako galeria baterako sarrera zela, baina gaur egun ez da hala.
Jentilzubiren babespean dago Axlor, historiaurreko aztarnategi bat. 1967 eta 1974 artean induskatu zen, eta argi erakutsi du neandertalak bizi zirela han duela 50.000 urte baino gehiago.
Gune arkeologiko hori Jose Migel Barandiaranek aurkitu zuen 1932an, eta Bizkaiko zaharrenetako bat da.
Baltzolako Kobara iristeko bidea

Baltzolako kobetara iristeko, ibilbide txiki bat egin behar duzu; bi aukera dituzu:
-
Dimako San Lorentzo ermitatik joan zaitezke (Baltzola ingurua)
-
Edo Dimako San Frantzisko ermitatik (Indusi ingurua)
Bi kasuetan, egokitutako aparkalekuak dituzu hasieran, eta handik 30 bat minutuan iritsiko zara Baltzolako kobetara, bi bide eroso eta zailtasun gutxikoetan barrena.
Prestatuta joan, hori bai: hartu oinetako egokiak, linterna, eta jaka on bat, barruan hotz egiten du eta. Gainera, kobazuloaren barrutik ibai bat igarotzen da; beraz, kontuz irristatu gabe.
Aipatuko bi ibilbideak Dimatik hasten dira, han daude eta Baltzolako kobak. Autoz zein garraio publikoan irits zaitezke hara Bilbotik, Donostiatik zein Gasteiztik.
Nola joan Baltzolako kobetara Bilbotik
Bilbotik bazatoz, nahiko erraza da Baltzolako kobetara iristea.
Autoz, AP-8a har dezakezu Donostiarako edo Gasteizerako noranzkoan, eta 101. irteeran irten, N-240 errepidera. Galdakaora eramango zaitu. Handik, N-240 errepidetik jarraitu, Dimara iritsi arte, eta han aurkituko dituzu Baltzola auzorako jarraibideak.
Garraio publikoa nahiago baduzu, Termibusetik Otxandio edo Artea aldera doan A3927 (Bizkaibus) autobusa har dezakezu, eta Diman jaitsi. Ordubete inguru beharko duzu ibilbidea egiteko.
Nola joan Baltzolako kobetara Donostiatik
Donostiatik abiatzen bazara, autoan ordu eta laurden inguruko bidaia daukazu. Hartu AP-8a Bilborako noranzkoan, eta N-240 errepidera iristean, Galdakaorantz jo eta Dimaraino jarraitu. Behin Diman, Baltzola auzora daramaten jarraibideei segitu besterik ez duzu egin behar.
Garraio publikoa nahiago baduzu, lehenik eta behin Donostiako autobus-geltokitik Bilbora doan autobusa hartu beharko duzu. Behin Bilbora iritsita, lehen aipatutako prozesu bera egin: Termibusen A3927 autobusa hartu Dimaraino, eta, ondoren, haitzuloetara oinez joan.
Nola joan Baltzolako kobetara Gasteiztik
Gasteiztik ere erraza da haitzuloetara iristea.
Autoz, N-240 errepidea har dezakezu, Bilborako noranzkoan. Jarraitu errepide horretatik Dimara iritsi arte, eta handik Baltzola auzorako bidea hartu.
Garraio publikoa nahiago baduzu, autobusa hartu beharko duzu Gasteizko geltokitik Bilboraino, eta, behin Bilbora iritsita, Termibusetik abiatuta eman ditugun garraio publikoko jarraibideei segitu. Guztira, bi ordu eta erdi inguruko bidaia izango da, Bilboko autobus-aldaketa eta haitzuloetarako ibilaldia kontuan hartuta.
Ikusgarriak dira Baltzolako Kobak. Dagoeneko hasi zara pentsatzen noiz joango zaren, ezta?
Goiburuko irudia: Arratiako Mankomunitatea.