Lekeitioko 2026ko jaiak, sanantolinak, irailaren 1etik 8ra ospatzen dira. Eta Antzar Eguna izango da herriko festetako egun seinalatua, irailaren 5ean, larunbata. Post honetan, informazio gehiago emango dizugu Lekeitioko 2026ko jaietako programari buruz, eta hiru mende baino gehiagoko historia duen tradizio bitxi hau azalduko dizugu.
Antzar Eguna da Lekeitioko sanantolinetako hitzordu jendetsuena, baita Euskadiko ikuskizunik ezagunenetako bat ere.
Lekeitioko 2026ko jaietako egitaraua

San Antolinen omenezko jaietan, musikaz, tradizioz, giro ederrez eta dibertimenduz betetzen dira Lekeitioko kaleak irailaren 1etik 8ra bitartean.
Lekeitioko 2026ko jaiak irailaren 1ean hasiko dira (asteartea), kuadrillek herriko plazaraino egiten duten ohiko mozorro-jaitsierarekin. 20:00etan, txupinazoa eta Anteroren jaitsiera izango dira.
Irailaren 2a San Antolin eguna da, 2026an jaieguna Lekeition. Meza, jolas tradizionalak eta txapel-jaurtiketa izaten dira. Bertsolariak eta zezensuzkoa ere ez dira faltako. Eguna amaitzeko, berbena eta su-festak izango dira.
Hilaren 3an, gastronomia izango da protagonista: produktu-dastatzeak eta lehiaketak izango dira. Hilaren 4a Antzar Egunaren bezpera da. Irailaren 5ean, Lekeitioko 2026ko jaien egitarauko une handia iritsiko da: Antzar Eguna.
Lekeitioko sanantolinak irailaren 8an amaituko dira, Antiguako Andre Mariaren egunean.
Lekeitioko Udalak argitaratu du Lekeitioko 2026ko jaien eta Antzar Egunaren egitaraua. Hemen kontatuko dizugu; deskargatu ere egin dezakezu, beti eskura izateko.
2026ko irailaren 1a, asteartea, San Antolin bezpera - Jaitsieraren eguna
-
12:00. Erraldoi eta buruhandiak.
-
19:15. XXXIX. Kuadrillen jaitsiera.
-
20:00. Anteroren jaitsiera. Plaza: Albina Stardust & Divina Comedia.
-
22:30. Plaza: zezensuzkoa.
-
23:00-02:00. Eskolapean: DJ Mikeltxi.
-
23:30. Plaza: Zirkinik Bezen erromeria.
2026ko irailaren 2a, asteazkena, San Antolin eguna - Alkandora Zurien eguna
-
09:00. Kalejira soinujoleekin.
-
11:00. XXV. tiragoma-txapelketa limoiondoetan.
-
11:15 Agintarien prozesioa.
-
11:30. Meza nagusia.
-
18:00. Uribarren kalea: XVI. txapel-jaurtiketa.
-
19:30. "Xenki" eta "Murgi"-ri omenaldia.
-
20:00. Arranegin, balkoitik balkoira, bertsolariak.
-
21:30. Plaza: Puro Relajoren kontzertua.
-
23:00. Su-festa. Ondoren, zezensuzkoa.
-
23:30. Plaza: Gozategiren kontzertua.
2026ko irailaren 3a, osteguna, Kamiseta Eguna (kuadrillarena, aldarrikatzailea...)
-
10:00etatik aurrera. XXX. paella-lehiaketa.
-
11:00-14:00. Plaza: haurrentzako eta horren haurrak ez direnentzako tailerrak.
-
11:30. Abadeen moila: kuadrilla-lasterketak.
-
13:30. Plazan: paellen aurkezpena eta sari-banaketa.
-
15:00. Herri-bazkaria: paella-eguna.
-
19:30. Elektrotxufla elektrotxaranga.
-
22:00. Plaza: Marte Lasarteren kontzertua.
-
23:30. Plaza: Zea Maysen kontzertua.
2026ko irailaren 4a, ostirala, Antzar Egunaren bezpera
-
10:00-13:00. Kultur etxeko Azkue aretoan: Antzara-jokoan parte hartzeko izen-ematea.
-
18:00. San Pedro kofradiaren parean: altuera-jauziko XXX. San Antolin txapelketa.
-
19:30. Santi Brouard frontoian: VII. Caixabank Esku Pilota Masterra.
-
20:30. San Pedro Kofradiatik plazara: San Antolin jaietako IV. Correfoca.
-
21:30. Plaza: Saji taldearen kontzertua.
-
23:00. Plaza: Neomaken kontzertua.
2026ko irailaren 5a, larunbata, Antzar Eguna
-
10:00. Kalejira Txirrist txarangarekin.
-
11:00. Erraldoi eta buruhandiak.
-
11:45. Kalejira kioskoraino Itxaropena txistulari-bandarekin eta Antzar Batzordearekin.
-
12:00-15:00 eta 16:00-20:00. Juan Bautista Eguzkitza plaza eta plaza gorria: haur-parkea.
-
12:00. Zozketa plazan, antzara-jokoan parte hartuko duten ontziei zenbakiak banatzeko.
-
13:00. Eskolapea: Txistularien Alardea.
-
16:00. Portuan: Antzara-jokoa. Ondoren, nasapuntakoa.
-
17:15: Santi Brouard frontoian: VII. Caixabank Esku Pilota Masterra.
-
19:00. Plaza: Txapelpunk taldearen kontzertua.
-
20:30. Plaza: Oxabiren erromeria.
-
00:00. Plaza: DJ Jaikideren kontzertua.
2026ko irailaren 6a, igandea, Umeen Eguna
-
11:00-14:00. Plaza: tirolina, rokodromoa eta kartak.
-
12:00. Abadeen moila: haurrentzako nasapuntakoa.
-
16:30. Zapaterito pilotalekuan: XXXV. “Zapaterito" pilota-txapelketaren finalak.
-
18:00. Plaza: Potx eta Lotx pailazoen “Lagunekin topa” ikuskizuna.
-
20:00. Limoiondoak: Antzara-jokoaren eta helduen nasapuntakoaren sari-banaketa.
2026ko irailaren 7a, astelehena, Kuadrillen Eguna
-
19:00. Erraldoi eta Buruhandiak.
-
20:00. Isidro Salinas plaza (Ikusgarri zinemaren parean): “Imserso jantzita” kantu-jira.
2026ko irailaren 8a, asteartea, Antiguako Andre Mariaren eguna
-
09:00. Kalejira Itxaropena txistulari-bandarekin.
-
11:30. Meza, haur eta aitona-amonen omenez.
-
14:30. Jubilatuen jatetxea: Lekeitioko adinekoen bazkaria.
-
21:30. Zezensuzkoa. Ondoren, Anteroren ezkutatzea, jaiei agur esateko. Gero, Koittadua eta kalejira, Aittitta Makurra txarangak alaituta.
Antzara Eguna Lekeition
Irailaren 5ean, larunbata, 16:00ak aldera ospatuko da Lekeitioko Antzar Eguna. Antzar Egunean tiratzaileek itsasora jotzen dute mahonezko alkandora urdinak eta zapi koadrodunak soinean dituztela, antzinako euskal itsas gizon-emakumeek bezala.
Hauxe da Antzar Eguneko lehiaketaren dinamika:
Itsasadarra alderik alde zeharkatzen duen unama bat ipintzen da, erdian plastikozko antzara bat hanketatik zintzilika duela.
Unamak, beraz, bi mutur ditu. Bata finko eutsita egoten da. Bestean, berriz, zutoin baten goiko aldetik pasatzen da unama, eta tiratzaileek askatu eta tenkatu egiten dute, uretatik ateratzeko, parte-hartzaileek antzarari heltzen dioten heinean.
Parte-hartzaileak antzara dagoen tokira hurbiltzen dira, eta taldeko kide batek lepotik heltzen dio, ahalik eta indar handienarekin.
Antzara askatu gabe jasoaldi gehien lortzen dituenak eta antzararekin geratzen den taldeak irabazten du.
Antzara Eguneko tradizioa
Antzara-jokoan oinarrituriko jai tradizional bat da Antzara Eguna.
Jai-ospakizunetan animalia-jokoak egitea usadio oso errotua da makina bat tokitan, izan lehorrean, izan itsasoan. Eta halaxe da Lekeition bertan ere.
Jatorrian, marinelek baino ez zuten parte hartzen, eta zorrotz ezartzen zen itsasontzien abiadura. Lehia hain zen estua, ezen arraunean joan behar izaten baitzuten uharteraino berdinketa hausteko, eta hala zehazten zuten nor zen irabazlea.
Gaur egun, itsasoan egiten jarraitzen dute —Lekeitioko portuan, zehazki—, eta jokalariak txalupen gainean joaten dira jada unamatik zintzilik dagoen antzarari heltzera.
Tradizionalki, Lea ibaian jarduten zuten txalupak erabiltzen ziren.
Txalupetan tokia lortzeko eskari oso handia izaten zen, eta, horrenbestez, aurrez zozketatzen dira, 12:00etan, taldeka antolatutako parte-hartzaileen artean. Gaur egun, herriko kuadrilla askok apropos prestaturiko beren ontziekin hartzen dute parte.
Antzara Egunaren jatorria Lekeition

Irudia: Lekeitioko Udala
Antzara-jokoak badu gutxienez hiru mende eta erdi pasatxoko tradizioa, eta, are gehiago, erritu primitiboetan du jatorria.
Denbora batez, inauterietan egiten zuten Lekeition, bai eta Andre Maria eta San Roke jaietan ere, abuztuan.
Azken data horretakoa da, hain justu, herriko artxiboetan topaturiko lehenbiziko lekukotza dokumentatua: 1631koa, hain zuzen, eta ospakizunetarako antzarak erosteko gastuak jasotzen ditu.
Era berean, badira Lekeition antzara-jokoan aritzeari buruzko beste erreferentzia batzuk ere, hala nola gotzainak 1722an udalerrira egindako bisita bat.
1740. urte inguruan herriko zaindaria aldatu zutenean eraman zuten jaia irailera: hau da, San Roke egunetik San Antolin egunera.
Lekeitioko Antzara Egunaren bilakaera
Lekeitiok gordetzen du tradizioren muina, baina, urteen poderioz, zenbait aldaketa egin dizkiote jaiari.
2022az geroztik, Antzartek izeneko antzara artifizialak baino ez dituzte erabiltzen. Plastikozkoak dira, bi piezaz osatuak —gorputza eta lepoa—, eta Zamudioko Gaiker zentro teknologikoan egiten dituzte.
Tradizioari eutsiz baina gure egunetara egokiturik, Antzara Egunak egundoko arrakasta du. Ezinbesteko hitzordua da 2026ko Lekeitioko San Antolin jaietarako.
Goiburuko irudia: Lekeitioko Udala
