Aurten ere lagundu egingo dugu Zinegoak antolatzen. Dagoeneko nazioarteko erreferentzia bihurtua da jaialdi hori LGBT zinemaren eta arte eszenikoen alorretan.
Aurten, gainera, asmo are handiagoz beterik dator Zinegoak. Lehenbiziko berri ona, hauxe: aurrekoetan bi aldiz gehiago iraungo du jaialdiak (bi aste). Denbora gehiago, beraz, hau guztia ikusteko: fikziozko 20 film labur, 20 dokumental luze, 60 film labur, zazpi jarduera eszeniko eta programako "masterclass" guztiak.
Lehenbiziko astean, dokumentalak eta zinema esperimentala izango dira nagusi; egoitzak, berriz, Bilborock eta Bilbao Arte Fundazioaren Art House Zinema aretoak. Bigarren astean, berriz, fikzioa izango da protagonista; egoitzak, berriz, Golem Alhóndiga eta Bilborock zinema-aretoak. Bilbon bizi ez zaretenok ere izango duzue jaialdiko filmak ikusteko aukera. Zinegoak Hedapena programak EAEko eta Nafarroako 30 bat herritara eramango ditu jaialdiko lanetako asko; besteak beste, Donostia, Hondarribia, Hernani, Barakaldo, Bermeo, Durango, Aiara, Laudio, Aramaio, Iruñea eta Tuterara.
Joao Pedro Rodrigues, Zinegoak festibalaren Ohorezko Saria
Ezi8n aipatu gabe utzi, bestalde, jaialdiaren sariak, txit ospetsuak. Aurten, Joao Pedro Rodrigues zinemagile portugaldarrarentzat izango da ohorezko saria, zeina inaugurazio-galan emango dioten. Veneziako eta Berlingo nazioarteko jaialdietan ere jaso izan dute saririk zuzendari horren lanek, ezin probokatzaileagoak guztiak ere.
Sari berezia, berriz, Queer Kampalak jasoko du, hau da, homosexualitatea debekatuta dagoen herrialde batean egiten den LGTB zinema-jaialdi bakarrak. Jaialdi horren zuzendaria Bilbon izango denez, Queer África zikloa antolatu du Zinegoakek. Otsailaren 21etik 24ra egingo da zikloa. Saio berezi horretako film labur eta luzeen bitartez ikusiko ditugun istorioetako heroiek gogoraraziko digutenez, maitatzea ez da delitu, nahiz eta kontinente horretan estatu asko kriminalizatu egiten duten sexu- eta genero-aniztasuna.
3, 2, 1... ZINEGOAK!
Jaialdia noiz hasiko irrikaz bazabiltza, zorteko zaude. Aperitibo moduko bat prestatu dizute antolatzaileek: 3, 2, 1... ZINEGOAK! Jaialdiaren aurreko asterako zenbait jarduera ditu ekitaldi horrek; besteak beste, omenaldia Susan Sontagi, Guggenheim Museoan, otsailaren 15ean; Txus Garcíaren poema-emanaldia eta Alicia Ramos abeslariaren kantaldia (otsailaren 18an, Bilborocken; sarrera, doan). Tentagarria, ezta?
Zinegoak-erako txartelik ez badaukazu oraindik eta Euskaltelen bezero bazara, gogoan izan: gure sarrera-zozketan parte har dezakezu, otsailaren 19a baino lehen! Ea guri adina gustatzen zaizun jaialdia... ;)