Imajinatu leku bat 30 atrakzio inguru, bost kontinenteetako 1.000 animalia baino gehiago eta zuzeneko ikuskizun eta showak dituena. Ba bai, leku hori existitzen da, eta, gainera, bertatik bertara daukagu. Sendaviva Iberiar penintsulako parke tematiko handiena da eta Arguedasen dago, Nafarroan. Ordutegiak, prezioak eta atrakzio nagusiak zein diren kontatuko dizugu hemen.

Sendaviva aisialdiaren, abenturaren eta ikaskuntzaren paradisua da. Denetarik dago: espezie exotikoak, zorabiatzeko moduko atrakzioak, klasikoak (zirkua eta altxorraren bilaketa, esaterako) eta uretako hamaika jarduera. Labur esanda, natura-parke bikaina da deskonektatzeko edota adrenalina askatzeko.

Zer dago Sendavivan?

sendaviva tirolina
Irudia: Nafarroako Gobernuko Turismoa

Parkeak hartzen dituen 120 hektareatan familia osoarentzako entretenimendua dago. Txikiak eta ez hain txikiak, ausartak eta lasaiak... denek aurkituko dute beren gustuko plana Sendavivan.

Adibidez, hasteko, 650 metroko tirolina handi bat. Atrakzio ospetsuenetako bat da, baina gero eta zale gehiago dituzten beste asko ere baditu.

Adibidez, Bobsleigh, La caída libre edo Tubing izenekoak. Hirurak ere ez oso egokiak bertigoa dutenentzat.

Ausartentzat badira, halaber, kart-lasterketak Formula Vivan; mini erorketa aske bat La Batida atrakzioan; urre- bilaketa Río de los Diamantes-n, eta gure sinesmenetan eta kulturetan oinarritutako istorioak entzuteko aukera, El secreto de la montañan.

Txikienen gogokoenen zerrendan, goi-goian daude Sillas voladoras, La mansión encantada eta Los cangrejos atrakzioak.

Zuzeneko ikuskizunak dira Sendaviva parkearen beste erakargarri nagusietako bat. Zirkua dago, karpa erraldoi eta guzti, altxorraren bilaketa, txotxongiloak eta animazioa pertsonaia eta mozorro ugarirekin (tenplarioak, gortesauak, bufoiak...).

Eta hegazti harraparien hegaldi-erakusketak ee begirada asko erakartzen ditu, Europako onenetako bat baita.

Sendavivako uretako atrakzioak

Uretako atrakzioak dira Sendavivara jende gehien ekartzen dutenak, batez ere udan.

Batzuk 800 ur-zurrusta baino gehiagoren artean uretako labirintoaren irteera bilatzen saiatzen diren bitartean, beste batzuk punteria praktikatzen dute ur-pistolekin.

Uretako beste atrakzio ezagunenetako bat Show del agua izenekoa da; ur-, argi-, soinu- eta musika-ikuskizun freskagarria.

Eta, jakina, ezin ditugu ahaztu Bumpers atrakzioan egiten diren uretako lasterketa mitikoak.

Sendavivako animaliak

Gustuko dituzu animaliak? Sendavivan tigre zuriak, ostrukak eta lehoiak ikusteko aukera izango duzu, baita animalietan espezializatutako zortzi ibilbide tematikoz gozatzeko aukera ere: Exotikoen bidea , Harraparien bidea , Abeltzaintzaren bidea , Argazki-safariaren bidea , Hegaztien bidea , Belarjaleen bidea , Hegaztien gunea eta Exotikoen plaza.

Beraz, Sendavivan sabanatik edo oihanetatik iritsitako espezieak aurkitu ditzakezu; era guztietako hegaztiak, hilgarrienetatik txikienetara; baita Euskal Herriko espezieak ere, hala nola betizu maitea edo Aurizko zaldia.

Aukeratu zure gogokoena eta prestatu Sendavivako animalien munduko sekretu harrigarriez gozatzeko.

Sendavivako “plan moloiak”

Sendavivak “Planes molones” izeneko atal berezi bat ere badu.

Zer plan dira? Bada, denetik dago, zure gogokoena aukeratu dezazun.

Sukaldarientzat, Chef junior izenekoa, txikiek sukaldaritzako teknikak ikasi eta plater gozoak presta ditzaten, “Sendaviva erara”. Jarduerak 20 minutu inguru irauten du.

Beste aukera bat “Pequeños científicos” izenekoa da. Zientziaren misterioak deskubrituko dituzte 60 minutuz zientzialari zoro oso berezi baten laguntzaz.

Animaliazaleek izugarri gozatzen dute “Encuentro con lemures” (45 minutuz egongo zara haiekin) eta“Animales de cuidado” aukerekin. Azken horretan, aukera izango duzu denbora-tarte bat egiteko parkea zaintzen duten pertsonekin garo ikusteko nola zaintzen dituzten bertako animalia txikienak.

Sendavivako plan moloien artean, Experiencia Zookeeper delakoak du ukiturik exotikoena. Eman ahi diezu jaten walabiei, zebrei eta surikatei? Ezagutu nahi dituzu hurbilagotik?

Plan moloi horietan guztietan, 12 urtetik beherako haurrek adin nagusiko pertsona batekin egon behar dute.

Orain badakizu zer aurki dezakezun parke tematiko handi honetan; beraz, alderdirik praktikoenaz hitz egingo dizugu orain: nola iritsi, non aparkatu, ordutegiak eta prezioak... eta Sendaviva parkera egingo duzun bisitarako informazio erabilgarri gehiago ere emango dizugu.

Non dago Sendaviva?

sendaviva plano
Irudia: Iruñeko Udalaren Turismoa

Sendaviva aisialdi-parkea Nafarroa hegoaldean dago, Iruñetik 80 bat kilometrora eta Donostiatik 174ra.

Ingurune natural ikusgarri batean dago, Biosferaren Erreserba den Errege Bardeak Parke Naturalaren ondoan.

Parkea oso ondo seinaleztatuta eta komunikatuta dago; beraz, ez dago galtzerik, eta bertara autoz joatea da ohikoena.

Aparkalekua Sendavivan

Sendavivak doako aparkaleku handi bat du parkearen sarreran.

Nahiago baduzu, leku bat erreserbatu dezakezu ordainpeko aparkalekuan, itzalpean eta sarrera nagusitik metro gutxira. 9 € balio du eguneko.

Autokarabanan bazoaz, haientzat soilik egokitutako 22 leku dituzu, eta haiek alokatzeak 5 € balio du eguneko.

Bestalde, motxila parkearen sarreran eta informazio-gune guztietan ikusiko dituzun armairuetan utz dezakezu.

Sendavivaren datak eta ordutegia

Sendaviva aisialdi-parkea martxotik azarora dago zabalik (bi hilabete horiek barne).

Ohiko ordutegia 11:00etatik 20:00etara da.

Baina, udan, uztailaren 3tik irailaren 1era, pixka bat aldatzen da, eta 12:00etatik 21:00etara egoten da zabalik.

Sendavivako sarreraren prezioak

Sendavivako sarrera orokorraren prezioa (12 eta 64 urte bitarteko guztiei dagokiena) 31 € da eguneko eta pertsonako, baina pixka bat aldatzen da urtaroaren arabera: behe-denboraldian, 28 €-ra jaisten da, eta goi-denboraldian, berriz, 35 € ordaindu beharko dituzu.

Sendavivarako sarrera sendaviva.com webgunearen edo aplikazioaren bitartez eros dezakezu, edo, bestela, han bertan, leihatilan.

Baina, online edo aldez aurretik erosiz gero, deskonturen bat lortuko duzu ziur aski: gutxienez 30 egun lehenago erosiz gero, 8 €-ko deskontua izango duzu; 29-8 egun lehenago erosiz gero, 6 €-ko deskontua; eta 7 eta 1 egun lehenago erosiz gero, 3 €-koa.

Prezio bereziak daude orobat taldeentzat (20 pertsonatik gora), 12 urtetik beherako txikientzat, 65 urtetik gorakoentzat, erretiratuentzat, desgaitasunen bat duten pertsonentzat, familia ugarientzat eta guraso bakarreko familientzat.

Bonuak eta egun erdirako sarrerak (16:00etatik aurrera sartuta) ere eros ditzakezu; baita beste egun baterako sarrera eskuratu ere merkeago, edo oraindik zehazteke daukazun egun baterako sarrera bat erosi.

Aukera asko direnez, onena duzu informazio guztia eta baldintzak ondo irakurtzea sendaviva.com webgunean. Eta, bide batez, hor bertan eros ditzakezu sarrerak :)

Sarrerak esparru orokorreko ateak irekiko dizkizu, baina badira kostu gehigarria duten jarduera batzuk, hala nola “Planes molones” atalekoak.

Sendavivako “Plan moloien” prezioak:

  • Chef Junior: 13,90 € eguneko, bai webgunean, bai leihatilan eta aplikazioan.

  • Pequeños científicos. Prezioa aldatu egiten da zure sarrera erosteko moduaren arabera: 9 € leihatilan, 6 € webgunearen bidez eta 8 € aplikazioaren bidez.

  • Encuentro con lémures, Animales de cuidado eta Experiencia Zookeeper. 12 € leihatilan, 9 € webgunean eta 11 € aplikazioaren bidez.

Sendavivan jatea

Hainbeste abenturarekin, oso litekeena da gosea egitea.

Ez dago arazorik. Jateko zazpi gune dituzu aukeran. Kartako menua, sandwichak, hanburgesak, entsaladak eta beste zenbait mokadu aukeratu ditzakezu han.

Menu osoak 21,90 € balio du, eta haurrentzako menuak 16,90 €.

Sendavivan ostatu hartzea

Sendaviva abenturan bete-betean murgildu nahi duzu?

Orduan, parkean ostatu hartzea gomendatzen dizugu.

Sendavivak landetxe tematizatu bat du haurrentzat. Familia bakarreko 19 logela, sukalde partekatua, wifia eta lehentasunezko aparkaleku doakoa ditu.

Eta oraindik ez bazaude konbentzituta, jakin ezazu baso bitxi baten moduan antolatua dagoela eta txiki guztiek opari erakargarri bat eta Sendavivako maskotek idatzitako gutun pertsonalizatu bat jasoko dutela.

Askoz ere gehiago dagoenez eta ezin dizugunez post batean kontatu Sendavivak eskaintzen duen guzti-guztia, onena zu zeu Nafarroako natura-parke bikain hori ezagutzera hurbiltzea da ;)

Goiburuko irudiaren iturria: Arguedasko Udala.