Gabonetan, opariak ekartzen dizkie urtero Olentzerok Euskal Herriko umeei. Olentzero, ordea, ilusioa eta urduritasuna baino askoz gehiago da. Ikazkin onbera hori tradizioaren eta euskal kondairen ikurretako bat da, eta, horregatik, oso maitea dugu. Ezagut itzazu Olentzeroren eta haren lagun Mari Domingiren jatorria eta historia.

Olentzero eta Mari Domingiren ospakizuna

Urduritasunez eta ilusioz gainezka egoten dira umeak Olentzeroren eta Mari Domingiren zain abenduaren 24ko gauean. Opariak utzi aurretik, Olentzero eta Mari Domingi Euskal Herri osoko kaleetan ibiltzen dira, haurren gutunak jasotzen.

Desfileetan, Olentzero eta Mari Domingirekin batera, galtzagorriak, egurgileak, ikazkinak eta beste zenbait pertsonaia mitologiko agertzen dira.

Kalejiraz gain, abesbatzak eta taldeak ere ateratzen dira Olentzeroren historia kantatuz eta gabonsaria eskatuz.

Nor da Olentzero?

Olentzero
Irudia: Olentzeroren Lagunen Elkartea

Gabonetan opariak banatzeko menditik jaisten den ikazkin mitologikoa da Olentzero. Ikatzarekin zikinduta jaisten da, txapela, arrantzale-zapia eta pipa berekin dituela. Onbera eta zarpail samarra da, eta jatea gustatzen zaio, abestiak dioen bezala: “ai, urde tripahaundia”.

Izena aldatu egiten da toki batetik bestera: Olentzaro, Orantzaro, Onentzaro, Orantzaro...

Eta, izenak bezalaxe, askotakoak dira, halaber, haren jatorriari eta izenaren esanahiari buruzko istorioak.

Nor da Mari Domingi?

Olentzero y Mari Domingi
Irudia: Olentzeroren Lagunen Elkartea

Hainbeste etxetara opariak eramatea lan handia da pertsona bakar batentzat. Horregatik, Euskal Herri osora ilusioa eramateko, Olentzerorekin batera Mari Domingi ere aritzen da.

Txano handi bat eta jantzi tradizionala soinean dituela agertzen da, eta otarkada bat sagar eraman ohi du, bere sagarrondoetatik hartuak. Badakizu zer egin behar duzun opariak uztea nahi baduzu😉.

Mari Domingiren jatorria

Eguberriak berdinzaleagoak izateko sartu zen Mari Domingiren irudia. Gabonetako kanta herrikoi bateko protagonista hau Donostian agertu zen lehen aldiz,1994an. Honela dio kantak:

Horra hor Mari Domingi, begira honi,
gurekin nahi duela Belena etorri,
gurekin nahi baduzu Belena etorri,
atera beharko duzu gona zahar hori.
Atoz, atoz, zure bila nenbilen ni,
atoz, atoz, zure bila nenbilen ni.
Atoz goazen, adora dezagun Belenen jaio den
haur eder hori, haur eder hori.

Olentzeroren jatorria

Mende batzuk egin behar da atzera Olentzeroren arrastoari jarraitzeko; zehazki, neguko solstizioaren ospakizunetara. Diotenez, solstizioaren ondoko garai berriari ongietorria egiteko erretzen zen Gabonetako enborrarekin lotua dago pertsonaia jatorriz.

Itxuraz, lastoz eta trapuz egindako panpina gisa irudikatzen zen hasieran, eta kalez kale ibiltzen zen kantuan gabonsaria eskatzen zen bitartean. Gero, erre egiten omen zen herriko plazan.

Ohitura hori bizirik dago oraindik ere Euskal Herriko toki askotan.

Baina Olentzeroren kondairetako bat besterik ez da hori. Bada asko gustatzen zaigun beste istorio bat, agian oraindik entzun ez duzuna.

Olentzeroren istorio desberdin bat

Istorioak dio maitagarri bat bizi zela basoan, prakagorri zeritzen iratxo batzuekin, eta halako batean ume bat aurkitu zuela garo artean. Maitagarriak, harriturik, hau esan zion:

"Olentzero deituko zaitugu, gertakari zoragarria baita zu aurkitu izana. Bizitza osoan izango duzu indarra, ausardia eta maitasuna".

Ondoren, seme-alabarik ez zuten senar-emazte batzuei eman zien haurra maitagarriak. Berehala adoptatu zuten umea senar-emazteek, eta inguru hartan hazi zen Olentzero, gizon indartsu, maitagarri eta onkote bihurtu arte, eta aitari ikazkin-lanetan laguntzen zion. Bakarrik geratu zenean, honetaz ohartu zen Olentzero: behar zutenei laguntzeak egiten zuen egiazki zoriontsu. Horrenbestez, jostailuak prestatzeari ekin zion, eta neska-mutikoei banatzen zizkien, herrira ikatza saltzera jaisten zen bakoitzean. Hala, bada, umeen artean urtero neguan opariak banatzen hasi zen Olentzero, eta Gabonetako pertsonaia maitatua bihurtu zen.

Halako batean, ekaizte gogor batek sutea piztu zuen zenbait lagun bizi ziren etxe batean. Olentzerok, bi aldiz pentsatu gabe, etxera sartu eta manta batekin estali zituen han bizi zirenak. Bizirik atera zituen, baina habe handi bat erori zitzaion gainera, eta bere bihotz handi hura betiko geldiarazi. Une hartan azaldu zitzaion maitagarria, eta honela mintzatu zitzaion:

"Olentzero, gizon ona izan zara: besteen alde jardun zara bizi osoan, eta zeure bizitza ere eman duzu beste batzuk salbatzearren. Horregatik, hemendik aurrera Euskal Herriko bazter guztietan neska-mutikoentzako opariak presta ditzazun nahi dut".

Harrezkeroztik, urtero, urtea amaitzean, Euskal Herriko zoko guztietara joaten da Olentzero jostailuak banatzera.

Non bizi diren Olentzero eta Mari Domingi

Olentzerok eta Mari Domingik hainbat etxe dituzte Euskal Herrian, haur guztiek izan dezaten aukera haien etxera joan eta gutunak emateko.

Aukera egokia dira haurrek euskal mitologiako kondairak eta tradizioak ezagutu ditzaten. Hona hemen pare bat:

Olentzeroren abestia

Gabonetako desfileetan, animatuko zara Olentzeroren abestia kantatzera? Hemen duzu letra: "Horra, horra, gure Olentzero..."

Olentzero joan zaigu
mendira lanera
intentzioarekin
ikatz egitera.
Horra! Horra!
Gure Olentzero!
Pipa hortzetan duela
eserita dago
kapoiak ere baditu
arraultzatxoekin
bihar meriendatzeko
botila ardoakin.
Olentzero buruhandia
entendimentuz jantzia
bart arratsian edan omen du
bost arruako sagia
ai, urde tripahaundia
la, lara, lara
ai, urde tripahaundia
la, lara, lara, laralara.

Eguberri on!

Irudia: www.visitbiscay.eus