Gaur egun, gure mugikorrak gure izaeraren berri ematen du. Jendeak bere gustuen arabera pertsonalizatzen du. Baina ez zorro polit bat jarrita bakarrik. Interfazea ere beren gustuetara egokitzen dute. Aplikazio egokiak erabiliz gero, ia edozein osagarri pertsonaliza daiteke. Idazteko erabiltzen dugun letra-tipoa nola aldatu azalduko dugu gaur.
Telefono bakoitzak, lehenespenez, letra-tipo bat erabiltzen du gailuaren interfazean. Zorionez, zure telefonoan letra-tipoa aldatzeko aukera duzu. Android erabiltzen duten marka batzuek aldaketa hori errazten dute. Beste kasu batzuetan, kanpoko aplikazioak erabili behar izaten dira.
Nola aldatu letra Android mugikorretan
Android erabiltzen duten telefono batzuek letra-tipoa aldatzeko aukera ematen dute “Ezarpenak” atalean. Baina gero eta mugikor gutxiagok eskaintzen dute aukera hori. Marka beraren barruan ere, smartphone guztiek ez dute funtzio hori.
Zure mugikorrak letra-tipoa aldatzeko aukera ematen duen jakiteko, zoaz “Ezarpenak” aukerara, eta bilatu “Pantaila” edo “Pantaila-atzealdeak” atala. Hor “Letra-tipoak” hautatu, eta aukeran dituzun letra-tipoak agertuko dira.
Zure mugikorrak ez badu aukera hori edo eskaintzen dizkizun letra-tipoak ez badituzu atsegin, beste metodo batzuk erabili beharko dituzu. Kasu honetan, aplikazioak jaitsi beharko zenituzke. Play Storen aplikazio asko daude horretarako.
Letra-tipoa aldatzeko Androiderako aplikazioak
Play Storen aplikazio dezente daude, Android smartphoneetarako letra-tipo ugarirekin. Nahiko erraza da erabiltzaile bakoitzari egokitzen zaion aplikazioren bat aurkitzea eta, hala, telefonoko letra-tipoak erraz aldatzea. Aplikazio batzuk aurkeztuko dizkizugu.
HiFont
Letra-tipoen aukera zabala da HiFont aplikazioaren alderdi nabarmenenetako bat. Interfazea oso sinplea da; letra-tipo guztiak kategoria baten arabera banatzen dira. Modu horretan, erabiltzaileak kategoria horren arabera bila dezake behar duen letra-tipoa.
Beharbada ikusiko duzu HiFont aplikazioko letra-tipo batzuk ez dabiltzala zure Android gailuan. Ez kezkatu. Normala da, letra-tipo batzuek ez dute funtzionatzen telefono-marka batzuetan. Probatzen joan behar da, eta zein gustatzen zaizkizun ikusi.
Aplikazioa doan deskargatu daiteke Play Storetik. Ez duenez inolako kosturik, nahi baino iragarki gehiago aterako zaizkizu seguruenik.
Ifont (Expert of Fonts)
Aplikazio honek Android gailuetan erabiltzeko moduko letra-tipo ugari ditu. Baina aurreko aplikazioaren (HiFont) arazo berdina du: letra-tipo guztiek ez dute balio telefono guztietarako.
Play Storetik jaitsi ondoren, menu bat ikusiko duzu goiko aldean, erabili nahi den letra-mota bilatzeko bilatzaile batekin. Hizkuntzaren araberako letra-tipoak dira aplikazio honen abantailetako bat. Beraz, beste alfabeto batzuk (adibidez, alfabeto grekoa) erabiltzen dituzten erabiltzaileek ere badituzte letra-tipo batzuk aukeran aplikazio honetan.
zFont 3
zFont 3 da une honetan letra-tipoa aldatzeko aplikazio ezagunenetako bat.
Aplikazio honekin, milaka letra-tipo deskarga daitezke doan Play Storetik. Deskargatu duzun edozein letra-tiporen fitxategia ere aplika dezakezu eskuz “Lokala”fitxatik.
Fonts
Android mugikor guztiekin erabil daitezkeen letra-tipo eta emojien teklatu bat da Fonts. Aplikazioaren alderdi onak dira ia publizitaterik ez edukitzea eta letra-tipo guztiak doakoak izatea.
Aplikazioa deskargatu eta instalatu ondoren, ireki ezazu mugikorreko teklatu gisa konfiguratzeko; funtzionatzeko behar dituen baimenak eman beharko dituzu.
Hala, edozein aplikaziotan teklatua ireki behar duzunean, goiko barran gustukoen duzun tipografia hauta dezakezu eta idazten hasi. WhatsApp, Instagram, TikTok, Snapchat eta beste aplikazio askotan erabil daiteke Fonts.
FontBoard
doako 50 letra-tipotik gora dituen teklatu bat da FontBoard, eta WhatsApp, Instagram, Facebook eta beste hainbat aplikaziotan idazteko erabil dezakezu.
Instalatzen duzunean, baimena eman behar diozu zure telefonoko teklatua izateko. Hortik aurrera, aplikazio batean teklatua irekitzen duzunean, FontBoard agertuko da. Teklatuaren goiko aldean, tipografia-mota desberdinak aurkituko dituzu. Mugitu barran zehar, gustukoen duzuna hautatzeko.
Tipografiaren bat blokeatuta dagoela ikusten baduzu, FontBoard aplikazioak ordainpeko bertsio bat duelako da. Bertsio horretara harpidetu beharko duzu letra-tipoen katalogo osoa eskuratu nahi baduzu.
GO Launcher
Android gailuetan letra-tipoak aldatzen dituzten aplikazioez gainera, badira funtzio bera duten launcherak ere.
GO Launcher da ezagunenetariko bat. “Letra-tipoa” izeneko atal bat du, eta, hor, “Hautatu letra-tipoa” aukera sakatu behar duzu. Aukera guztiak zabalduko zaizkizu. Beharbada gutxi direla irudituko zaizu hasiera batean, baina “Arakatu letra-tipoa” aukeraren gainean klik eginda, aukera erabilgarri ugari daudela ikusiko duzu.
Letra-tipo egokia hautatu baino ez duzu egin behar, eta berehala instalatu ahalko duzu zure mugikorrean.
Letra-tipoa aldatzea iPhonean
iPhoneen erabiltzaileek ere badute aukera hori beren gailuetan. Beste letra-tipo bat erabil dezakete, baina prozesua ez da oso intuitiboa.
iPhoneek ez dute eskaintzen sistemako interfazearen letra-tipoa aldatzeko aukerarik; hau da, ezin dugu tipografia aldatu “Ezarpenak” aukeran. Irisgarritasun-ezarpenetan letra-tipoa aldatzea da aukerarik antzekoena.
Horretarako, iPhoneko “Ezarpenak” ireki behar dituzu; gero, aukeratu “Irisgarritasuna” eta ireki “Pantaila eta testuaren tamaina”. Ezarpen batzuk aldatu ahalko dituzu; esate baterako, testua letra lodiz agertzea, handiagoa izatea edo kontrastea areagotzea. Irisgarritasunarekin lotutako aukerak dira, baina edozein erabiltzailek alda ditzake.
Letra-tipo gehiago instalatzea iPhonean
Horretarako aukera ematen duten aplikazioetan letra-tipoa aldatu nahi badugu, letra-tipo gehiago kargatu ditzakegu gure iPhonean (Androiderako azaldu dugun moduan).Aukera ona da, eta doakoa, iFont (gorago azaldu dugu), Interneten letra-tipoak erraz bilatzeko aukera ematen digun aplikazio bat.
Letra-tipoak profil gisa instalatuko dira iPhoneko ezarpenetan, eta aplikazio bateragarrietan erabili ahalko dituzu.
Letra-tipoa aldatzea WhatsApp, Instagram eta beste aplikazio batzuetan
WhatsAppen, Instagramen eta antzeko aplikazioetan beste letra-tipo batekin idatzi nahi baduzu, Android gailuetan bezala egin behar duzu: Font edo antzeko aplikazio bat instalatu beharko duzu. Aplikazio horrek teklatu berri bat eskainiko dizu mugikorrean; dozenaka letra-tipo lehenetsi ditu, eta nahi duzun letra-tipoa erabili ahal izango duzu edozein aplikaziotan.
Azaldutako guztiarekin, mugikorra zure gustura pertsonalizatzeko moduan zaude, bai mugikorrak berak eskaintzen dizkizun aukeren bidez, bai doako aplikazioak erabiliz. Azalpenei jarraitu baino ez duzu egin behar, eta gaurtik aurrera bidaltzen dituzun mezuetan erabiliko duzun letra-tipoa aukeratu.