Badakizu noizbait iritsiko dela umeari lehen mugikorra emateko unea. Zenbat urterekin, ordea? Eta nolako mugikorra? Zer eduki behar du instalatua? Zalantza horiek argitzen laguntzeko, hainbat datu bildu ditugu post honetan: batez beste zein adinetan eskuratzen duten haurrek lehen telefonoa, zein diren haien beharretarako modelo egokienak, eta nahi ez diren arriskuak eta erabilerak saihesteko gomendioak.
Mugikorraren erabilera: umeen eta helduen arteko hitzarmen bat
Oinarrizko erabilera-arau batzuk adostea da haurrari mugikorra eman nahi diozunean egin beharreko lehen gauza.
Hala, gehiegizko erabilera —eta erabilera adiktiboa— saihestuko dituzu, eta zentzuz eta adostasunez erabiltzeak dakartzan abantailak baliatu ahal izango dituzu.
Non, zenbat denboran eta zein ordutan erabili ahal izango den zehaztu behar duzue. Adostu dezakezue, adibidez, jatorduetan edo etxean zaudetenean ez erabiltzea. Halaber, garrantzitsua da adostea beranduenez zein ordutan erabil daitekeen; izan ere, lotara joan aurretik mugikorra erabiltzeak kalte egin diezaioke loaren kalitateari (vamping teknologikoa).
Mugikorrarekin zer egiten duten gainbegiratzea
Egunean zeharreko erabilerari buruz galdetzea —horretaz hitz egiteko, ez zelatatzeko— aukera bat izan daiteke egunean zehar egindako jardueren berri izateko. Norekin hitz egin duzu? Ezagutu duzu beste jokorik? Gainera, kontaktuak eta deiak gainbegiratzeko modu eraginkorra da; adibidez, zenbaki ezezagunenak.
Raúl Ordóñez hezkuntza digitaleko pedagogo adituaren bideo hau gomendatzen dizugu. Besteak beste, sakelako telefonoa erabiltzeko jarraibideei buruzko aholku interesgarriak eskaintzen ditu:
Zein aplikazio instalatu haurren telefono mugikorretan
Hasiera batean, amak edo aitak konfiguratu behar du terminala eta instalatu aplikazioak, jokoak edo sare sozialak barne. Bereziki zaindu behar da pribatutasuna, erabiltzaileak eta baimenak konfiguratzean.
Guraso askorentzat oso erabilgarriak dira guraso-kontroleko aplikazioak; telefono gehienak aurrez instalatuta ekartzen dituzte, eta nahierara pertsonaliza daitezke, beharren arabera. Ohikoena da hasieran erabilera gehiago murriztea, eta haurrak autonomia hartu ahala askatasun handiagoa ematea.
Geolokalizazioko aplikazioak ere interesgarriak dira. Haurra une bakoitzean non dagoen jakiteko eta galdutako telefonoak aurkitzeko balio dute.
Webgune batzuk iragaztea eta blokeatzea ere lehentasunezkoa da guraso askorentzat. Terminal guztiek ematen dute aukera hori egiteko; gutxienez onlineko jokoen eta helduentzako edukien orri ezagunenak blokeatzea gomendatzen dizugu. Hala ere, seguru asko etengabe ikertu beharko duzu eduki desegokiak aurkitzeko.
Teknologiaren arriskuez hitz egitea
Hitz egiozu telefono mugikorrak neurriz kanpo eta modu desegokian erabiltzeak dakartzan arriskuei buruz. Ez beldurtzeko, baizik eta arrisku horiez jabetzeko, eta, halakorik egokituz gero, gai izateko haiek detektatzeko eta haiei aurre egiteko.
Interesgarria da ziberdeliturik ohikoenak ezagutzea, hala nola ziberbulliynga edo groominga —hots, helduek adingabeen itxurak egitea engainatzeko—, eta nabarmentzea oso larria dela baimenik gabe irudiak bidaltzea, eta inoiz ez dela argazki konprometiturik bidali behar.
Mugikorra erabiltzearen abantailak eta onurak
Nolanahi ere, behar duzun guztietan haurrarekin harremanetan jartzeko modu egokia da mugikorra, bai bakarka, bai familiarekin, familia osoak parte hartuko duen talde pribatu bat sortuta, adibidez.
Haurrarentzat, berriz, modu azkar eta seguruan sozializatzeko eta lagunekin edo ikaskideekin hitz egiteko modu bat da.
Haurrentzako telefono mugikorren modelo egokienak
Ez hodeirik eta ez sakoneko kamerarik; haurrek mugikor sinpleak behar dituzte, erabilera-kondizio guztietarako balio dutenak.
Umearentzat zein mugikor nahi duzun aukeratzean, kontuan izan ezaugarri hauek:
- Gogorra. Haurrarena izanda, kolpeak hartuko ditu, uretara eroriko da, pitzatu egingo da...
- Sinplea, erabiltzen erraza eta intuitiboa, eta oinarrizko funtzionalitateak.
- Memoria txikia. Haurrek ekintza puntual, azkar eta berehalakoetarako erabiltzen dute mugikorra. Zertarako gordeko dituzte biharamunean gogoratuko ez dituzten edukiak eta irudiak?
- Pantaila handia. Hala, gehiago gozatuko dute jokoekin eta interakzioko koloretako elementuekin.
- Arintasuna. Irudiak eta nabigazioa azkarra izatea nahi dute haurrek.
- Selfieak Lagunekin, familiarekin edo bakarrik, edozein unetan egiten dituzte selfieak haurrek; horregatik, hori da kamera garrantzitsuena haientzat.
- Azkar kargatzea. Zenbat eta gehiago iraun bateriak, eta zenbat eta denbora gutxiago behar izan kargatzeko, hainbat eta hobeto. Izan ere, ez dute pazientzia handirik izaten...
Erabilera pixkanaka handitzea
Pixkanaka hasi behar du haurrak mugikorra erabiltzen.
Hasteko, aukera bat izan daiteke aitaren edo amaren mugikorrean profil bat sortzea, eta han probatzea erabilerak eta aplikazioak.
Hasieran, segur aski, jarraitu beharreko eredu bihurtuko zara, eta zure jarraibide eta gomendioak kontuan hartuko ditu, baina horrek gutxi iraungo du eta, denborarekin, bere ohiturak hartuko ditu.
Konfiantza eta erantzukizuna hartzen joango da, eta, pixkanaka, independentzia digital gero eta handiagoa hartuko du.
Zenbat urterekin eman telefono mugikorra haurrei
Etxeko egoera eta haurraren izaera eta heldutasun-maila hartu behar dira kontuan. Adina gorabehera, gai izan behar du mugikorra modu arduratsuan erabiltzeko eta hura zaintzeko.
Mugikorrik ez izatea lagunartetik baztertzeko edo bakartzeko arrazoia izan daiteke, eta zailtasunak ekar ditzake harremanak egiteko gaitasunean. Baina gerta liteke arreta mugatzea eta dinamika desegokietan sartzea ere.
Noiz behar du telefono mugikor bat? Adituak ez dira ados jartzen adin egokia zein den esatean, baina gehienek uste dute 12 eta 14 urte bitartean dela.
Arauak jartzea eta erabakiak hartzea, zure ardura
Datuek diote 10 urteko lau haurretik batentzat eta 12 urtekoen %70entzat ohikoa dela mugikorra erabiltzea. UNICEFen arabera, batez beste 11 urte bete baino lehen eskuratzen dute haurrek lehen mugikorra.
Ez dago araurik edo egia unibertsalik, eta zuri dagokizu haurrari telefono mugikorra emateko unerik egokiena zein den erabakitzea. Hortik aurrera, lagungarria egingo zaizu erabilera-jarraibideak ezartzea, aipatu dizkizugun gomendioak kontuan hartzea eta haurraren beharretara egokitutako mugikorra aukeratzea. Eta pausoz pauso joatea :)