Nor naiz. Marti Buckley naiz. Idazlea, txiki-txikitatik, baina leku askotara eraman nau bizitzak. Alabamatik Donostiara, kazetaritzatik sukaldaritzara, eta handik berriz kazetaritzara. Euskal kulturarekin maiteminduta nago, eta irailean argitaratuko da nire lehenengo liburua: Basque Country.

Euskaltel bloga. Hasteko: Zer egiten du Donostian AEBko Alabamako kazetari, blogari, itzultzaile eta sukaldari batek?

Marti Buckley Iruñean egin nuen Erasmus (nahiz eta, orduan, Madrilen egon nahi nuela uste nuen), 2005ean. Eta berehala maitemindu nintzen hango jende, paisaia eta janariaz. Eta orduan etorri nintzen aurreneko aldiz Donostiara. AEBra itzuli, Unibertsitateko ikasketak amaitu, lanean hasi... Baina ez nuen lortu burutik kentzea hona itzultzeko eta hemen bizitzeko gogoa. Eta aukera izan nuenean, buru-belarri nenbilen sukaldari profesional gisa. Eta, beraz…, Donostiara, noski.

E.B. Janaria prestatu ala idatzi. Zer duzu nahiago?

M.B. Pixkanaka konturatu naiz idazteko jaio nintzela. Baina izugarri gustatzen zait kozinatzea. Lasaitu egiten nau etxean janaria prestatzeak eta leku desberdinetako jakiak probatzeak; eta maila profesionalean arituz, ezin zara aspertu sekula. Oso gogoko ditut sukaldaritzaren elementu fisikoa, eta sukalde batean nabaritzen den presioa.

MARTI BUCKLEY

E.B. Zer funtzio betetzen du zure blogak horretan guztian?

M.B. Nire esperientziei buruzko oharrak hartzeko blok moduko bat da bloga niretzat. Bururatzen zaizkidan kontuez idazteko eta egiten ditudan argazkiak zintzilikatzeko leku egoki bat. Eta, bestalde, nire CV digital moduko bat ere bada.

E.B. Zergatik hasi zinen blogari, denbora-pasa ala lan gisa?

M.B. Denbora-pasa gisa hasi nintzen. Garai hartan (2007), mari sukalde sutsua nintzen, eta jende guztiarekin partekatu nahi nituen han-hemen aurkitzen nituen errezetarik onenak. Ez dut dirurik egiten blogarekin iragarkiei begira-eta, baina nahiago horrela. Askatasun oso-osoa ematen dit horrek. Donostiara etorri nintzenean, banekien blog bat egin nahi nuela Euskadin edo Espainian bizitzeko ametsa zuten anglofonoek urrutitik ere izan zezaten esperientzia hori bizitzeko aukera.

E.B. Eta sare sozialak? Nola laguntzen dizute zure jardueran?

M.B. Sareak lagungarriak dira bisitariak erakartzeko blogera, eta, aldi berean, jende berria ezagutzeko aukera ere ematen dute.

E.B. Atentzioa eman digu Twitter, Pinterest eta Instagram, bakarrik dituzula, Facebook, ordea, ez. Zergatik?

M.B. Facebook pertsonala badut! Lagunekin eta etxekoekin erabiltzen dut, ez hainbeste nire burua saltzeko. Pozik nago Instagramekin. Hori dut jendaurrerako erakusleiho nagusia.

E.B. Eta YouTube? Inoiz pentsatu duzu vlogger bihurtzea?

M.B. Bai, pentsatu dut! Eguneratu egin beharko nuke ekipamendu eta tresnetan, baina horri heldu nahi diot 2018an.

E.B. Atsegin duzu mezu-trukea zure jarraitzaile eta irakurleekin?

M.B. Bai, asko. Batzuetan, asko dira, gehiegi, mezuak, eta ezin denak ikusi; baina sukalde-konturen batekin edo bidaiak direla-eta laguntza eskatzen didatenak ditut gogokoen. Asko gustatzen zait jendeari laguntzea.

E.B. Zer galdetzen dizute?

M.B. Gehienak estatubatuarrak dira, eta inguru honetan zer egin dezaketen eta non ja dezaketen galdetzen didaten gehien.

E.B. Emango diguzu gomendioren bat guri? Zein da kalitatearen eta prezioaren arteko erlaziorik onena duen jatetxea? Eta non jan dituzu munduko pintxorik onenak?

M.B. Uf! Galdera horrek ez du erantzun bakar bat, jajaja. Eta, gainera, maiz aldatzen da erantzuna. Urola, parte zaharrean, nahitaez aipatu behar da, janari klasikoaz ari bagara. Eta pintxoei dagokienez, berriz, Groseko Aloña Berri zaharrarekin egiten dut amets beti. Ez dakit hain ona iruditzen zaidan oroimenean bakarrik gelditzen zaigulako orain..., baina foie eta mangoko pintxo hura ikusgarria zen benetan.

E.B. Zer interesatzen zaie gehiago AEBko zure jarraitzaileei, gastronomia ala kultura?

M.B. Gastronomia. Ziur asko, inguru hau gastronomiagatik delako ezaguna batez ere. Jatera eta edatera etortzen da hona jendea.

E.B. Zenbaterainoko garrantzia du irudiak zure jardueran?

M.B. Handia. Erakusten ditudan jakien eta lekuen argazkiek oso onak izan behar dute. Eta asko estutzen dut nire burua hori lortzeko.

E.B. Argazkietarako, Canon 20D kamera bat eta Lumix bat erabiltzen dituzu. Eta smartphonea? Ez duzu erabiltzen argazkiak egiteko? Zer kamerak ematen dizu emaitza hobea?

M.B. Bai, gero eta gehiago erabiltzen dut smartphonea. Batez ere, kamera eraman nahi ez dudan uneetan, edo bat-bateko egoerak suertatzen direnean. Uste dut mugikorretako argazkiek posprodukzio-lan handiagoa eskatzen dutela, eta argi gutxi dagoenean ez dira hain baliagarriak; baina, bai, oso praktikoak dira kasurik gehienetarako.

E.B. Zer teknologia erabiltzen duzu une oro konektatua egoteko?

M.B. Nire iPhone 6a eta eta Macbook Pro bat ;)

E.B. Asko erabiltzen duzu WiFi-a edo zauden lekuan konektatzen zara, nahiz eta datu asko kontsumitu behar izan?

MB. Ez naiz gehiegi ibiltzen bideo eta streaming-arekin; beraz, ez dut izaten arazorik datuak kontsumitzeko.  Baina WiFi-a baldin badago, konektatu eta baliatzen dut, noski!

E.B. Skype-rekin edo bideo-deiekin jarraituko duzu Donostia eta Alabamaren arteko komunikaziorako, edo AEBra itzultzeko asmoa duzu?

M.B. Oraingoz, ondo nago hemen. Faltan sumatzen dut nire etxea, baina nahikoa dut urtean pare bat aldiz joanda (eta asko janda).

Eskerrik asko, eta zorte on liburuarekin!