Luis Ángel Maté azken lau denboraldietan Euskaltel-Euskadi taldean aritutako txirrindularia elkarrizketatu dugu. Espainiako Itzulian eman dio amaiera bere ibilbide profesionalari. Euskaltel-Euskadin igarotako garaiari, kirol profesionala uzteari, etorkizuneko planei eta, jakina, Marea Laranjari buruz aritu gara solasean. Marea Laranja «munduko txirrindularitzazale-talderik onena» dela adierazi du.
Atzera begiratzeko ordua da. Zer izan da zuretzat Euskaltel-Euskadiko kide izatea?
Nire ibilbide profesionaleko garairik politenetako bat izan da. Euskaltel-Euskadi talde desberdina eta berezia da txirrindulariontzat. Masa sozial handia du atzean, Marea Laranja, eta horrek berezi egiten du taldea. Euskadin, txirrindularitza ez da kirol hutsa. Askoz harago doa. Eta Euskaltel-Euskadin aritzea izan da ibilbide profesionalean bizi izan dudan gauzarik politenetako bat.
Zer izan da lau denboraldiz talde laranjan aritu izanaren alderik onena? Eta egin gabe utzitakorik?
Ez, ez; ez dut ezer egin gabe utzi. Alderik onena horren masa sozial handia mugiarazten duen talde batekin aritzea izan da. Oso polita izan da talde honetako kide sentitzea, eta hori gorde nahi dut gogoan: zale euskaldunen, Marea Laranjaren, parte izatearen sentimendua. Baita Euskadi Fundazioak egiten duen lan sozial bikaina ere.
Euskaltel-Euskadi taldearen zer alderdi nabarmenduko zenuke? Zein dira taldearen indarguneak?
Esango nuke taldearen balio erantsi handiena direla atzean daukan masa sozial berezia, Euskadi Fundazioa eta bertako bazkideak eta mundu osoan ezagun den Marea Laranja.
Taldearen babesik handienetariko bat zaleak direla diozu. Zer sentitzen duzu Marea Laranja errepidean ikustean?
Oso ederra da. Euskaltelen aritu aurretik ere eduki nuen Marea Laranja bizitzeko aukera eta munduko txirrindularitzazale-talderik onena da, inongo zalantzarik gabe. Esan dudan bezala, Euskadin txirrindularitza ez da kirol hutsa. Euskaldunen idiosinkrasiaren parte da. Eta hori laranjaz jantzita bizi ahal izatea are bereziagoa da; izan ere, Marea Laranjak txirrindulari guztiak animatu arren, oraindik eta animo gehiago jasotzen dituzu haien taldekoa bazara.
Nola bizi izan zenuen profesional gisa lehiatu zinen azken eguna?
Sentsazio asko nahastu zitzaizkidan. Guztiaren gainetik, harro sentitzen nintzen ibilbide luzea eduki izanaz eta azken eguna lagunekin, senideekin, tropeleko lagunekin eta nire munduaren parte izan direnekin (prentsa, laguntzaileak, taldeen zuzendariak...) partekatzeaz. Une bakoitzaz gozatu nuen, azken aldia zen eta.
Aro bati amaiera eman diozun honetan, momentu egokia da atzera begiratzeko. Zergatik aukeratu zenuen txirrindularitza?
Aita bizikletan ibili da txiki-txikitatik. Nik aita bezalakoa izan nahi nuen, eta horregatik aukeratu nuen txirrindularitza. Indurainen Tourren garaian hazi nintzen. Horrek zaletasun handia sortu zuen eta, pixkanaka-pixkanaka, txirrindularitzarekiko jakin-mina sortu zitzaidan. Gaur egun, berrogei urterekin, jakin-minez jarraitzen dut.
Zein txirrindulari profesional (izan) dituzu erreferente?
Ez nuke, ezinbestean, txirrindulari profesional bat aukeratuko. Bizikletan ibiltzen diren guztiak miresten ditut; batez ere, horretarako zailtasunak dituztenak, lanean aritu eta asteburuetan bizikletan ibiltzeko zeru-lurrak astindu behar izaten dituztenak. Miresmen handia diet, txirrindularitzarekiko pasioa partekatzen dugulako eta bizikletan ibili ahal izateko sakrifizio handia egiten dutelako. Txirrindulari profesionalentzat errazagoa dela esango nuke, horregatik diot jende hari hainbesteko errespetua.
Irudika dezakezu zure egunerokoa bizikletan ibili gabe? Hasi berri duzun aro honetarako proiekturik?
Proiektu eta ideia ugari ditut buruan, baina oraindik ez dakit ziur zer egingo dudan. Erabateko aldaketa da, orain arte gorputz eta arima aritu bainaiz txirrindularitzan. Orain dena aldatu da. Berrogei urte ditut eta beste fase batean sartu naiz, lan-merkatuan. Oraindik ez dakit non amaituko dudan. Argi daukadana da txirrindularitzak balore ederrak dituela eta bizitzako fase berri honetan laguntza handia emango didatela.
Eskerrik asko, Luis Ángel Maté, eta zorte on aro berri honetan. Zure talentua, garaipenak eta txirrindularitzarekiko pasioa gure Marea Laranjaren historiaren parte dira.