Mehatxu zibernetiko berriekin egiten dugu topo egunero. Kasu honetan, erabiltzaile batzuk gurekin harremanetan jarri dira esanez mezu batzuk jaso dituztela eta haietan datu pertsonalak eskatzen zaizkiela eta Euskaltelenaren oso antzekoa den —baina Euskaltelena ez den— domeinu batetik aplikazioak deskargatzeko esaten zaiela. Hona hemen gure izenean iruzur egiten saiatzen den phishing-saiakera honi buruzko informazio guztia.
Sarean, hainbat sustapen eta deskontu hedatzen dira. Azkenaldian, ziberdelitugileei ondo funtzionatzen dien tipologia bat gehitu zaie eskaintza komertzialei: lan-eskaintza faltsuak.
Bide horretatik, phishing-saiakerak iritsi zaizkie gure bezeroei.
Zer dioen Euskaltelen iruzurrezko mezuak
Euskaltelen lan-aukera bati buruzko informazioa ematen du mezu faltsuak: lanpostuaren alderdi orokorrak zehazten ditu, baita soldata bat ere. Eskaera egiteko, formulario bat bete behar da esteka jakin batean. Ez egin halakorik!
Domeinuari arretaz begiratzen badiozu ikusiko duzu gurearen antzekoa dela, baina ez berdina. Gure domeinu ofiziala euskaltel.com da, eta mezu horietan euskaltel.co agertzen da.
Oso antzekoa da, eta, hain zuzen ere, nahasteko erabiltzen da, baina .co domeinuak Kolonbiari egiten dio erreferentzia.
Erabiltzaile bat baino gehiago jarri dira gurekin harremanetan eskaintza benetakoa den egiaztatzeko. Bistan denez, iruzur bat da. Webgune faltsura daramaten komunikazioak jaso dituztenek bi komunikazio-motaren berri eman digute:
-
Batzuetan, beren datu pertsonalak eskatzen zizkieten eskaintza ikusi ahal izateko.
-
Beste batzuetan, aplikazio bat deskargatzeko eta mugikorrean instalatzeko (apk) eskatzen zieten.
Gogoratu: ziur ez bazaude, ez instalatu ezer mugikorrean. Zuk jakin gabe, litekeena da programa horrek zure mugimenduak zelatatzea edo zure ekipoa bahitzea.
Eta, zalantzarik izanez gero, galdetu, jakinarazpena jaso duten eta eskaintzari buruz galdetu diguten erabiltzaileek egin duten moduan.
Kasu honetan, iruzurrezko mezuak dira, ustez Euskaltelek bidaliak. Phishing izeneko ziberdelitu bat da; beraz, ez egin kasurik mezuei, eta jakinarazi guri, beste bezeroei ere horren berri emateko.
Nola jarri harremanetan Euskaltelekin
Inoiz ez eman datu pertsonalik seguru ez bazaude. Euskaltelek ez dizkizu eskatuko, eta ez dizu esango whatsapp bidez edo mezu elektroniko bidez datuak berresteko.
Zerbait susmagarria ikusten baduzu, informa zaitez edo jar zaitez gurekin harremanetan gure komunikazio-kanal ofizialen bidez.
Dakizunez, gure webgune ofiziala https://www.euskaltel.com/ da (.com, eta ez .co), eta helbide honetatik sar zaitezke gure blogera: https://blog.euskaltel.com/.
Sare sozialetan, profilak ditugu hauetan: Facebook, X, Instagram, TikTok eta Youtube.
Telefonoa nahiago baduzu, deitu bezero-arretako 1717 zenbakira.