Izenak berak dioen bezala, hiru dimentsioko objektuak inprimatzeko aukera ematen du teknologia horrek. Hiru dimentsioko gorputz fisikoak sortzeko gaitasuna duen gailu bat da 3D inprimagailua. Horretarako, material bat (plastikoa, normalean) gehitzen du, geruzaz geruza. Erabilerak, berriz, infinituak ditu, eta norberaren helburuen araberakoak dira.
Medikuntzan, adibidez, eskuak ere inprimatu izan dira 3D-n, istripuren batean galdu duenari ezartzeko. Gezurra dirudien arren, 30 bat euro kostatzen da gaur egun esku bat inprimatzea. Zalantzarik gabe, jende askoren bizimodua hobetu daitekeen alorra dugu hori. Badira, bestalde, edonork 3D-n inprima ditzakeen gauza pilo bat.
- Euskaltelen bloga: Zertan da une honetan 3D inprimaketa?- Xiber Aguilera:. Euskadiri dagokionez, nabarmen garatu dira medikuntzarekin lotura duten alorrak (protesiak, inplanteak, gorputz-atal artifizialak); hezkuntzan, berriz, institutu askotan erabiltzen dira 3D inprimagailuak objektuak sortzeko, ikuspegi oso praktiko batetik betiere. Hona Euskal Herriko erreferentzia batzuk: Bilbaomakers eta Tumaker.
- EKTren bloga: Enpresen kontua da 3D inprimaketa, ala edonoren esku dago?- X.A: Egun, "demokratizatu" den teknologia bat dela esango nuke. Edonork eskura dezake, eta bere objektu propioak inprimatu. Noski, enpresek badituzte baliabideak etxean baino kalitate-estandar handiagoz lan egiteko eta ekoizteko, baina etxean ere egin daitezke gauza bikainak, gutxi gastatuta eta ilusio handiz.
- EKTren bloga: Zer behar dut 3D inprimagailu bat erabiltzeko?- X.A Denok ikas dezakegu 3D-n inprimatzen, Interneten informazio pixka bat bilatuz eta eskulibururen bat irakurriz (asko daude Interneten, doan gainera). Batzuetan, oinarrizko programazio-ezagutzak behar izaten dira, eta lagungarri izaten da informatika pixka bat jakitea, bai eta elektronika ere. Azkena aipatu dudan gai horretaz, adibidez, ez nekien askorik, baina ikasi egin nuen. Denbora eta gogoa behar dira, batez ere.
3D inprimagailuak, 300 eurotik hasita
- EKTren bloga: Zenbat kostatzen gailu horietako bat, eta non eros daiteke?- X.A: Asko merkatu dira 3D inprimagailuak azken urteotan. "Do it yourself" deritzenak (piezak Interneten erosi eta zerorrek egin ditzakezunak, alegia) 300 eta 600 euro bitarte kostatzen dira; enpresa espezializatuek saltzen dituztenak (askoz ere gaitasun handiagokoak), berriz, 1.000 eta 4.000 euro bitarte. Interneten aukera pilo bat dago; denda fisikoak, berriz, ugaltzen ari dira. Nik dakidanez, EAEko hiri hiriburuetan bada dendaren bat.
- EKTren bloga: Zein dira, epe laburrera, 3D inprimaketaren desafio nagusiak?- X.A: Erabilgarritasunaren garapen-fasean gaude gaur egun. Jakina, epe laburrera, teknologia horren demokratizazioa da helburu nagusietako bat, bai prezioari (asko merkatu diren arren azken urteotan), erabilerari dagokienez. Appleren laguntzaile pertsonalarekin (Siri) egiten dugun bezala, 3D inprimagailuari ere aginduak eman ahalko zaizkio, laster, eskatzen dioguna egin dezan. Bestalde, plastikoa erabili da gehienbat, orain arte, inprimagailu horietan, baina badira askoz ere aukera gehiago: gozogintzan ere asko erabiltzen da inprimaketa-sistema hori, eta zura inprimatzeko erabiltzen duen jostunen bat ere ezagutzen dut.
- EKTren bloga: 4D inprimaketa ere aipatzen du zenbaitek. Aukera erreala al da? Zer alde leukake 3D-koarekiko?- X.A: Nire ustez, marketin-kontua da, gehienbat, kontzeptu hori. Izan ere, zein da laugarren dimentsioa? Inork ez daki zehazki. Batzuen iritziz, uraren azpian formaz aldatu egingo dira objektuak, eta ez dakit zer gehiago gertatuko omen da... Nire ustez, ordea, 4D-ari ekin aurretik, bide luzea du oraindik 3D inprimaketak. Bide batez, denoi egiten dizuet dei teknologia horretaz informazioa eskura dezazuen RepRap-en etay Thingiverse-n, eta, hura erabiliz, diberti zaitezten.