Robotak jostailu hutsak direla uste duzu oraindik? Ez ba! Aspaldi utzi zioten filmetako eta komikietako kontua izateari. Gaur egun, lan asko egiten laguntzen digute (oraindik zeuk pasatzen duzu xurgagailua?), eta gero eta gehiago egingo dituzte, gure bizitza-kalitatea hobetzeko.
Robotak etorkizuna dira, eta, beraz, uste dugu garrantzitsua dela belaunaldi berriek txikitatik ezagutzea haiek, eta jakitea nola funtzionatzen duten eta zer gauza egin ditzaketen. Horretarako, robotikako kit batzuk proposatzen dizkizuegu; haiekin, programatzen eta komandoak erabiltzen ikasiko dute, modu oso dibertigarrian eta ahalegin handirik egin gabe.
Nire lehen robota
- Bee Bot. Erle-itxurako robot kargagarri hau hiru urtetik gorako umeentzat da egokia. Harekin, 15 cm-ko 40 mugimendu programatu daitezke (aurrera, atzera, ezkerrera eta eskuinera) erleak ibilbide desberdinak egin ditzan.
- Codi-Oruga. Beldar-itxurako robot honek esperimentatzea sustatzen du, eta problemak ebazteko eta planifikatzeko gaitasuna lantzen du. Beldarrak zenbait zati ditu, eta, zati horiek zein ordenatan jartzen diren, ibilbide desberdinak egiten ditu. Aski da ibilbide horiek gelako lurrean marraztea programatzaile txikien aurrerapausoak ikusteko.
- Code & Go. Sagu txiki honi esker, irakurtzen jakin gabe ere ikas dezakete umeek, modu intuitiboan, irudien bidez. Programatu egin behar da bere helmugara, gaztara, iristeko, hainbat labirintotan barrena ibilita. Iristea lortzen ez badu, akatsak zuzendu daitezke, eta berriz programatu.
- Dash & dot. Hamabi urte bitarteko neska-mutilentzat da egokia. Bi robot dira, eta iPad edo Smartphone bidez jasotzen dituzte aginduak. Gauza asko egin ditzakete, hala nola musika-piezak jo, mugitu, dantza egin eta oztopoak saihestu; eta askoz gehiago ere bai.
- Lego WeDo. Programazio-kit bat da, 280 piezakoa. Haren bidez, haririk gabeko robotak eraiki daitezke. Mugimendu- eta inklinazio-sentsoreak ere baditu. Robotak tabletatik eta haririk gabeko ordenagailutik programatu eta goberna daitezke.
- Lego Boost. Modelo honekin, bost motatako robotak sor daitezke, besteak beste, ekoizpen-lerro automatizatu bat, gitarra elektriko bat eta maskota bat, urruma egin eta haserretzen dena. Lego Boost aplikaziotik kontrola daitezke, eta programazio-lengoaia bat erabiltzen dute, kode-blokeak arrastan eramatea eta askatzea oinarri duena.
- Mio. Kit robotiko erraz eta merke honekin primeran pasatuko dute umeek. Robota modu konbentzionalean munta daiteke, jarraibideen eskuliburuari segituz, edo nahi bezala, programatzaile gazteen irudimenak emanda bezala.
- MakeBlock mBot. Infragorri bidezko agintearen bidez edo smartphonearen bidez erabil daiteke; argitasun-sentsoreak, hurbiltasun-sentsoreak eta lerroari jarraitzekoak ditu.
Ezagutzen duzu robotika ikasteko beste robot edo programazio-kit praktikorik? Hala bada, esaguzu.