Bisitatu itzazu Guardiako upategiak, eta murgildu zaitez ardoaren mundu zoragarrian, ibil zaitez mahastietan barrena, ikasi ardoa nola egiten den, eta gozatu Arabako Errioxako paisaia ikusgarriaz eta arkitekturaz. Hona hemen Guardian bisitatu daitezkeen zenbait upategi, zer hartzen duen barne bisitak bakoitzak, ardo-dastaketak eta nola erreserbatu esperientzia horiek, zeinak egun edo asteburu bateko planik onena baitira lagunekin, bikotekidearekin edo familiarekin egiteko.
Solar de Samaniego
Arabako Errioxan, Solar de Samaniego upategia 1972. urteaz geroztik ari da ardoa egiten. Guardian upategi bat bisitatu nahi baduzu, upategi honek harritu egingo zaitu; izan ere, instalazio ikusgarriak izateaz gainera, Beber Entre Líneas proposamenak ardoa eta literatura uztartzen ditu.
Solar de Samaniego upategiak 3 motatako esperientziak eskaintzen ditu:
- Bisita eta 3 ardoren dastaketa: Ibilbidea upategian barrena edo mahastien inguruan, ardo batez lagunduta Espacio Medio Millón deritzon eremuan; eremu hori Guido van Helten muralgileak dekoratutako tanga erraldoiez osatua dago. Bisitak 60 eta 90 minutu arteko iraupena du, eta barne hartzen ditu 3 kopa ardo eta aperitiboa.
- Bisita + Menu tradizionala: Bisitaz gainera, dasta ezazu menu oso bat upategiko jantoki pribatuetan. Menu tradizionala soilik ere har dezakezu, bisitarik gabe.
- Bisita + Dastatzeko menua: Esperientzia gastronomikoa zabalagoa da eta bi ardo barne hartzen ditu , menua osatzeko. Aukera osoa edo bisitarik gabea har dezakezu.
Egin hemen onlineko erreserba Guardiako upategi honetako esperientziez gozatzeko.
Campillo upategia
Guardian ardoaren mundua eta arkitektura uztartzen dituen upategi bat bisitatu nahi baduzu, Campillo upategia duzu aukerarik aproposena. Harrizko eraikin ikusgarri bat, mahastiz inguratua; eta Kantabriako mendilerroaren ikuspegia ezin ederragoa da.
Hemen duzu Arabako Errioxako upategi hau bisitatzeko informazio interesgarria:
- Campillo bisita: Ibil zaitez mahastietan barrena, sartu ardoa upeletan ontzeko geletan, eta ikusi botilategi izugarria. Bisitak 3 ardoren dastaketa eta aperitiboa barne hartzen ditu, eta, nahi izanez gero, bisita ingelesez egiteko aukera duzu.
- Campillo Terroir: Esperientzia pertsonalagoa eta esklusiboagoa; bisita, 5 ardoren dastaketa azalpenekin, eta aperitiboa. Aukera hau 18 urtetik gorakoek soilik har dezakete.
- Campillo usaimen-lehiaketa: Bisita, usaimen-tailer bat aperitiboarekin, eta 4 ardoren dastaketa. Aukera hau 18 urtetik gorakoek soilik har dezakete.
- Mahatsondotik kopara: jarduera hau aldez aurretik eskatu behar da; mahastietan eta urmaeletan barrena ibiliko zara bizikleta elektrikoan, upategia bisitatuko duzu, eta 3 ardo dastatzeko eta aperitiboa hartzeko aukera izango duzu.
Gainera, bisita esklusiboak eskaintzen dituzte. Hautatu gehien gustatzen zaizun aukera, eta egin onlineko erreserba Guardiako upategi hau bisitatzeko.
Casa Primicia
Guardian upategi bat bisitatu nahi baduzu autoa hartu beharrik gabe, Casa Primicia upategia gustatuko zaizu. Izan ere, Guardian bertan dago, herriko eraikinik zaharrenean, zeina XI. mendekoa baita.
Beraz, pentsa dezakezu zer-nolako xarma duen upategi honek, non Arabako Errioxako ardoaren jatorria ezagutuko baituzu.
Nola bisitatu dezakezu Casa Primicia upategia? Bada, aukeratu gehien erakartzen zaituen esperientzia, eta egin erreserba zuzenean haien webgunean. Hauek dira esperientziak:
- Casa Primicia itzulia: bisitatu upategia eta dastatu gama bereziko 2 ardo.
- Barietate bateko hitzordua: gutxienez 4 pertsonako taldea behar da esperientzia honetarako; upategia bisitatuko duzue, eta Casa Primicia upategiko mahats-mota bakarreko ardoen gama osoa dastatuko duzue.
- Ekobisita: Upategi ikusgarri hau bisitatzeaz gainera, Carravalseca ardo ekologikoak dastatuko dituzu. Gutxieneko taldea 4 pertsonakoa da.
- 5 izarreko bisita: Bisitan Casa Primicia upategiak aukeratutako 5 ardo dastatzen dira. 4 pertsona gutxienez.
Bazkaltzeko zenbait menu ere eskaintzen dituzte.
El Fabulista
Autoa hartu beharrik gabe Guardian bisitatu daitekeen beste upategi bat da, herrian bertan baitago. Samaniegotarren XVII. mendeko jauregi baten azpian 7 metrora dagoen lurpeko upategia da El Fabulista, eta ardoa modu tradizionalean egiten jarraitzen du. Eta zuk tokian bertan ikus dezakezu nola egiten duten, Arabako Errioxako upategi desberdin honetan. Orain ulertuko duzu zergatik esaten dugun hori:
- Bisita antzeztua: Félix María Samaniego alegialaria eta haren emazte Manuela de Salcedo ondoan izango dituzu bisita honetan (larunbatetan baino ez da egiten). Upategia ezagutzeaz gainera, 2 ardo dastatzeko aukera izango duzu eta Samaniegoko istorioetan barneratuko zara. Esperientziak 12,5 € balio du pertsonako.
- Bisita gidatua: Ibilbidea upategiaren kanpoko aldean hasten da; han, Samaniego nor zen jakingo duzu, nola bizi zen jauregian, eta azalduko dizute nola egiten duten ardoa, garai batean bezala mahatsa zapalduz. Ondoren, lurpera igaroko zara, lau soto-upategiak ikusiko dituzu eta 2 edo 3 ardo eta aperitibo tradizional bat dastatuko dituzu. Bisita egunero egiten da.
- Upategien zale sutsuentzako bisitak: Ardoaz gehien ulertzen duten bisitariek upategiko maisu bat, enologo bat edo sommelier bat izango dute ondoan bisita honetan, eta upategian bertan egindako 2, 4 edo 5 ardo dastatuko dituzte. Bisitarik gabe dastaketa soilik egiteko aukera ere baduzu.
Kontsultatu prezioak eta erreserbak haien webgunean.
Ysios upategia
Guardiako upategi bat bisitatzean zentzumen-esperientzia oso bat izan nahi baduzu, Ysios upategiak aho zabalik utziko zaitu lehen minututik. Izan ere, upategiak —Santiago Calatravak diseinatu zuen— harmoniaz bat egiten du Kantabriako mendilerroko paisaiarekin. Kanpotik eta barrutik gozatuko duzu, esperientzia hauei esker:
- Fine Wines: Goza itzazu Ysios gamako ardoak upategia bisitatzen duzun bitartean. Esperientziak ordu eta erdi irauten du, eta egunero egiten da, goizez.
- Carravacas mahastia eta dastaketa: Ezagut ezazu mahastiaren historia, bisitatu upelen aretoa eta dastatu bi ardo eta aperitiboa Guardia aretoan. Bisitak ordu eta erdiko iraupena du, eta asteko edozein egunetan egin dezakezu, goizez.
- Winecar Exclusive Tour, 2 edo 4 pertsonarentzat: Ibil zaitez mahastietan barrena winecar ibilgailuan, ezagutu upelen aretoa, eta osa ezazu esperientzia Guardia aretoan. Bisita osoan Ysios ardo-gama osoa probatzeko aukera izango duzu. Bisitak bi ordu irauten du, eta astelehenetik ostiralera egin dezakezu, goizez.
Ysios upategiak zuk nahi duzun pertsonarekin bisita esklusibo bat egiteko aukera ematen dizu. Aukera horiek guztiak haien webgunean erreserbatu daitezke.
Eta, gainera, haien ardoak winebar tabernan probatu ditzakezu; egunero egoten da zabalik.
Plan bikaina da, ezta? Bada, Guardian bisitatu ditzakezun upategi batzuk dira horiek. Baina askoz gehiago daude, eta haiei buruzko informazio gehiago ematen joango gatzaizkizu, Arabako Errioxan ardoaren mundua ezagutzera etor zaitezen.
Hemen dituzu Guardiako upategi horietako batzuen izenak, bisitatu ditzazun:
- Carlos San Pedro Pérez de Viñaspre
- Gómez de Segura upategia
- Las Orcas upategia
- Javier San Pedro Ortega
- Viña Lamioga upategia
- Mayor de Migueloa
- Cosme Palacio upategia
- Ruiz de Viñaspre upategia
- Orube de Solar Viejo upategia
- Vallobera upategia
- Viña Real upategia