Urriaren 31, ostirala, gau beldurgarria da: Gau Beltza. Halloween baino lehen ere, Euskadin aspaldidanik beldurtzen genuen jendea, kalabazei begiak eta ahoak zulatuz eta barnean sua piztuz. Gau Beltzaren jatorria eta historia kontatuko dizugu, bai eta Gau Beltza Euskadin nola eta non ospatzen den ere, gure lurraldeko hainbat hiritan.

Eta hortik hasiko gara, Euskadiko Gau Beltzerako dituzun plan guztien berri izan dezazun.

Non ospatzen da Gau Beltza Euskadin?

Euskadiko herri askotan ospatzen da Gau Beltza urriaren 31ko gauean. Jakin nahi duzu zein diren? Hona hemen aipagarrienak:

Gau Beltza Bizkaian

Gorlizen, Mallabian eta Orozkon ospatzen da, besteak beste, Gau Beltza. Lekeition, Bermeon, Ondarroan eta bestetan ere badago festa.

Gau Beltza Gorlizen

Gorlizko Ibarreta plaza kalabaza argiztatuz eta oihal zurizko mozorroz betetzen da. Gau Beltza 16:45etik aurrera hasten da Gorlizen: tailerrak, beldurrezko pasabidea, ipuin-kontalaria, animazioa hankapaloekin, dantza, gaztaina erreak eta askoz gehiago, tradizioa berreskuratzeko. Ikusi hemen Gorlizko 2025eko Gau Beltzaren egitaraua.

Gau Beltza Mallabian

Ospakizunez beteriko hainbat egun izango dira Urriko Jaien barruan. Iluntasuna pizten dute urriaren 31n: ginkana izaten da, eta musika, tailerrak, kalabaza-apainketa... eta txorizo-pintxoak banatzen dituzte. Ikusi hemen Mallabiko 2025eko Gau Beltzaren egitaraua.

Gau Beltza Orozkon

Orozkok bere Arimen Gaua ospatzen du hainbat egunetan, eta han izango dituzu, besteak beste, DJak, abestiaren koreografiaren grabazioa eta Beldurraren tunela. Hemen ikus dezakezu, argitaratzen dutenean, Orozkoko 2025eko Arimen Gaueko egitaraua.

Gau Beltza Gipuzkoan

Gau Beltza Donostian

Gau Beltza Altza auzoan bizi da bereziki Donostian; besteak beste, jolasak, dekorazio-lanak, txokolate-jana, beldurraren pasealdia eta zezensuzkoa antolatzen dituzte auzoko Gorria plazan. Antigua auzoan ere jolasak eta tailerrak egiten dituzte, bai eta beldurraren ibilaldia eta zezensuzkoa ere. Beste auzo batzuetan ere izaten dituzte ospakizunak: Parte Zaharra, Añorga, Ibaeta eta Loiolako Erriberak. Ikusi hemen Donostiako 2025eko Gau Beltzaren egitaraua.

Gau Beltza Astigarragan

Astigarragako Gau Beltzean, tailerrak, mozorro-erakustaldia, Gau Beltzeko kalejira hilerritik abiatuta eta Foru plazako beldur-erreketa egiten dira. Hemen ikus dezakezu Astigarragako 2025eko Gau Beltzaren egitaraua.

Gau Beltza Errenterian

Errenteriako Gau Beltzeko ekitaldirik ezagunena Kalabazaren Ibilbidea da; 19:3ean hasita, Santa Klara kaletik abiatu eta Agirre Lehendakaria plazaraino heltzen da. Ibilbidean, ez dira falta kalabazaren gurdia, musika, dantzak eta zuziak. Festa amaitzeko, zezensuzkoa aurrena eta beldur-erreketa gero Beldurren Eltzean. Ikusi hemen Errenteriako 2025eko Gau Beltzaren egitaraua.

Gau Beltza Lezon

Lezoko Gau Beltzaren ekitaldi nagusietako bat urriaren 31ko arratsaldean izaten da, Gau Beltzeko kalejirak Goiko Plazatik atera eta Lezoko kaleak zeharkatzen baititu. Amaieran, gaztaina erreak jaten dira, eta beldurrezko istorioak kontatzen Atzekoateko leizean. Ikusi hemen Lezoko 2025eko Gau Beltzari buruzko informazioa.

Gau Beltza Mutrikun

Axuri Beltzaren kalejira eta Talaixako mamuaren erreketa dira urriaren 31ko arratsaldeko programazioaren ardatz nagusiak, guztia musikaz eta dantzaz lagundua. Kontsultatu agendan Mutrikuko 2025eko Gaba Beltzaren egitaraua.

Gau Beltza Araban

Gau Beltza Aramaion

Tailerrak, ipuin-kontalariak eta, batez ere, desfilea dira jarduera nagusiak; eta, desfilearen ondoren, dantza-saioa eta edabe magikoa! Informazio gehiago, hemen.

Gau Beltza Zuian

Zuiako Gau Beltza ipuin-kontalariz betetako arratsalde batekin hasten da; gero, urriaren 31ko desfilea dator eta suaren inguruko dantza. Eta amaitzeko, txokolate beroa. Ikusi hemen Zuiako 2025eko Gau Beltzaren egitaraua.

Gau Beltzaren jatorria eta historia

Gau Beltza en Euskadi
Iturria: Birasuegi, CC BY-SA 4.0, via Wikimedia Commons

Gau Beltza edo Arimen Gaua aspalditik ospatzen da Euskadin, eta lotura estua du guren herriekin. Herrialde zeltek ekarri zuten gurera. Herrialde horiek Araban kokatu ziren aurrena, eta Gipuzkoa eta Bizkaiko goialdeetan gero, eta han bizi izan ziren erromatarrak heldu arte.

Halloweenen ospakizunaren arabera, espirituak lurrean zehar zebiltzan beste mundura bidaiatzen zuten bitartean; Gau Beltzean, ordea, uztaren amaiera ospatzen zen, edo, beste era batera esanda, urtearen amaiera.

Gero eta ezagunago egin ziren arbi, kalabaza, kandela eta eskaintzen bidez egiten ziren erritu paganoak, eta herriz herri zabaldu ziren, hamaika aldaeratan, Gau Beltza edo Arimen Gaua izenarekin.

Non ospatzen da Gau Beltza Euskadin?

Kalabaza moldatuak, kandela piztuak, beldurrezko istorioak ilunpean, sua, etxez etxeko janari-bilketa. Haur zein helduek Gau Beltza bizi zuten eta, orain, biziberritu egin dute Euskadin.

Herriz herri, pertsona nagusi askok gogoan dute nola haurtzaroan arbi eta kalabazak biltzen zituzten, nola barrutik husten zituzten giza aurpegi baten forma emateko, eta nola kandela bat pizten zieten barruan auzokoak eta adiskideak izutzeko. Edo nola ibiltzen ziren baserriz baserri, trapu zaharrez eginiko mozorroak soinean jantzita, fruitu lehor eta gaztaina eske.

Honelaxe oroitzen dute Gau Beltza:

Gau Beltzeko ohitura zabalduenetako bat da herrietako elizen kanpandorreetan kalabaza bat jartzea barruan kandela piztu bat duelarik.

Toki askotan, jakirik ere ez da falta izaten. Esaterako, Deba ibaiaren ertzetan ohikoak izaten ziren gaztaina erreak, bai eta Artzibar bailaran edota Arrasaten ere.

Mutrikun bada Gau Beltzaren beste bertsio bat: XIII. mendearen hasieran kalabazak jartzen ziren etxeetako ezkaratzetan, eta, jartzerakoan, herritarrek kantu bat kantatzen zuten Xestero ehorzlearen kontra: “Xesteron kontra, animen alde…” Ospakizun haren izena “Gaba Beltza” zen, eta azken urteotan ohitura berreskuratu nahian dabiltza, herriko kaleak zuzi, mozorro eta kalabazaz betez urtero, urriaren 31ko iluntzean.

Ikusten duzunez, aspaldidanik dugu gure Halloween jaia Euskal Herrian ere. Orain Gau Beltzaren jatorria eta historia zein diren badakizunez, hustu kalabaza, piztu kandela eta presta zaitez urteko gau beldurgarrienaz gozatzeko.