Xiber Aguilera
Lehenengoa Hardware arloaren arduraduna da. 10 urtetan parte hartu du Euskadiko erreferentziako LAN partyan, eta 8 urtetan antolatzaile gisa. Zale porrokatua eta aktiboa da Xiber, eta sektoreko erreferentziako beste ekitaldi batzuen antolaketan ere hartu du parte; adibidez, Aldea Digital-en, Mexikon. 3D-ko inprimagailuetan aditua eta hardware librearen zale sutsua da, baina, teknologia berrietarako grina izateaz gainera, mendizale amorratua da. Orain, Japoniara bidaiatzeko plan bat egiten ari da. Eta bi helburu ditu: batetik, Fuji mendia igotzea; bestetik, Akihabara bisitatzea (Tokioko zona famatu bat da, gadget elektronikoen eta bideojokoen sorlekua delako).
– EKT Bloga: Zer nabarmenduko zenuke aurten zure arloan?– Xiber Aguilera: Batez ere, robotika, domotika eta 3D-ko inprimagailuen inguruko gaiak. Hau da, hasi etxe bat robotizatzeko moduarekin eta gauza pila bat era askotako materialetan inprimatzeraino (brontzea, plastikoa, karbono-zuntza...). Hori guztia hardware libre (Arduino) eta software libre bidez.
– EKT Bloga: Zer ematen dizu Euskal Encounterrek?– X.A.: Parte-hartzaile gisa, asko ikasteko aukera, jendea ezagutzeko aukera eta konexio sinestezin bat izateko aukera ematen dit. Antolatzaile gisa, Euskal Encounterren jendeak ikasi, partekatu eta goza dezan laguntzea, hori da gehien gustatzen zaidana.
– EKT Bloga: Zer beste LAN party ezagutzen dituzu, eta zertan da desberdina Euskal Encounter?– X.A.: Gipuzkoan, Araban, Errioxan, Kantabrian, Lugon, Campus Partyn eta Mexikon ere izan naiz. Eta, egia esateko, batez ere jendeagatik da desberdina Euskal Encounter, askoz jende gehiago elkartzen delako; eta hori, irudiaren aldetik, ikusgarria da. Ikustea besterik ez dago zer gertatzen den argiak itzaltzen direnean. Itzela da, denak txaloka!
– EKT Bloga: Zure ustez, zein izango dira joerak hurrengo edizioetarako?– X.A.: Nik uste dut nire arloan batez ere inprimagailu litografikoen eta domotikaren arloan jarraituko dugula, eta 3D-ko eskanerretan ere bai, objektuak erreplikatzeko. Mundu oso bat dago oraindik aurkitzeko, baina aurrerapenak oso azkar datoz. Gainera, belaunaldi berriak indartsu datoz. Harrituta gelditzen gara zer haur etortzen diren ikusita: elektronika eta robotikaren hastapenak ezagutzen dituzte, eta badakite nola erabili 3D-ko inprimagailua bat.
Héctor Martín “Marcan”
Bestalde, Héctor Martín, ezizenez “Marcan”, Software Libre eta Zerbitzariak arloaren antolatzailea da. Euskal Encounterren giroetan, aipatzen da Héctor benetako crack bat dela. Zenbait urtez Googleren egoitzan lan egin zuen, Irlandan, eta orain Japonian bizi da —elektronikaren eta bideojokoen santutegietako batean, alegia— eta han lan egiten du (urtebete hutsean, japonieraz ikasi du, oinarrizko mailan).
– EKT Bloga: Euskal Encounterren 11 aldiz izan zara. Zerk motibatzen zaitu urtero-urtero etortzeko?Marcan: Batez ere, komunitatea, jendea. Jende asko dago urtean behin baino ikusten ez dudana. Asko gustatzen zait denok hemen elkartzea. Lau egun oso beteak dira; ez gara gelditzen.
– EKT Bloga: Zein dira software librearen abantaila nagusiak?Marcan: Modu irekian garatzen den software bat da, edonork alda dezakeena. Gaur egun, gailu mugikor gehienetan dago (smartphone eta tabletetan) Androiden bidez, eta ordenagailu eramangarrietan eta mahai gainekoetan, Linuxen bidez. Eta software librean oinarrituta daude, bestalde, mikrouhin-labe mota batzuk, etxetresna elektriko batzuk edo Youtuben bideoak ikusteko edo grabatzeko erabiltzen ditugun kodetzaileak (edozein mp4 artxibo, egia esateko).
– EKT Bloga: Japonian bizi zara orain, munduko herrialderik teknologikoki aurreratuenetako batean. Ezagutu duzu han Euskal Encounterren antzekoa den zerbait?Marcan: Tira, horrelako LAN party motak Europan dira tipikoak. Japonian beste era bateko ekitaldiak egiten dira, jendetsuak haiek ere, eta parte-hartzaileak berek sortutako gauzak saltzera joaten dira, autoargitaratu egiten dute.
– EKT Bloga: Zein da, zure ustez, software librearen etorkizuna?Marcan: Software librea oso moldagarria da; hori da haren abantailetako bat. Zalantzarik gabe, Gauzen Internetekin zerikusia duen guztian egongo da, indartsu, bai eta domotikari lotutakoan ere. Adimen artifiziala zerbaitetarako erabiltzen duen guztia software libreari lotua egongo da, ziur asko.