Normala iruditzen zaigu, gaur egun, urrutitik lan egitea, batez ere sektore batzuetan. Interneti esker, inongo arazorik gabe jardun gaitezke etxetik, lehen ezinezkoa zen zenbait egoeratan. Lana eta bizitza pertsonala uztartzeko bidean aurrerapausoa da telelana eta, gainera, areagotu egin du produktibitatea.
Alderdi positibo bikoitza du horrek: ona da enpresentzat, eta ona da gizon-emakumeentzat. Horregatik erabiltzen da geroz eta gehiago. Ingurua ere ari da egoera berri horretara egokitzen, eta erraztasun gehiago ematen dira etxetik lan egiteko: gailuak, software-programak eta aplikazio mugikorrak.
Etxetik edo bulegoa ez den beste nonahitik lan egiteko (smartphoneaz edo tabletaz baliatuz) merkatuak eskaintzen dituen aplikazio onenetako batzuei buruz jardungo gara gaur.
Google Apps -Denetik daukan erraldoia
Etxetik lan egiteaz eta interkonexioaz ari garenez, ez da harritzekoa Google aipatu behar izatea. Google Apps du izena enpresa-alorrerako Kaliforniako enpresa horrek sortutako konponbideak, eta denetik dauka. Beti komunikatuta egotea du oinarri, eta biltegiratze-ahalmen handia eskaintzea. Lau tresna nagusi ditu: Google Drive, Hangouts, Calendar eta Gmail.
Seguruenik, ezaguna zaizu Gmail, mundu osoan gehiena erabiltzen den posta elektronikoko plataforma; gainerako aplikazioak, ordea, ez zaizkizu hain ezagunak egingo. Ahots-deiak, txata eta bideokonferentzia zerbitzuak eskaintzen ditu Hangouts-ek, eta oso lagungarria da norberaren ekipoarekin konektatzeko eta bilerak egiteko. Calendar, berriz, agenda zentralizatu bat da. Drive, berriz, hodeian datuak biltegiratzeko zerbitzu bat da, eta behar diren artxibo guztiak igo, jaitsi eta gordetzeko aukera ematen du. Ez daukazu zauden lekutik mugitu beharrik, ez eta ordenagailua edo disko gogorra garraiatu beharrik ere.
Trello – Antolatu den-dena batere nekerik gabe
Trellok, bestalde, jarduerak eta lanak antolatzen laguntzen du. Lanak kudeatzeko plataforma bat da. Ez dute arrakasta handirik izan plataforma horiek, erabiltzailearen ikuspegiari gagozkiola bederen. Trellok, aldiz, aurrera egin du. Denborari etekin ahalik eta handiena ateratzeko tresna gisara aipatu izan dizugu, baina askoz gehiago ere bada. Nabarmentzekoa da doakoa dela, aplikazio mugikorra duela eta webgunean zuzenean ere erabiltzen dela; nonahi erabil daiteke, beraz.
Oro har, oso ondo betetzen du Trellok bere eginkizuna: elkarlana erraztu egiten du, era askotako artxiboak txertatzeko aukera ematen du (Dropbox, Evernote…), eta merkatuan ezagunak diren programa gehienekin erabil daiteke. Badu eragozpen bat, hala ere: oraindik ez dute gaztelaniara itzuli.
Join Me – Sinpletasuna da gakoa
Sinpletasuna da aplikazio horri ondoen dagokion hitza. Bideo- eta audio-saioak erraz eta doan egiteko aukera ematen du aplikazio horrek, eta, gainera, agiriak erraz asko partekatzekoa.
Aplikazio hori erabilita, lankideek zure mahaigaina ikus dezakete; hartara, erakusketa are didaktikoagoak egin ditzakezu.
Parallels Access – Gauzak egiteko beste era bat
Tabletaren zale bazara, berriz, hona gure gaurko azken aholkua: egiozu begiratu bat Parallels Access-i. Beharbada, oraindik ez duzu ezagutzen, baina aldatu egingo du gauzak ikusteko zure era. Aplikazio mugikor hori erabiliz,zure gailutik sar zaitezke zure ekipo guztietara. Horrez gain, haietan instalatuta dauden programa guztiak erabil ditzakezu, Mac izan edo PC izan zure ekipoak.