Sare sozialak gero eta presenteago daude gure eguneroko bizitzan, baina badakigu haiek erabiltzeak zenbait arrisku dituela, bereziki etxeko txikientzat. Dena den, gaur egun badaude adingabeentzako sare sozial espezifiko batzuk, txikiei aukera ematen dietenak beste haur batzuekin modu seguru eta dibertigarrian erlazionatzeko. Modu arduratsuan eta heldu baten gainbegiradapean, arriskurik gabe erabil ditzakete halako sareak. Hemen dituzue haurrek erabiltzen dituzten sare ezagunenetako eta erabilienetako batzuk.
Club Penguin Island
Sare sozial beteranoena da. Disneyk sortu zuen, eta 6-14 urtekoentzat da. Pinguino-pertsonaia baten bidez, sormena, originaltasuna eta gaitasunak sustatzen dira; besteak beste, diruaren kudeaketa, maskoten zaintza eta talde-lana. Sare sozial honetara sartzeko, heldu baten baimena behar da, eta hark konexio-denborak mugatu ditzake. Otsailetik, mugikorrerako bertsioa bakarrik dago erabilgarri, Androiderako nahiz iOSerako.
YouTube Kids
Ezagunenetako bat da, bere atari nagusiari esker (YouTube). Etxeko txikiek hainbat telesail ikusi ahal izango dituzte, hala nola Pocoyo, Doraemon eta Peppa Pig, eta online bakarrik ematen diren hainbat eduki, hala nola Bernard, El oso tramposo, Masha y el Oso eta Jelly Jamm, beste zenbait joko eta jardueraz gain. Edukia kanalen eta erreprodukzio-zerrenden arabera antolatuta dago, eta horrek erraztu egiten ditu bilaketak. Kanalak guraso-kontrola eskaintzen du, helduek adingabeen esperientzia konfiguratzeko, beste bideo batzuen bilaketak mugatzeko eta bideoak ikusteko denbora mugatzeko. Androiderako eta iOSerako deskargatu dezakezu.
Lego Life
Azkena ateratako sare sozialetako bat Lego da, 13 urtetik beherakoentzat, eta hurrengo hilabeteetan jarriko dute erabilgarri. Lego unibertsoa sare sozial horretara eraman dute. Han, avatarrak sortu ahal izango dira, norberaren gustuen arabera pertsonalizatu, piezekin hainbat irudi sortu, eta beste adingabe batzuekin partekatu. Hara sartzeko ere heldu baten baimena behar da.
Banana Connection
Sare sozial hau 7-12 urteko haurrentzat da, eta aukera ematen die YouTubeko bideoak ikusteko, erreprodukzio-zerrendak sortzeko, talde gogokoenen musika entzuteko eta hegazkin-, kirol- eta estrategia-jokoetan parte hartzeko. Jarduera horiez gain, Banana Connection sareak bide ematen du zaletasun eta interes komunen araberako komunitateak sortzeko. Sare sozial hau ingelesez eta gaztelaniaz dago, eta Androiderako eta iOSerako aplikazioa laster egongo da erabilgarri.
Nerabeentzako sareak
Ezin ditugu albo batera utzi sare sozial ezagunenak; izan ere, zure seme-alabek beharbada izango dute, jada, Facebookeko eta Instagrameko profila. Baina ez kezkatu! Sare sozialek berek ematen dizkigute segurtasunez ibiltzeko gomendio batzuk. Adibidez, Facebookek guraso-kontroleko jarraibide batzuk ditu, erabilera kontrolatuta egon dadin. Instagramek ere baditu segurtasun-gomendio oso erabilgarri batzuk, adingabeek behar bezala erabil dezaten.
Gogoan izan: gomendio hauez gain, ezinbestekoa da komunikazioa, nerabeek sare sozialen arriskuak uler ditzaten eta sareok egoki eta segurtasunez erabil ditzaten. Jarraitu gure gomendioei, eta eman aukera zure familiari halako aplikazioak eta haien sare sozial gogokoenak segurtasunez erabiltzeko.