Irail bete-betean gaude! Ez da hain gogorra izan, ezta? Itzuli zara lanera, unibertsitatera, gimnasiora… Berriro hasi zara irrikaz ikusten Harrow eta National Geographic Wild, atal bat ere huts egin gabe, eta dagoeneko gorde duzu hainbeste gozarazi dizun flamenko-itxurako puzgarri erraldoia…
Zu ederki zabiltza, baina badakigu zure mugikorra hala moduz dabilela, uda gogorra izan da harentzat eta. 3.275 argazki eta 497 bideo dituzu, bidaiatzeko aplikazio berriak instalatu dituzu, koadrilako gastuak ordaintzekoak, umeentzako jokoak... Eta zuk ez dakizu zergatik dabilen hain mantso? :) Bada garaia reset egin, eta zure smartphonea berria balitz bezala uzteko.
Kopiatu hodeian zure argazkiak eta bideoak
Kontuz! Reset egiten baduzu, mugikorrean duzun guztia galduko duzu (argazkiak, bideoak, aplikazioak...). Beraz, beste ezer egin aurretik, gorde argazkiak hodeian . Hala, seguru jakingo duzu ez duzula galdu ABBAko ilehoriaz mozorrotuta Dancing Queen dantzatu zenueneko bideoa. Hodeian gordeta, beti izango dituzu eskura, esku artean edozein gailu duzula ere, eta nahi duzunarekin partekatu ahal izango dituzu.
Gorde zure konfigurazioak Androiden edo iOSen
Orain, hartu arnasa, eta presta zaitez zure mugikorra formateatzeko... Itxaron! Zure smartphonean duzun GUZTIA ezabatzera zoaz: Aplikazioak, posta elektronikoko kontuak, agendako gogorarazpenak… den-dena.
Hori egin nahi baduzu, aurrera. Baina datu horiek galdu nahi ez badituzu, segurtasun-kopia bat egin dezakezu, irudirik eta bideorik gabekoa. Androidekoa bazara, aktibatu Segurtasun-kopia Googleren zure kontuan (Ezarpenak>Kontuak>Babeskopia eta berrezarri>Segurtasun-kopia egin), eta aktibatu Berrezarpen automatikoa aukera.
iPhone bat baduzu, berriz, egin gauza bera Segurtasun-kopia iCloud-en aukerarekin (Ezarpenak> [zure izena] > iCloud > Segurtasun Kopia iCloud-en).
Nola egin reset eta nola utzi zure mugikorra berria bezala
Orain bai. Zure Android mugikorra formateatzeko, aski duzu Ezarpenen fitxara joatea eta Berrezarri fabrikako datuak aukera hautatzea. Modeloa zein den, bide bat edo beste bat egin beharko duzu aukera horretara iristeko. Kasu batzuetan, hau da bidea: Ezarpenak>Kudeaketa orokorra>Berrezarri>Berrezarri fabrikako datuak. Beste batzuetan, berriz, hau: Ezarpenak>Pertsonala>Segurtasun-kopia>Berrezarri fabrikako datuak
Orain, zure mugikorra ia berria bezala dago. Smartphoneak erakutsiko dizu nola instalatu behar duzun, eta, Googleko zure kontua sartutakoan, aurrez gorde zenituen konfigurazioak berrezarriko dira.
iOSa baduzu, bide hau egin behar duzu: Ezarpenak>Orokorra>Berrezarri>Ezabatu edukia eta ezarpenak. Berrabiaraztean, iPhoneak berak gidatuko zaitu instalazioan. Eta Aplikazioak eta Datuak pantailara iritsitakoan, aski duzu Berrezarri iCloud-eko kopiarekin sakatzea. Kito.
Biltegiratze-barra berdez agertzen zaizu orain? Bada, jarri lanean memoria! Deskargatu aplikazio bat oporretako zure argazkiak kudeatzeko eta bideoak editatzeko, eta erakutsi guri ere!