Bukatzear da uda. Eta zenbaki gorritan duzu kontua. Argi ultramorearekin ere ezin da irakurri zure txartelaren banda magnetikoa. Hainbeste erabili duzu mugikorra ordainketak egiteko, desinstalatu egin zaizu aplikazioa! Ezin duzu sinetsi: “Jainko maitea, nola gertatu zait hau, baina”? ????
Inoiz baino gehiago,laguntza behar duzu orain. Eta azkar, dirua ez baita hazten zuhaitzetan. Nahikoa lan izango dugu aurtengo oportzarren ondoren leheneratzeko. Askotan esaten digu amak gastatu eta gastatu egiten dugula, batere beldurrik gabe, ez diogula plan bakar bati ere ezetz esaten...
Beraz, bada garaia gure gastuak kontrolatzen hasteko. Eta horretarako ere smartphonea dugu lagunik onena. Zenbait aplikazio proposatuko dizkizugu hemen zure eguneroko bizitza ez dadin bihurtu gastu-zerrenda amaiezin bat eta hilabete-bukaerara ustekabe handirik gabe irits zaitezen. Aurrezteko prest? Let´s go!
Fintonic
Mundiala da aplikazio hau: Google-ren mugikorreko berrikuntzetarako saria irabazi zuen duela urte pare bat... Baina lasai, e? mirariak ere ez baititu egiten zure euroekin. Finantza-informazio pertsonalaren agregatzaile bat da; hau da, zure finantza-datuak sartu, konektatu, zure banku-kontuak sinkronizatu, eta gastuak kontrolatzen laguntzen dizu aplikazioak. Horretaz gain, beste funtzio interesgarri batzuk ere baditu. Esate baterako, ‘Abisuak’ atala konfigura dezakezu aplikazioak jakinaraz diezazun ea kobratu duzun nomina edo zenbat diru gastatu duzun aste batean edo hilabete osoan. Sakatu ‘Mugimenduak’ eta ikusi di-da batean zure balantzea egunero-egunero: sarrerak, arrosaz; gastuak, urdinez, eta ‘ez-konputagarriak’, grisez. (Oharra: Jarraitu gertutik grisari!) Eta aurrezteko, izan ausarta eta sakatu ‘Gastu-kategoriak’: kategorien banakapena eskaintzen dizu aplikazioak, eta kategoria bakoitzean hilero zenbat gastatu duzun ikus dezakezu. Aurreikuspen-sistema bat ere badu, gainera, zure aurreko portaeran oinarritua, aurreko hilabeteetako gastuekin konparatu ahal izateko. Trikimailu bat: aplikazioak ez du aukera ematen beste kategoria batzuk sortzeko, baina “deskribapenik ez” atalean jasotzen ditu kategoriarik gabeko mugimenduak, eta beste datu batzuk ere ematen ditu. Aitzakiarik ez, beraz. Deskarga ezazu lehenbailehen: Androiderako eta iOSerako bertsioak dituzu.
Gasolina, merkeago
Bazenekien gasolindegi batetik bestera 13 zentimoko aldea egon daitekeela gasolina-litroaren prezioan? Pentsa! Zure autoak 50 litroko erregai-tanga baldin badu, 5 euro aurreztu ditzakezu tanga betetzen duzun bakoitzean! Bestela esanda, bi kaña eta pintxo bat etxe ondo tabernan, gaueko bederatzietatik aurrera. Eta pentsa nolako dirutza aurreztu dezakezun autoa egunero erabiltzen baduzu lanera joateko! Beraz, ez pentsatu gehiago; deskargatu aplikazio hau Androiderako eta iOSerako bertsioan, eta aurreztu dirua baita autoa gidatzen ari zarenean ere!
Radarprice
Ikaragarria da aplikazio hau. Demagun kafezale amorratua zarela eta, beraz, kafe asko hartzen dituzula egunean: bizi zaren lekutik gertu ahalik eta kafe-preziorik onena eskainiko dizun hornitzailea behar duzu. Bada, deskargatu aplikazio hau, aukeratu zure kafe-marka gustukoena eta eskaneatu haren barra-kodea. Handik hiru segundora, aplikazioak esango dizu zein den kafe-marka hori preziorik onenean saltzen duen onlineko denda. Eta gauza bera indukzio-plaka bat, perfume bat edo yoga egiteko estera bat behar baduzu: sartu izena eta modeloa, eta... voilà! Alde izugarriak daude prezioetan. Elementu osagarri asko ditu aplikazioak gainera: adibidez, aukera ematen dizu zure dendarik gustukoenaren fidelizazio-txartela sartzeko edo zure produktu gustukoenak gordetzeko... Mundiala! Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.
Edergintza, modu onean
Kosta ahala kosta itxura zaindu behar duen horietakoa zara? Ile-apaindegira zuzenean, orduan, nahiz eta finantzek ez diguten asko laguntzen. Baina zaindu egin behar da itxura! Modu onean, hori bai, eta % 50erainoko deskontuekin. Deskargatu Bucmi, eta hartu hitzordua ilea mozteko, azazkalak margotzeko, depilatzeko eta nahi adina edergintza-tratamendu egiteko, neskentzat zein mutilentzat. Androiderako eta iOSerako bertsioak ditu.
Etxeko konponketak
Lehendik gastu finko gutxi bagenituen, pentsa nola datozkigun orain ezusteko gastuak! Ez dugu zorigaiztoko txori izan nahi, baina demagun justu samar zabiltza hil honetan eta halako batean konturatzen zarela etxeko giltzak galdu dituzula eta giltzen kopia duen etxeko gertukoena Ulan Bator-en dagoela oporretan. Sarrailagileari deitu behar. Nori, baina? Merkeenari. Eta nola jakin hori? Jobin aplikazioari esker. Aplikazio honek erraz-erraz aurkitzen dizkizu etxeko konponketa guztietarako behar dituzun profesionalak: aplikazioan sartu, behar duzun sektorea hautatu, zer larrialdi-mota duzun deskribatu, eta aurrekontua eskatu. Hiru proposamen jasoko dituzu di-da batean, gehien interesatzen zaizuna aukeratu dezazun. iOSerako eta Androiderako bertsioak ditu.
Ez duzu aitzakiarik, beraz, zenbaki gorritan jarraitzeko. Egin ahalegintxo bat eta murriztu gastuak, ezustekorik ez izateko hil bukaeran. Edo hasia zara dagoeneko aurrezten? Gastuak kontrolatzen laguntzen duen beste aplikazioren bat ezagutzen baduzu, esaguzu! Mesede ederra egingo diguzu denoi!