Iraila iristen denean, Ama Birjina omentzeko jaiak bata bestearen atzetik izaten dira Euskadi guztian. Bermeoko 2025eko Jaiak (Andra Mari eta Santa Eufemia) irailaren 7tik 16ra dira. Jaietako egitarauan ez dira falta musika, kirola, su-festak eta danborradak.
Bermeon Almikako Ama Birjinaren eguna ospatzen dute irailaren 8an, herriko zaindaria baita, baina jaiek irailaren 16a arte jarraitzen dute, eta Santa Eufemiarekin amaitzen dira. Astebete baino gehiagoko ospakizunak, uda behar den moduan amaitzeko.
Adin guztientzako moduko jarduera ugari dituzu Bermeoko jaietako egitarauan: Kontzertuak, estropadak, play-back lehiaketa, herri-bazkaria eta kuadrillen jaitsiera, tortilla-txapelketa, herri-kirolak, nekazaritza-azoka eta oiloen erakusketa, esku-pilotako partidak, haurrentzako jarduerak eta, nola ez, su-festa ospetsuak (hiru mende baino gehiagoko historia dutenak).
Bermeoko 2025eko Jaietako egitaraua

Bermeoko 2025eko Jaiak iragartzen dituen kartela Leire Sánchez Patiñok egin du eta "Han dator Xixili" du izena.
Aurten berrikuntza hauek daude: Su-festen ordua eta Xixiliren dolu-paseoarena 21:30era aurreratu dituzte. Txupinazoaren ordua, berriz, mantendu egiten da: 20:00etan izango da.
Motorrak berotzen hasteko, irailaren 6an (asteazkena), txosnak irekiko dira (beren txupinazo eta guzti), Bermeo Uria zesta-punta txapelketako finalak jokatuko dira, Eingule? lehiaketa egingo da Bermeoko hitzekin jolasteko, eta Itsasoko Eguna ospatuko da.
Irailaren 7tik aurrera, Bermeok jaiez gainezka egingo du.
Irailak 7, igandea
-
Kuadrillak Almika auzotik txosnen gunera (parkean) jaitsiko dira. Jaitsiera horrekin ematen zaie hasiera jaiei. Karrozak ere izaten dira, eta jendea mozorrotuta ibiltzen da.
-
Herri-bazkaria.
-
19:45: Xixili udaletxeko balkoira aterako da.
-
20:00: pregoia eta txupinazoa.
Irailak 8, astelehena: Almikako Ama Birjinaren eguna, Andra Mari eguna
-
Txistulariak, musika-bandak, dantzariak eta konpartsak.
-
Ohorezko aurreskua.
-
Erraldoien desfilea.
-
Haurren danborrada
-
Bermeo Hiria esku-pilotako Bizkaiko Irekia.
-
Su-festa (XVII. mendeaz geroztik egiten da).
-
Txosna inguruan kontzertuak: The Hot Tubes.
Irailak 9, asteartea Arrantzalearen Eguna
-
Arrantzalearen Eguneko jaitsiera. Fanfarreei jarraituz, Taraska plazaraino iritsiko dira, eta han aurreskua eta lore-eskaintzak egiten dira.
-
I love Italia taldearen kontzertua.
-
Zutiken erromeria.
Irailak 10, asteazkena
-
Bertsolariak.
Irailak 11, osteguna
-
Irteera Sancti Spiritus egoitzatik Almikara.
-
KOZ taldearen emanaldia.
-
Tortilla-txapelketa.
-
Bermeo Hiria esku-pilotako Bizkaiko Irekia.
-
Txokolate-jatea.
-
Addar eta Elizabeltzen kontzertua.
Irailak 12, ostirala
-
Mozorroak txosnetan.
-
Helduen danborrada.
-
Queerpoteoa.
-
Kontzertuak
Irailak 13, larunbata
-
Sukalki Eguna Talan.
-
Zezensuzkoa.
-
Erromeria, Laprast taldearekin.
Irailak 14, igandea
-
Bermeoko III. Erraldoi Txiki eta Ertainen Bilkura.
-
Bermeo Hiria Bizkaiko Irekia.
-
Haurrentzako puzgarriak.
-
AH!, Anari eta Puro Relajoren kontzertuak.
Irailak 15, astelehena
-
Play-back txapelketa.
-
Antzerkia: “Etxa Gatza”
Irailak 16, asteartea Santa Eufemia eguna
-
Nekazaritza-azoka.
-
Euskal Oiloaren Bizkaiko IX. Txapelketa.
-
Bermeoko bertako abereen erakusketa.
-
Aiarako Musika Bandaren eta Bermeoko txistularien emanaldia, eta Bermeoko Erraldoien Konpartsa Aiarako Musika Bandarekin.
-
Bertsolariak: "Balkoitik balkoira"
-
Bermeo Hiria Inpesca pilota-jaialdia.
-
Dolu-paseoa Xixiliri agur esateko.
-
Su-festa.
Xixili, Bermeoko maskota

Mahoizko alkandoraz eta lepoko zapiaz gainera, Xixili da Bermeoko jaietako elementu bereizgarrienetariko bat. Historia berezia du, demokrazia ezarri zen garaikoa.
Euskal Herriko herrietako jaiek aldaketa sakonak izan zituzten. Adibidez, Bilboko Aste Nagusian zenbait berrikuntza egin ziren, eta, hala, 1978ko abuztuan Marijaia maskota sortu zen.
Bermeon, Pedro Laspiur, Xabier Pagazartundua, Iñaki Markaida eta Ana Carmen Uriarte bermeotarrek antzeko zerbait egitea pentsatu zuten, baina proiektua pixka bat gehiago landuta. Hala, Bermeoko historiari eta tradizioari lotutako maskota bat sortzea erabaki zuten.
Lamiak, Xixili sortzeko inspirazioa
Modu horretan, bururatu zitzaien maskota hori Bermeoko etnografiako figura tradizional batekin, lamiekin, lotzea. Lamia tradizional bat sortu zuten, adats luze eta horikoa, orrazi eta guzti. Lehenengo lamia, jaietako ikur bilakatu nahi zena, Xabier Pagazak egin zuen, Butrón eskultoreak egindako igeltsuzko buru bat erabiliz.
Xixili izena jartzea erabaki zuten. Proiektua 1978ko neguan garatu zen. 1979ko jaietako egitarauaren portadan aurkeztu zen lehenengoz. Gainera, Xixili Andra Mari jaietako maskota gisa zergatik sartu zen azaldu zen egitarau horretan.
Aurten Bermeoko 2023ko Jaietara baldin bazoaz, ederki pasatuko duzu jarduera-aukera zabalarekin, eta beste begi batzuekin ikusiko duzu Xixili, orain haren historia osoa ezagutzen duzu eta.
Zatoz Bermeoko 2025eko jaietara. Ekitaldi-programa zabala izango duzu, eta, bide batez, Xixili ezagutuko duzu ;)
Irudia: Bermeoko Udala.