Balmasedako 2026ko Aste Santuak Ostegun eta Ostiral Santuak ditu egun handiak, orduan egiten baita Balmasedan Jesu Kristoren pasioaren errepresentazio biziduna. Prozesioez gain, Azken Afariaren, Pilatoren aurreko epaiketaren eta gurutze-bidearen errepresentazioak dira unerik gogoangarrienak. Hemen duzu Balmasedako 2026ko Aste Santuko egitarauari buruzko informazio guztia, zeina Euskadiko esanguratsuenetako eta ikusgarrienetako bat baita, zalantzarik gabe.
700 bat herritarrek hartzen dute parte aktiboki Kristoren Pasioa irudikatzen duen Gurutze-bidearen errepresentazioan.
Milaka bisitari erakartzen ditu urtero Balmasedako Aste Santu bizidunak, eta jarduera eta programazio zabala du.
Balmasedako 2026ko Aste Santuko programa

Balmasedan, kaleetako txoko guztiek, herritarren arropak eta makillajeak errealismo harrigarriz irudikatzen dituzte Kristoren bizitzako azken orduak.
Balmasedako 2026ko Aste Santuko egitarauak Ostegun Santu gaua (apirilaren 2a) eta Ostiral Santu goiza (apirilaren 3a) ditu unerik gorenak, egun horietan egiten baita XIX. mendearen amaieratik Kristoren Pasioaren errepresentazio biziduna.
Denboraren poderioz, pertsonaiak eta agertokiak gehitu dira, errealismoa eta ikusgarritasuna irabazi dira, baina funtsa galdu gabe.
Balmasedako 2026ko Aste Santuko prozesioak
2026ko Balmasedako Aste Santuko xehetasun guztiak argitaratu bitartean, Balmasedako Gurutze-bide biziduneko ohiko urratsen prozesioaren, antzezpenen eta ekitaldien berri emango dizugu.
-
Urratsen prozesioa
-
Azken Afaria
-
Pilatoren aurreko epaiketa
-
Gurutze-bidea
-
Ehorzketaren prozesioa
-
Isiltasunaren prozesioa
Balmasedako 2026ko Aste Santua: Haurrentzako Pasio Biziduna
Balmasedako 2026ko Aste Santuak astebete geroago jarraituko du, txikienen antzezpenekin.
Magdalenako haur-prozesioa eta Santo Domingoko gurutze-bidea: guardien kalejirak eta antzezpen ugari egiten dira; besteak beste, hauek: “Azken Afaria”, “Sanedrinen atxiloketa eta epaiketa”, “Herodesen aurreko epaiketa”, “Judasen urkamendua”, “Pilatoren aurreko epaiketa”, “Olibondoen baratzeko otoitza” eta “Jesusen atxiloketa eta gurutziltzaketa”.
Balmasedako Aste Santuaren jatorria

Balmaseda, Enkarterrin, Bizkaiko lehen herria da, eta hango Aste Santua eztabaidarako gaia da oraindik.
Autore batzuek 1480an sortu zela esaten duten arren, 1771koa da Aste Santua ospatzen zela baieztatzen duen lehen agiria; izan ere, orduan aipatu ziren lehenbiziko aldiz “Aste Santuko prozesioak” udal-agiri batzuetan.
XIX. mendean, Balmasedako Aste Santuko elementu berrien aztarna dokumentalak agertu ziren. “Penitenteak” edo “nazarenoak”, “fariseuak” edo guardia erromatarreko soldaduak aipatzen ziren jada garai hartako agiri ofizialetan. Balmasedako Aste Santuko elementu bereizgarrienetako bat bihurtu ziren, eta bizirik iraun dute gaurdaino.
Balmasedako Nazarenoa
XIX. mendeko azken hamarkadan, Aste Santuko pertsonaia nagusia – “Nazarenoa” edo “Jesukristo”– lehen aldiz aipatzen duten dokumentuak gorde ziren; une horretatik aurrera hitz egin dezakegu Balmasedako Jesukristoren pasioaren errepresentazioaz.
Balmasedako Aste Santuko beste mugarri bat 1963an gertatu zen, orduan gehitu baitzen zalantzarik gabe eszenifikazio ororen une gorena dena: "Gurutziltzaketa”.
Tradizio eta sinbolismo handiko ekintza liturgikoak dira, euskal iruditeria aberatsarekin eta penitentziako pausoekin batera Balmasedako Aste Santuaren errepresentazioa ezinbesteko hitzordu bihurtzen dutenak.
Oraindik planik ez baduzu, ez izan zalantzarik eta etor zaitez; kontuan izan, hala ere, garraio publikoa dela aukerarik onena, Balmasedak ospe handia baitu, eta ekitaldi guztiak oso jendetsuak izaten baitira.
Goiburuko irudiaren iturria: Asociación Vía Crucis de Balmaseda.
