Maiatzeko lehen ostiralean ospatzen da Antxua Eguna Getarian. Aukera paregabea da jaki hori dastatzeko, txakolina, musika eta askoz gehiago lagun dituela. Hain zuzen, Getariako 2024ko Antxua Eguna maiatzaren 3an izango da, eta asteburu osoan izango dira jarduerak, igandera arte, Arrantzale Eguna ospatzen den arte. 2024ko antxoaren festako egitarau osoa kontatuko dizugu hemen.

Antxoa eta txakolina sustatzen dira Antxua Egunean, eta, bide batez, arrantza-sektorearen eta sektore horretan lan egiten duten pertsona guztien balioa erreibindikatzen da.

Antxoari buruz ikasteko aukera egokia izaten da, erakusketak, hitzaldiak, lantegiak eta lonjetarako bisitak antolatzen baitira; eta, nola ez, antxoak (parrillan, frijituta edo gazituak) dastatzeko aukera izaten da.

Getariako 2024ko Antxua Eguneko egitaraua

Esan dizugun bezala, Getariako 2024ko Antxua Eguneko egun nagusia maiatzaren 3a (ostirala) izango da; eguerdian hasiko da, Balentziaga Museoan, Zilarrezko Antxoaren Aitortzak banatzen direnean.

Arratsaldean helduko da antxoak parrillan dastatzeko unea pilotalekuan, txakolinarekin edo sagardoarekin batera. Trikitilari- eta txistulari-taldeek girotuko dute festa.

2024ko "Antxua Egun"eko egitarauak maiatzaren 4an jarraituko du txikientzako jarduerekin eta bisita gidatuekin.

Getariako 2024ko Antxoaren Jaia maiatzaren 5ean (igandea) amaituko da, Arrantzale Egunean. Jarduera nagusiak goizean hasten dira, Gipuzkoako Trainerilla Liga, "Antxua Egun"eko bandera, arrantzaleen aldeko meza eta itsasoaren bedeinkapena egiten direnean.

Hauek dira Getariako Udalak argitaratu duen 2024ko "Antxua Eguna"ren programako jarduerak.

Ostirala, maiatzak 3

  • 12:30. Balentziaga Museoa: Zilarrezko Antxoaren Aitortzak.
  • 18:30. Musika Eskolako trikitilariak eta Gure Txeru dantza-taldearen ekitaldia, Gazte Alaiak txistulariekin. Ondoren, animazioa EinGO taldearen eskutik.
  • 19:00 – 21:00. Pilotalekua: antxoa-dastaketa, musikarekin.

Maiatzak 4, larunbata

  • 10:00 - 14:00. Getariako lonja: Izan Arrantzale, Kofradia-Itsas Etxekoa, 6 eta 12 urte bitarteko haurrentzat. Doako jarduerak:
    • 10:00 - 11:30. Itsasoko eskulanak.
    • 11:30 - 12:30. Itsasoko esperimentuak.
    • 12:30 - 14:00. Arrantza-tailerra.
  • 10:00 - 18:00. Mater ontzi museorako bisita. Kontsultatu ordutegiak eta/edo euskara. erreserbatu tokia hemen gaztelaniaz
  • 11:00. VI. "Antxua Egun"eko bela-estropada.
  • 10:00 - 14:00. Getariako lonja: saregileen lanaren erakusketa.
  • 12:00 - 13:00. Getariako portua: antxoa dastatzea eta Getariako txakolina. Bi txanda. Hemen erreserbatu behar da.
  • 12:30. Getariako portua: artisau-kontserbak egiteko tailerra Mater ontzian. Hemen erreserbatu behar da.
  • 18:00. Pilotalekua: euskal mitologiari buruzko haurrentzako jolasak.
  • 20:30. Salbatore Deunaren eliza: Suhar abesbatza.

Maiatzak 5, igandea

  • 10:00. Arrantzaleen omenezko meza Getariako koruarekin, itsasoaren bedeinkapena Artzapen, eta erretiratutako arrantzaleen omenaldia.
  • 10:00 - 11:30. Mater ontzi museorako bisita. Kontsultatu ordutegiak eta/edo euskara. erreserbatu tokia hemen gaztelaniaz
  • 11:00. Gipuzkoako Trainerilla Ligako 3. jardunaldia, "Antxua Egun"eko bandera
  • 12:30. Getariako portua: artisau-kontserbak egiteko tailerra Mater ontzian. Hemen erreserbatu behar da.
  • 18:00. Pilotalekua: Urrezko aizkora.
  • 18:00. Kale-animazioa Deiadar txarangarekin.

Antxoaren historia eta tradizioa Euskadin

Antxoa Euskadi

Benetan gozoak eta osasungarriak dira gure antxoak. Baina jateko gozo horren atzean ahalegin ugari eta tradizio luze bat daude, antxoak kostaldetik gure mahaietara eramateko aukera ematen digutenak.

Ez dago zalantzarik antxoa, edo bokarta, dela euskal kostaldeko eta Kantauri itsasoko arrain urdin preziatuenetariko bat.

Baina beharbada ez duzu jakingo italiar gazitzaileek hasi zutela Euskadin antxoaren negozioa XIX. mendearen amaieran.

Zehazki, jarduera horri buruzko lehenengo lekukotza idatzia 1886koa da; hain zuzen, Bermeoko Udalak Angelo Parodi Fu Bartolomeo sozietateari gazitze-industrian aritzeko emandako udal-baimen bat.

Oliotan kontserbatutako antxoa, gaur egun ezagunena, ez zen iritsi 1914 arte, urte hartan hasi baitziren Ondarroan eta beste portu batzuetan pixkanaka kontserba-mota hori ekoizten.

Euskadiko kostaldean arrantzatutako antxoaren kalitateaz jabetzen hasi ziren garai hartan. Haien zapore bikainaz gainera, oso ugariak ziren. Hala, 1960ko hamarkadako urte batzuetan "bandera-egunak” ezarri behar izan zituzten: egun horietan ontziak ezin ziren arrantzara atera, dagoeneko harrapatuak zituzten antxoen eskaintza ugaria ez areagotzeko.

Antxoaren arrantza Euskadin

Gaur egun, antxoaren denboraldia udaberrian eta udazkenean izaten da, eta ale mamitsuenak apiriletik ekainera harrapatzen dira, batez ere, uraren tenperaturaren eraginez.

Inguraketa-sareak dira metodo erabiliena: gainazalean sardak osatzen dituzten arrainak arrantzatzeko modu jasangarri bat.

Antxoak gazitzea

Antxoa

Gazitzea da kontserbazio-modu nagusia. Teknika erraz eta eraginkorra da, eta gatz larria eta oliba-olio birjina estra baino ez dira behar.

Lehenik eta behin, burua eta tripak kendu behar zaizkie antxoei.

Ondoren, gatz-geruza finen artean jartzen dira antxoak, barrika itxi eta prentsatuetan.

Sei hilabeteren buruan atera eta garbitu egiten dira, gatza kentzeko.

Azkenik, xerrak ateratzen dira, isatsik eta azalik gabe, eta oliba-olioz betetako potoetan sartzen dira. Horrela iristen dira gure mahaietara kontserbako antxoak.

Antxoen propietate eta onurak

Antxoak luzangak dira, 12 zentimetro ingurukoak. Txikienak aproposak dira frijitzeko, eta handienak kontserbarako erabiltzen dira. Gainera, antxoak arrautza-irinetan pasatuta edo frijituta afari tipikoa dira antxoa-garaian, eta gazituak ezinbestekoak dira gilda on batean.

Antxoarik onenak hautatzeko, erreparatu haien koloreari: marroi arreak izan behar dute, pixka bat gorrixkak, eta kolore uniformekoak. Zenbat eta freskoagoak izan, orduan eta kolore biziagoa edukiko dute.

Iparraldeko jaki preziatuenetariko bat da antxoa. Izan ere, gozo-gozoa izateaz gainera, osasun-iturria ere bada. Omega-3 gantz-azido ugari du, eta proteina-, bitamina- eta mineral-iturri aberatsa da. Hala, gaixotasun kardiobaskularrak eta hesteetakoak prebenitzen eta kolesterol- eta triglizerido-mailak jaisten laguntzen du.

Getaria: Elkano, Balentziaga, baleak eta antxoak

Getaria

Irudia: Getariako Udala

Gipuzkoako herri honek lotura handia izan zuen garai batean baleen arrantzarekin (herriko armarrian ere agertzen da balea bat). Gainera, Juan Sebastian Elkano itsasgizonaren eta Cristobal Balentziaga diseinatzailearen sorterria izateagatik ere ezaguna da.

Baina Getaria ez litzateke Getaria izango kairik eta arrantzalerik gabe. Herriaren beraren eta San Anton uhartearen artean dago kaia; Kantauri itsasoko portu babestuenetariko bat da, eta erreferentea baxurako arrantzan.

Getariako erdigunean dago lanerako eta aisialdirako toki hau. Izan ere, ostalaritzako establezimendu ugari ditu inguruan, eta bertakoek nahiz bisitariek Kantauri itsasoko arrainik onenez gozatzen dute haietan.

Kontserba-enpresak eta lantegiak Getarian

Getariako portuan hainbat kontserba-enpresa daude, belaunaldiz belaunaldi igaro diren artisau-tekniken bidez prestatzen dutenak antxoa; haien adibide dira, esate baterako, Oliveri eta Salanort.

Lantegi batzuetan (esate baterako, Anchoas Maisor lantegia, antxoa gazituen xerratan espezializatua) Getariako benetako antxoari testura eta zaporea mantenduta xerrak nola ateratzen zaizkion irakasten dute.

Dasta ezazu Kantauri itsasoak Euskadiko kostaldera ekartzen digun arrain osasungarri eta zaporetsuenetariko hau.

Horretarako aukera paregabea izango duzu Getarian maiatzaren 3an (ostirala) 2024ko Antxua Egunean, kulturak, musikak eta gastronomiak bat egiten duten egunean.