Badakizu zein den Zeledon? Urtero, Gasteizko Andre Maria Zuria zaindariaren jaiak hastean, Gasteizko zerua zeharkatzen duen pertsonaia ezaguna da. Jaiak abuztuaren 4tik 9ra ospatzen dira. Aspaldiko ohitura da, eta jarduera asko izaten dira egun horietan.
Urtero, abuztuaren 4an, arratsaldeko 6etan, gasteiztarrek dena emanda agurtzen dute Zeledon. Gasteizko 2025eko Andre Maria Zuriaren jaien hasiera irudikatzen du Zeledonen jaitsierak, eta jaiak, aurten ere, musikaz, antzerkiz, barrakaz, su artifizialez, gastronomiako eta artisautzako azokez eta kultura-, jolas- eta kirol-jardueraz beteta datoz.
Baina Gasteizko jaiak zenbait egun lehenago hasten dira girotzen, 2025eko Andre Maria Zuriaren jai-atarikoekin eta Blusen eta Nesken egunarekin (uztailaren 25a), Santiago egunez; 2025ean jaieguna da Euskadin Jai-atarikoak igandetik igandera izango dira, uztailaren 20tik abuztuaren 3ra; orduan hasiko dira Gasteizko Andre Maria Zuriaren 2025eko jaiak.
Gasteizko 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietako egitaraua

Irudia: Gasteizko Udala
Gasteizko 2025eko Andre Maria Zuriaren jaiak abuztuaren 4an hasiko dira, astelehenean, txupinazoa jo (18:00etan) eta Zeledon jaistearekin batera. Modu horretan hasiko dira jarduera eta kontzertuz betetako arratsaldea eta gaua. Gainera, lasai asko ospatu ahal izango duzu, asteartea, abuztuak 5, jaieguna baita Gasteizen.
Jai-giroko sei egun izango dituzu artean aurretik. Izan ere, jaiak abuztuaren 9tik 10erako gauean amaituko dira, 01:00etan.Orduan, Zeledon San Migel kanpandorrera igo eta agur-omenaldia eta kandelen prozesioa egingo dira.
Gasteizko 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietako egitarauan honako hauek nabarmentzen dira: erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsak, kalejirak, Gargantua, dantza, bertso-saioak, azoka arabiarra, piroteknia-ikuskizunak, Mendizabalako azoka-eremuko barrakak, Andre Maria Zuriaren jaietako Azoka (Santa Barbara plazan) eta beste asko.
Baina Andre Maria Zuriaren 2025eko egitarauan, kontzertuek eta musikak leku berezia hartzen dute.
Urtero kontzertu eta emanaldiak izaten dira Foruen Plazan, Aihotz plazan (euskal musika bereziki), Falerina lorategian, txosnetan, Plaza Berrian (orkestrak) eta Arka plazan (berbenak).
Gasteizko Udalak argitaratu du 2025eko Andre Maria Zuriaren jaien eta jai-atarikoen egitaraua; hemen deskargatu dezakezu:
Eta hemen azalduko dizkizugu jarduera aipagarrienak. Andre Maria Zuriaren jai-atarikoak, uztailaren 20tik abuztuaren 3rakoak, eta Andre Maria Zuriaren 2025eko jaietakoak, abuztuaren 4tik 9rakoak:
Uztailak 24, osteguna
- 23:00. Plaza Berrian: dantzaldia Joselu Anaiak taldearekin.
Uztailak 25, ostirala: Santiago Eguna
- 07:00 - 00:00. San Frantziskoko malda eta Errege Atea: Baratxuri azoka.
- 11:00. Andre Maria Zuriaren plaza: Ardo-upelen lasterketa, blusa eta nesken kuadrillentzat.
Abuztuak 1, ostirala
- 23:00. Plaza Berria: Puro Relajoren kontzertua.
Abuztuak 2, larunbata
- 21:30. Plaza Berria: Andre Maria Zuriaren 2025eko jaietako pregoia, Roberto Ugarteren eskutik, eta Kukai dantza-taldearen emanaldia.
Abuztuak 3, igandea
- 21:30. Foruen plaza: Hermética eta Héctor Oaksen kontzertua
Abuztuak 4, astelehena
- 18:00. Andre Maria Zuriaren plaza: Txupinazoa eta Zeledonen jaitsiera.
- 19:00. Florida parkeko kioskoa: Jamaica orkestra.
- 22:00. Zapataritik abiatuta: Argi-ontzien Arrosarioaren prozesioa.
- 23:59. Foruen plaza: Bulegoren kontzertua
- 00:30. Plaza Berrian: Taxxara orkestra.
Abuztuak 5, asteartea
- 07:00. Alde zaharra: Egunsentiko Arrosarioaren prozesioa.
- 19:00. Florida parkeko kioskoa: Yatagán orkestra.
- 19:00. Falerina lorategia: I See Explosionsen kontzertua.
- 20:30. Falerina lorategia: Laztana Laztanaren kontzertua.
- 22:30. Probintzia plaza: Vocal Temporen kontzertua.
- 23:00. Aihotz plaza: Merina Grisen kontzertua
- 23:00. Mendizabala: Gasteizko piroteknia-Ikuskizunak.
- 23:59. Foruen plaza: Isabel Aaiúnen kontzertua
- 00:30. Plaza Berria: Alaska On Tour
Abuztuak 6, asteazkena
- 19:00. Falerina lorategia: Mirotzen kontzertua.
- 20:30. Falerina lorategia: Sutan Klanen kontzertua.
- 22:30 – Probintzia plaza: Recordando los 80, el musical.
- 23:00. Mendizabala: Gasteizko piroteknia-Ikuskizunak.
- 23:00. Aihotz plaza: Gorka Urbizuren kontzertua
- 23:59. Foruen plaza: Rozalénen kontzertua
- 00:30. Plaza Berria: Vendetta Show orkestra.
Abuztuak 7, osteguna
- 12:00. Andre Maria Zuriaren plaza: Edurne eta Zeledon Txikiren jaitsiera.
- 18:00. Green Capital plaza: Txikien festa Edurne eta Zeledon Txikirekin.
- 19:00. Florida parkeko kioskoa: Belle & Blue orkestra.
- 19:00. Falerina lorategia: Broken Saladen kontzertua.
- 20:30. Falerina lorategia: The Twin Rebelsen kontzertua.
- 22:30 – Probintzia plaza: Los Tenampas mariatxia eta Las Perlas del Norte balleta.
- 23:00. Aihotz plaza: Izaki Gardenaken kontzertua
- 23:00. Mendizabala: Gasteizko piroteknia-Ikuskizunak.
- 23:59. Foruen plaza: Mägo de Ozen kontzertua
- 00:30. Plaza Berria: Welcome Band orkestra.
Abuztuak 8, ostirala
- 19:00. Falerina lorategia: diDAC jONsen kontzertua.
- 19:00. Florida parkeko kioskoa: Tsunami orkestra.
- 20:30. Falerina lorategia: Skariberen kontzertua.
- 22:30. Probintzia plaza: Pan con Chileren kontzertua.
- 23:00. Aihotz plaza: Tatta & Densoren kontzertua
- 23:00. Mendizabala: Gasteizko piroteknia-Ikuskizunak.
- 23:59. Foruen plaza: Zea Maysen kontzertua
- 00:30. Plaza Berria: En Esenzia orkestra.
Abuztuak 9, larunbata
- 19:00. Florida parkeko kioskoa: Pérgola orkestra.
- 19:00. Falerina lorategia: Mairuren kontzertua.
- 20:30. Falerina lorategia: Bixonte Dorten kontzertua.
- 22:30. Probintzia plaza: Son de Rosas, La Oreja de Van Goghen omenez.
- 23:00. Espainia plazan: La Pasarela orkestra.
- 01:00. Andre Maria Zuriaren plaza: Zeledonen igoera Udal Musika Bandarekin eta pirotekniako azken traka.
- 01:15. Andre Maria Zuriaren plaza: Kandelen prozesioa.
Gasteizko 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietako kontzertuak
Eta hainbeste ekitaldiren artean ezer gal ez dezazun, hona hemen 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietako kontzertu nagusiak —Foruen plazakoak, Aihotz plazakoak eta Falerina lorategikoak—.
Abuztuak 4, astelehena
- 23:59 h. Foruen plaza: Bulego.
Abuztuak 5, asteartea
- 19:00 h. Falerina lorategia: I See Explosionsen kontzertua.
- 20:30 h. Falerina lorategia: Laztana Laztanaren kontzertua.
- 23:00 h. Aihotz plaza: Merina Grisen kontzertua
- 23:59 h. Foruen plaza: Isabel Aaiúnen kontzertua
Abuztuak 6, asteazkena
- 19:00 h. Falerina lorategia: Mirotzen kontzertua.
- 20:30 h. Falerina lorategia: Sutan Klanen kontzertua.
- 23:00 h. Aihotz plaza: Gorka Urbizuren kontzertua
- 23:59 h. Foruen plaza: Rozalénen kontzertua
Abuztuak 7, osteguna
- 19:00 h. Falerina lorategia: Broken Saladen kontzertua.
- 20:30 h. Falerina lorategia: The Twin Rebelsen kontzertua.
- 23:00 h. Aihotz plaza: Izaki Gardenaken kontzertua
- 23:59 h. Foruen plaza: Mägo de Ozen kontzertua
- 00:30 h. Plaza Berria: Vendetta Show orkestra.
Abuztuak 8, ostirala
- 19:00 h. Falerina lorategia: diDAC jONsen kontzertua.
- 20:30 h. Falerina lorategia: Skariberen kontzertua.
- 23:00 h. Aihotz plaza: Tatta & Densoren kontzertua
- 23:59 h. Foruen plaza: Zea Maysen kontzertua
Abuztuak 9, larunbata
- 19:00 h. Falerina lorategia: Mairu.
- 20:30 h. Falerina lorategia: Bixonte Dorten kontzertua.
Andre Maria Zuriaren jaietako azoka Gasteizen 2025ean
Kontzertu artean, Andre Maria Zuriaren azokatik pasa zaitezke. Uztailaren 24tik abuztuaren 9ra Santa Barbara Plazan izango da.
Gasteizko jaietako azokaren ordutegia, Santa Barbara plazan:
- Uztailak 24: 12:00 - 14:30 eta 16:30 - 22:00.
- Uztailak 25 - Abuztuak 3: 11:00 - 14:30 eta 16:30 - 22:00.
- Abuztuak 4 - Abuztuak 9: 11:00 - 14:30 eta 16:30 - 00:00.
Gasteizko 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietako beste jarduera batzuk
Oraingoz kontzertu horien berri baino ez dugu. Hala ere, jarduera batzuk ez dira inoiz falta izaten, eta jarraian laburtuko dizkizugu, Gasteizko 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietako gida bat izan dezazun:
- Kontzertuak txosnetan unibertsitatearen inguruan, gauez.
- Dantzak Florida parkeko kioskoan.
- Bertso-saioak Aihotz Plazan.
- Kontzertuak Santa Maria plazan.
- Jotak Prado parkean.
- Orkestrak Plaza Berrian.
- Dantzaldiak Arka plazan.
- Umorearen Txokoa Prado parkean.
- Haurrentzako ikuskizunak Peñafloridako Kondearen plazan.
- Haurrentzako disko txikia Apezpikuaren Lorategietan.
- Ikuskizunak Mendizabalan.
- Azoka arabiarra: Francisco Juan Aiala plazan; artisau-postuak, janari-postuak...
- Erraldoi, buruhandi, zaldi eta txoten konpartsak.
- Gargantua.
Hauek eta beste asko Gasteizko 2025eko Andre Maria Zuriaren jaietan, abuztuaren 4tik 9ra.
Andre Maria Zuria, Gasteizko zaindaria
Andre Maria Zuria 1921az geroztik da Gasteizko zaindaria, eta hari eskaintzen dizkiote festak.
Andre Maria Zuriaren irudiaren gurtza oso errotuta dago gasteiztarren artean: 1954an, koroatu eta Hiriko Erregina ofizial bihurtu zuten, ekitaldi jendetsu batean.
Baina Elurretako Ama Birjinaren —hots, Andre Maria Zuriaren— gurtza, askoz lehenago hasi zen; zehazki, 1181ean, Antso VI.a erregeak hiria fundatu zuenean.
Eta aspaldikoak dira Gasteizko jaiak ere, nahiz eta 1883ra arte irailean ospatzen ziren. Andre Maria Zuriari eskaintzea erabaki zutenean aldatu zituzten abuztura.
Gaur egun, Andre Maria Zuriaren jaiak ezinbesteko hitzordua dira Euskadin.
Erraldoiak eta buruhandiak. Eta nor da Gargantua?
Ospakizun herrikoi honetan, ez dira falta erraldoiak eta buruhandiak, ehun urteko Gargantua izugarria buru dutela: 4,30 metroko altuera, 2,50 metroko zabalera eta 8 metroko luzera ditu.
Baina, zalantzarik gabe, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaietako protagonista nagusia Zeledon da.
Zeledonen jaitsieraren historia
Zeledonek 1957an zeharkatu zuen Gasteizko zerua aurreneko aldiz. Blusa-talde batena izan zen ideia, egia bihurtu nahi izan baitzuten aldizkari batean irakurritakoa: "Zeledon loriatik iritsi da Gasteiza". Beraz, panpina bat irudikatu zuten, baina hezur-haragizko pertsona batek antzeztua, San Miguel elizatik Plaza Berrira soka baten bidez jaitsiko zena.
Lehenengo jaitsiera hura gorabeheratsua izan zen, kablea hautsi eta udaletxeko teilatuan amaitu baitzuen Zeledonek. Baina ustekabe handiek erremedio are handiagoak eskatzen dituztenez, Zeledonek teilatutik bertatik agurtu zuen plazan bildutako jendetza.
Lehenengo Zeledon hura José Luis Isasi izan zen, ideia bultzatu zuen kuadrillako kideetako bat, eta, egia esan, “Los tímidos” blusa-kuadrillako maskotaren antz handia zuen panpinak.
60 urtetik gorako tradizioa
Harrezkeroztik, urtero zeruratzen da Zeledon, txupinazoaren ondoren, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaien aitzindari. Dena dela, jantziak eta ibilbidea ere aldatu ditu urteotan. Txapela badarama oraindik, baina, hasierako alkandora beltzaren ordez, koadrodun bat darama orain, eta 1970ean, eraikuntza-lan batzuk tarteko, Andre Mari Zuriaren plazara lekualdatu ziren Zeledon eta haren urteroko hegaldia, eta han jarraitzen du hitzorduak gaur egun.
Bada aldatu ez den beste gauza bat: Zeledonek hegan egiteko darabilen aterki irekia, betiere marra zuri batez inguratua. 2012an ez zen izan zuria, gainerako urteetan bezala. Izan ere, urte hartan berdea izan zen, Gasteiz Green Capital izan baitzen urte hartan.
Urte hauetan, lau gizon izan dira Zeledon. Lehenengoa, aipatu bezala, José Luis Isasi izan zen; 1976an, Enrique Orive Galindok ordeztu zuen; 1980tik 2000ra eta 2007an Iñaki Landa izan zen; eta 2001etik Gorka Ortiz de Urbina da.
Baina, nor izan zen jatorrizko Zeledon hura?
Zeledon: benetako pertsonaia edo mito berrasmatua?
Askotariko teoriak daude Zeledonen jatorriari buruz. Batzuentzat gerrillari karlista izan zen, eta, beste batzuentzat, enaren etorrera eta udaberria sinbolizatzen duen mito bat (grezieraz, enara hitzak Zeledon hitzaren antzeko doinua du).
Baina teoria zabalduenak dio Zeledonio Anzola eta García de Andoain izan zela Zeledon, XVIII. mendearen amaieran jaiotako Zalduendoko semea. Hortik aurrera, bi bertsio daude: lehenengoaren arabera, jaietan bakarrik joaten zen Gasteiza, eta jai-giroa eta bizipoza zabaltzen zituen herritarren artean; bigarrenaren arabera, berriz, Arabako hiriburura joan zen bizitzera 21 urte zituelarik.
Edonola ere, gizon handi, adeitsu eta on-ona zen, eta oso tabernazalea zenez, oso umore “berezikoa”.
Gasteizen bizi zela zioen teoriari jarraituz, Zapatari kalean eraiki omen zuen etxea, igeltseroa baitzen ogibidez. Eta etxe hori, hain zuzen, gasteiztarrek urtero kantatzen duten abesti ezagunaren protagonista bihurtu da: "Celedón ha hecho una casa nueva, Celedón con ventana y balcón".

Zeledonen kanta
Esan bezala, Zeledonen abestiak esaldi bakar bat du:
"Celedón ha hecho una casa nueva, Celedón con ventana y balcón".
Behin eta berriz errepikatzea da kontua, bat eginik hain egun berezia ospatzen duten ehunka gasteiztarren ahots eta pozarekin.
Gainera, orain euskaraz ere badugu abestia, bertsio egokitu bat baitago:
“Zeledon etxe berria egin duk, Zeledon balkoian leiho on”.
Bitxikeria gisa, Zeledonen abestiak mende bat du. Iturrien arabera, 1918koa edo 1922koa izan daiteke testua. Baina argi dago Mariano San Miguel musikariaren partitura bat erabili zela abestirako.
Zeledonen ospea
Zeledon ikur bihurtu da gasteiztarrentzat.
Kontua ez baita soilik Zeledon agurtzea; ukitu ere egin behar da. Badakizu zergatik? Zurrumurruek diotenez, Zeledon ukitu beharra dago gau horretan ligatu nahi izanez gero.
Zeledonen jaitsiera plazan amaitzen da, lurrean. Han, hezur-haragizko Zeledonek ordezten du, eta, agintarien balkoira heldu ondoren, ohiko agurra egiten du.
Zeledonen festa-hasierako bidaiaren ondoren, musikaz, jaialdi gastronomikoz, antzerkiz eta txikientzako hamaika jardueraz beteriko jaiegunak datoz. Bada tradizioetarako lekurik ere: esate baterako, argi-ontzien arrosarioa, duela ehun urte baino gehiagotik egiten dena.
Handik sei egunera, jaiak amaitu egingo dira eta Zeledonek agur esango dio hiriari 01:00etan, eta San Migel elizako kanpandorrera igoko da.
Hurrengo urtean, berriz jaitsiko da plazara, Gasteizko Andre Maria Zuriaren jaiak hasteko.
Goiburuko irudiaren iturria: Euskadi turismoa