Gaur egun, mugikorraren bidez antolatzen eta kudeatzen dugu gure bizitza, pertsonala zein profesionala. Beraz, datu-edukiontzi izugarri erakargarria bihurtu dugu, eta, batzuetan, helburu errazegia ere bai zibererasoetarako, birusetarako eta bestelako arrisku askotarako. Horrexegatik da hain garrantzitsua telefono mugikorraren zibersegurtasuna zaintzea.
Gero eta ugariagoak eta larriagoak dira gailu mugikorrei eginiko segurtasun-mehatxuak. Eta, orain, paradoxa baten aurrean gaude: gero eta gehiago erabiltzen ditugu gure telefonoak eguneroko kudeaketak egiteko eta lanerako. Hala ere, gailuok ez dute izaten zibersegurtasun-soluzio egokirik, eta ez daude mahaigaineko PCak bezain ondo babestuta.
Horrenbestez, ez da harritzekoa telefono mugikorra izatea birusak eta arrisku zibernetikoak sartzeko bide nagusietako bat.
Hori horrela, nola zaindu dezakegu gure telefono mugikorraren zibersegurtasuna, guri eta gure enpresari ez eragiteko?
Telefono mugikorraren zibersegurtasuna zaintzeko aholkuak
-
Erabili eta deskargatu app ofizialak.
-
Ez fidatu mezu urgenteez, batez ere ez badago argi identifikatuta nork bidali duen edo datuak emateko (edo baieztatzeko) eskatzen badute.
-
Erabili pasahitz seguruak, eta aldatu maiz.
-
Egin datuen segurtasun-kopiak. Gaur egun, hodeiko soluzioak dira aukera ezagunenetako bat informazio guztia beti eskuragarri eta babestuta edukitzeko.
-
Kontuz doako sare publikoekin.
-
Ikusi zer saio dauden irekita terminalean. Normalean erabiltzen ez direnak, hobe deskonektatuta uztea; baten bat erabiltzeari utziz gero, desinstalatzea da gomendagarriena.
-
Egiaztatu erabiltzen dituzun aplikazioek eta sare sozialek badituztela segurtasun-neurri egokiak.
-
Aktibatu datuak urrutitik ezabatzeko aukera, terminala galdu edo lapurtuz gero.
-
Blokeatu pasahitza. Aukera hori ere oso erabilgarria da, gailua non dagoen ahaztuz gero, edo, besterik gabe, saioren bat ixtea ahaztu bazaizu.
-
Eguneratu aldian-aldian mugikorraren sistema eragilea.
-
Eduki zibersegurtasun-soluzio osoak eta eguneratuak.
Telefono mugikorrentzako segurtasun-arriskuak
-
Datuak filtratzea. Atal honetan, riskware izenekoak nabarmentzen dira; hau da, askotan denda eta establezimenduetako zerbitzuak edo produktuak eskuratzeko deskargatzen ditugun doako aplikazioak. Instalatu ahal izateko, datu pertsonalak adierazten ditugu eta, gainera, gure telefonora sartzeko baimena ematen dugu.
-
Sare ez-seguruak erabiltzea. Establezimendu publiko askotan, hala nola hoteletan eta gimnasioetan, ohikoa izaten da doako wifiak erabiltzea. Maiz, segurtasun mugatua izaten dute, eta arrisku potentziala dira.
-
Sarea faltsutzea. Leku publikoetako sareak faltsutzen dituzte gehienetan; hau da, ustezko konexioak ikusten ditugu eskura (hala ematen dute, baina ez dira), eta, haietan sartzeko, gure datuak eman behar izaten ditugu. Alabaina, ez dakigu non amaituko duten, ezta zertarako erabiliko dituzten ere.
-
Saioak kudeatzea. Gailu mugikor askok pasahitzak gogorarazteko aukera ematen digute, ez izateko pasahitza behin eta berriz idatzi beharrik, erabiltzen ditugun bakoitzean. Aukera hori oso erosoa da berez, baina baita arrisku potentziala ere: badira zenbait software maltzur, aukera ematen dutenak hasitako saioetako datuak trukatzeko eta ateratzeko, batere konturatu gabe.
Zer ziberdelituk eragiten diete gehien telefono mugikorrei?
Ziberdelituak abiadura bizian berrasmatzen dituzte. Haietako batzuek, hain berriak izanik, izenik ere ez dute oraindik. Hala ere, dagoeneko ezagunak diren eta buruhauste larriak eragiten dituzten batzuk aipatuko ditugu.
-
AdWarea edo publizitate-softwarea. Gailu mugikorretarako mehatxurik ohikoena da. Bat-batean, etengabe iragarkiak ateratzen dira pantailan, hainbat eta hainbat leiho berritan. Gogaikarria izateaz gain, beste mehatxu batzuetarako sarbidea da.
-
Phishinga. Mezu edo abisu faltsuak bidaltzea da oraindik ere zibergaizkileek gehien erabiltzen duten metodoetako bat, eta haien bidez eskuratzen dituzte pasahitzak eta datu pertsonalak. Mezuok SMS formatuan, WhatsApp bidez edo emailetan irits daitezke mugikorrera. Azkar eta eroso sartzeko modua dugunez eskura, erraza da esteka horretan klik egiteko tentazioa izatea, zer ote den ikusteko.
-
Spywarea. Gure mugikorrak izan dezake datuak biltzeko eta hirugarrenei bidaltzeko softwareren bat, guk ezer jakin gabe eta baimenik eman gabe. Askotan, datuen filtrazioarekin konbinatutako teknika bat izan ohi da, edo phisingetik eratorritakoa.
-
Troiarrak, batez ere onlineko bankarekin lotutakoak. Gure telefonoko finantza-informazioa urrutitik eskuratzeko modu bat da.
-
Keylogger programak. Erabiltzaileak bere gailuan zer tekleatzen duen arakatzen dute. Pasahitzak eskuratzeko oso modu eraginkorra.
-
Man in the middle erasoak. Sare sozialak erabiliz eginiko eraso ohikoenak. Muturretik muturrerako ohiko zifratzea saihestuz, gailuen arteko bitartekari lana egiten dute, eta, hala, datuak eskuratzea lortzen dute batzuetan zein besteetan.
Laburbilduz, mugikorra da geure datuak eta enpresarenak gordetzeko zentro neuralgikoa. Horrenbestez, ondo babestu beharko genuke, eta zibersegurtasuna zaindu.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzako gure soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo, formulario honen bidez, jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin. Eta zaharrak berri esanez ez ibiltzeko, jarrai iezaguzu LinkedInen.