Erretzeari uztea, pare bat kilo galtzea, ingelesa hobetzea, gehiago bidaiatzea… Jarri duzu helbururik 2017rako? Oraindik jarri ez baduzu, gure helburua lagako dizugu: zerbait berria ikastea. Edonon zaudela ere, tartetxo bat baduzu, aprobetxa ezazu Internet, gehien interesatzen zaizkizun gaietan dakizuna sakontzeko.

Gero eta plataforma gehiago eta hobeak daude sarean gauza berriak ikasteko, profesionalki hobetzeko edo, besterik gabe, gure zaletasunen inguruan sakontzeko. Mundua aldatzen ari da, eta irakaskuntza eraldaketa betean ari da: edozein tokitatik ikas dezakegu. Aski da gogoa, gailu bat eta Interneteko konexioa izatea. Eta ez kezkatu prezioarengatik. Aurkezten dizkizugun ikastaro asko doakoak dira. Gaur egun, inoiz baino errazagoa da ikastea, eta denok dugu eskura.

Guretzat, hauek dira irakaskuntza-plataforma onenak:

UNED Abierta

Aurtengo Gabonetan kamera bat oparitu dizute, eta gogoz heldu nahi diozu? Ingelesez hizketan ia batere ez dakizu, eta uste duzu horrela ezin duzula jarraitu? Urrutiko Hezkuntzarako Unibertsitate Nazionalak (Universidad Nacional de Educación a Distancia, UNED) lineako ikastaro ugari ematen ditu doan; besteak beste, Argazkilaritza digitalaren oinarriak izeneko ikastaro bat, eta beste bat ingelesez gehien erabiltzen diren mila hitzak ikasteko. UNED Abierta webguneko ikastaroen katalogoa  oso-oso zabala da. Matrikulatu beharrik ez dago, eta ikasgaiak eta ikasteko materialak doakoak dira gehienetan. Ikasgai konplexuagoak ere badaude, hala nola sistema eragileak eta Gauzen Interneterako sarrera, lanerako aukera handiak ematen dituen arlo bat. Alemana ikasteko beharra baduzu, berriz, baduzu ikastaro bat nahi duzunean hasteko moduan.

Khan Academy

Programazioa, Animazio digitala, Matematika elementala, Fisika… Lehendabizi galdetu beharrekoa: zer ikasi nahi dut? Izan ere, Khan Academyn doako ikastaro ugari dituzu eskura (36 hizkuntzatan, gaztelania barne). Adibidez, azken urteetan galduta sentitu bazara albiste ekonomikoak irakurtzean, probatu Makroekonomiako ikastaro hau, pixka bat ikasteko nola funtzionatzen duten herrialde bateko kontuek, moneta-sistemak eta dibisen merkatuak. Zenbakiekin galduta sentitzen bazara, edo, besterik gabe, burua entrenatu nahi baduzu, lanketa ederra egingo duzu kalkulu-ikastaroekin. Adituenentzat, animazio digitaleko eskolak daude. Plataforma honek ariketa praktikoak, bideoak eta testuak jartzen dizkizu eskura. Aukera ematen dizu, gainera, tutoreei galderak egiteko eta ikaskideekin eztabaidatzeko. Webguneak erakunde garrantzitsu batzuen bermea du; besteak beste, hauena: NASA, New Yorkeko Arte Modernoaren Museoa (MoMA) eta Massachusettseko Institutu Teknologikoa (MIT).

Coursera

Zure curriculuma hobetzeko eta ingelesean kalitate-jauzi bat egiteko beharra duzu? Coursera webgunean, enpresa-ingeleseko ikastaroetan eta ingeles-gramatikakoetan eman dezakezu izena. Ikastaro bakoitza liburu interaktibo gisa aurkezten da: bideoak, galdetegiak eta proiektuak ditu. Aukera duzu gainerako ikasleekin harremanetan jartzeko, haiekin eztabaidatzeko eta laguntza eskatzeko. Ikastaro gehienak doakoak dira. Dena den, ebalua zaitzaten nahi baduzu, eta ziurtagiri bat jaso, ordaindu egin beharko duzu. Eman begiratu bat katalogoari. Arrakastatsuenak hauek dira: Programazioa, Big Data eta Android sistema duten aplikazio mugikorren garapena. Haietako asko gaztelaniaz ematen dira.

Hiru adibide baino ez dira. Interneten, ia mugagabeak dira aukerak. Hain akademikoa ez den zerbait nahi baduzu, eta azkar eta bisualki ikasi nahi baduzu, probatu Youtube: milaka bideo aurkituko dituzu ia edozer gauza ikasteko, hala nola sukaldaritza eta iturgintza. Beste plataforma batzuk ere badituzu erabilgarri; adibidez, Udacity eta Miríada X. Azken horrek EHUren ikastaro batzuk ditu, gehienak arazo sozialak ardatz dituztenak, hala nola emakumeen kontrako indarkeria eta giza garapena.

 Azken batean, ikastea da kontua. Nahi izatea ahal izatea da. Ausartuko zara?