Silvia Leal teknologiari eta etorkizuneko joerei buruzko nazioarteko aditua da, eta Euskaltelen 2025eko Jardunaldi Teknologikoetan parte hartu du hizlari gisa. Besteak, beste mehatxu zibernetikoez eta kultura digitalaz hitz egin dugu berarekin.
- Zein dira enpresentzako mehatxu zibernetiko nagusiak gaur egun?
Mehatxu zibernetikoez ari bagara, mehatxuok neurtzen dituzten txostenei erreparatu behar diegu, eta, haiek diotenaren arabera, gaur egun phisinga da mehatxu zabalduena, kasuen % 55a, eta % 35 gehitzen da urtero gainera. Ondoren, ransonware erasoak leudeke: mehatxuen % 48a.
Baina ni asko kezkatzen naute azpiegitura kritikoen aurkako erasoek, gauzen Internet bidez egiten direnek eta, hemen geldituko naiz, sistemen barruan zelatan gelditzen diren pertsonen eraso isilek; azken horiek egunak, hilabeteak edo urteak eman ditzakete enpresa bat kontrolatzen, han zer egiten duen jakiteko, edo haren lehiakideentzako informazioa bilatzen.
- Gomendioak eta aholkuak zibersegurtasuna eraldaketa digitalarekin, berrikuntzarekin eta teknologia disruptiboekin (AA, adibidez) bateragarri egiteko.
Zibersegurtasunaz eta aholku horien nolakoaz hitz egiterakoan, digitalizazioarekin edo berrikuntzarekin ematen ditudan aholku berberak emango nituzke nik.
Lehenengoa da ez dugula beldurrik izan behar; arriskuak dauden mundu batean bizi gara, eta zeure burua babestu behar duzu horretarako. Beraz, utikan beldurra; buru argiz kudeatu behar da.
Bigarrena, trebakuntza. Uste dut oso garrantzitsua dela etengabe trebatzea; izan ere, enpresen % 38k bakarrik ditu etengabeko trebakuntzako planak zibersegurtasunaren alorrean.
Silvia Leal: “Enpresen % 38k bakarrik ditu ditu etengabeko trebakuntzako planak zibersegurtasunaren alorrean”
Eta hirugarrena, nire ustez gakoa dena, bidelagun on bat izatea. Horretaz dakien eta prozeduran lagunduko dizun norbait ez baduzu inguruan, gainerakoek jasan behar izan dituzten segada berak jasango dituzu zuk ere.

- Nola bihur daiteke enpresa baten zibersegurtasun-politika lehiarako abantaila?
Horren erantzuna oso erraza da; izan ere, estatistiken arabera, bezeroen % 42k alde egiten dute enpresa batek zibereraso bat jasan ondoren.
Beraz, lehia-abantaila nabarmena da zibersegurtasunaren inguruko estrategia eta jardunbide egokiak izatea, eta harro ematea horren berri gainera, zeren eta zure lehiakideei eraso egiten dietenean, zuregana joango baitira bezero horiek. Niretzat, hori da gakoa, ez bakarrik enpresa batek bizirik irauteko, baizik eta enpresaren lehiakortasuna bultzatzeko, gaur egun arrisku bezainbat aukera baitaude.
- Zure ustez behar bezain prestatuak eta kontzientziatuak al daude enpresak beren zibersegurtasuna babesteko?
Kontu horretan, uste dut datuez hitz egin behar dela. Gaur egun, estatistikek diote ezen zibererasoren bat jasaten duten Espainiako tamaina ertaineko 10 enpresatatik 6k ateak ixten dituztela 0-6 hilabeteko epean.
Silvia Leal: “Zibererasoren bat jasaten duten Espainiako tamaina ertaineko 10 enpresatatik 6k ateak ixten dituzte 0-6 hilabeteko epean”
Baina, hala ere, CEOen % 45ek baino ez du estrategikotzat jotzen zibersegurtasuna. Beraz, uste dut bide luze eta oparoa dugula aurretik.

- Merezi duen garrantzia eta lekua ematen al zaio kultura digitalari enpresetan eta, oro har, gizartean?
Une honetan, erasoen % 95 gizakion akatsek eraginak dira. Eta gizakion akatsen iturburua trebakuntza falta edo arazoa behar bezain serio ez hartzea izan ohi da, besteak beste. Izan ere, gure langileen % 8 dira erasoen % 80ren erantzule.
Beraz, nola dago kultura digitala? Garbi dago asko dugula egiteko.
- Zein dira dagoeneko gure egunerokoari gehien eragiten dioten teknologiak? Eta zein gure etorkizunari gehien eragingo diotenak?
Gure egunerokoan, eragin handia dute jada gauzen Internetek edo adimen artifizialak. Nik ez nuke esango adimen artifiziala dela etorkizuna; bai, ordea, AA gainerako teknologiekin uztartzea. Hori izango da alde nabarmena, nik uste.
Eta eragin handia izango duten teknologien alorrean, berriz, murgiltze-esperientziak aipatuko nituzke, eta erronka izango dira, gainera, zibersegurtasunaren alorretik. Ikusi besterik ez dago zertan ari diren gastatzen dirua enpresa digital erraldoiak: teknologia horietan ari dira inbertitzen.
Eta, jakina, zenbait gai ebatzi bezain laster, konputazio kuantikoa.