Europa bere tokiaren bila ari da teknologiak menderatutako mundu batean, eta, bien bitartean, enpresek inoiz ez bezalako eraldaketa batera egokitzeko erronka dute aurrez aurre. Adimen artifiziala eta haren dimentsio etiko eta humanoa, datuen kudeaketa adimenduna eta subiranotasun teknologikoa izan ziren Euskaltelen 2026ko Jardunaldi Teknologikoen gai nagusiak.
Euskaltelen 2026ko Jardunaldi Teknologikoek, “Buru Digitalak: Berrikuntza” leloarekin, ehun profesional, zuzendari eta ordezkari instituzional baino gehiago elkartu dituzte Larrabetzuko Eneko jatetxean, eta guztien artean hausnartu dituzte enpresek aurrez aurre dituzten erronka latzak, eraldaketa digitala, adimen artifiziala eta aldaketa geopolitikoak nagusi diren ingurune batean.
Euskaltelen zuzendari nagusi Jasone Altunak egin zuen ongietorria. Ekitaldian, bi ikuspegitatik erreparatu zitzaien egungo erronkei: alderdi geopolitikotik, Ana Palacio Espainiako Kanpo Arazoetako ministro ohiaren eskutik, eta enpresen ikusmoldetik, Álex Rayón berrikuntzako aditu eta Brain&Code-ren zuzendari nagusiak gidatuta.

Ana Palacio: Europa, agertoki teknologiko berri baten aurrean
Europak nazioarteko testuinguru gero eta konplexuago batean duen eginkizuna izan zuen aztergai Ana Palacio Kanpo Arazoetako ministro ohiak, eta defendatu zuen beharrezkoa dela erabakitzeko gaitasuna indartzea eta subiranotasun teknologiko handiagoa lortzeko bidean aurrera egitea.
Azaldu zuenez, alferrik da aurreko nazioarteko ordena berreskuratu nahi izatea; horren ordez, lankidetzan, berrikuntzan eta aliantzak eraikitzean oinarritutako errealitate berri batera egokitu behar da. Bereziki, Hegoalde Globaleko herrialdeekin harremana sendotzeko beharra aldeztu zuen.
Ana Palaciok hizpide izan zuen, berebat, subiranotasun teknologikoa: lehentasun estrategikotzat jo zuen, oparotasun partekatua duda-mudan dagoen garaiotan.
Bestalde, iritzi zion funtsezkoa dela administrazioen eta enpresen arteko lankidetza indartzea, ideia hutsak nazioartean lehiatuko diren inpaktu-proiektu bihurtzeko gai izango den ekosistema bat sortzeko.
Palaciok azpimarratu zuen berrikuntzak emaitza zehatzetan islatu behar duela eta lehiakortasuna hobetzeko gaitasuna eman behar diela enpresei, Europako gizartearen ongizatea eta oparotasuna mantentzen laguntzeko.
Álex Rayón: adimen artifiziala, etika eta irizpide humanoa
Álex Rayón berrikuntza-adituak eta Brain&Code-ren zuzendari nagusiak, berriz, adimen artifizialak erakundeetan duen inpaktuari erreparatu zion. Rayónek azaldu zuenez, adimen artifiziala errotik ari da aldatzen enpresen lan egiteko, erabakiak hartzeko eta informazioa kudeatzeko modua.
Gaur egun, teknologia horiek gai dira hizkuntza naturala ulertzeko, informazio-bolumen handiak laburbiltzeko, edukiak sortzeko eta prozesu kognitibo askotan esku hartzeko. Zereginak automatizatzeko eta eragiketak optimizatzeko duen gaitasunak aukera ugari sortzen ditu produktibitatea eta enpresa-efizientzia hobetzeko.
Alabaina, adituak ohartarazi zuen adimen artifiziala baliatzeak erronka nabarmenak planteatzen dituela. Horien artean, azpimarratu zuen beharrezkoa dela datuak behar bezala kudeatzea, algoritmoen gardentasuna bermatzea eta erabakiak hartzerakoan giza irizpidea zaintzea.
Rayónen iritzian, teknologiak gainditu ditzake gizakiak zeregin jakin batzuetan, baina etika, irizpide kritikoa eta erantzukizuna gizakiarenak bakarrik izango dira aurrerantzean ere. Horregatik, AA zuhurtziaz, jakintzan oinarrituta eta estrategia argiarekin ezartzeko gomendatzen die enpresei.
Ormazabal: AleluIA 2026 saria
Euskaltelen 2026ko Jardunaldi Teknologikoak amaitzeko, AleluIA Saria banatu zen, zeinaren helburua baita gaitasun berritzaileagatik eta eraldaketa digitalari egiten dioten ekarpenagatik nabarmentzen diren enpresa-proiektuak bistaratzea.
Aurtengo edizioan, Ormazabal konpainiak jaso zuen saria: 55 urte baino gehiago daramatza sare elektriko adimendunetarako eta energia-azpiegituretarako soluzioetan espezializatuta. Aintzatespen horren bidez, digitalizazioaren eta berrikuntza teknologikoaren alde eginiko apustua aitortzen zaio enpresari , bai eta sistema elektrikoaren efizientzia eta segurtasuna hobetzeko tresna aurreratuak garatu izana ere..
Enpresak datu-plataformetan eta analisi aurreratuan oinarritutako ekimenak bultzatu ditu, industria-ingurune konplexuetako prozesuak optimizatzeko eta informazioa hobeto kudeatzeko. Zehazki, enpresaren Big Data plataformari esker, askotariko iturrietatik datozen datu-bolumen handiak zentralizatzen, egituratzen eta aztertzen ditu, eta, hala, “datuaren ziklo osoa kontrolatzea” lortzen du.
Beste urte batez, Euskaltelen Jardunaldi Teknologikoak erreferentziako agertoki bihurtu dira, handik abiatuta datorren hamarkadako erronkei heltzeko. Gaur egun, berrikuntza teknologikoa ez da aukerazko zerbait. Aitzitik, ezinbesteko baldintza bihurtu da lehiakortasunari eusteko, hazkundea bultzatzeko eta autonomia estrategikoa bermatzeko.
Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun soluzio teknologikoei buruz, jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo Euskaltel Enpresak-en sail komertzialarekin, mezu bat bidaliz helbide honetara: grandes.empresas@masorange.es. Azken albisteen berri izateko, berriz, jarraitu guri LinkedInen.
