Euskaltelen lehentasunetako bat da bikainki kudeatzea gure jardueran ingurumenarekin zerikusia duten alderdi guztiak.. Hala jasotzen du gure Jasangarritasun Politikak, eta hori berresten dute orobat gure neurriak jasotzen ari diren aintzatespenek.
Aurten, ISO 50001 Energia Kudeaketaren ziurtagiria lortu du Euskaltelek, erakundeak energiarekiko duen jardunbide egokia erakusteaz gainera, energia-kontsumoa kudeatzen eta murrizten laguntzen duen arau bat.
Beste mugarri bat da hori, 2021ean lortutako CO2-ren emisio-murrizketa nabarmenaren osagarri. Emisiorik gabeko elektrizitatea erosiz, zero karbono-emisio netoko enpresa bihurtu gara, emisio zuzen zein elektrizitatetik eratorritakoetan. Duela gutxi, gainera, Ingurumen Kudeaketako ISO 14001 arauaren eta Europako EMAS araudiaren ingurumen-ziurtagirien segimendu- eta berritze-ikuskaritza ere gainditu dugu. Euskaltelen Ingurumen Adierazpena ere egiaztatu du ikuskaritza horrek.
Ziurtagiri horiek laguntzen digute frogatzen ingurumenarekin eta klima-aldaketaren aurkako borrokarekin dugun konpromisoa, baliabideen kudeaketa eraginkorra bultzatuta, eta, gainera, konpromiso horren berme dira gure interes-taldeen aurrean .
Izan ere, Euskaltelen helburu nagusia da negozio-eredu arduratsu baterantz egitea, zeinak lehentasuna emango baitie karbono-neutraltasunari eta emisioak gutxitzeari, horretarako gutxiago kutsatzen duten energiak baliatuta eta baliabideak modu arduratsuan erabilita. Hiru jarduera-ildo nagusiren bidez garatzen dugu estrategia hori: klima-aldaketaren aurkako borroka eta baliabideen kontsumo eraginkorra; hondakin elektronikoen zirkularitatea eta kudeaketa (ekipoak berrerabiltzea lehenestea, birziklatu edo ezabatu ordez); eta ingurumen-ziurtagiriak eta -ekimenak sustatzea.
Hala, estrategia horri jarraituz, bat egin genuen “Berreskuratze Berdearen aldeko Aliantza”rekin, zeinak, Europar Batasunaren osasun- eta ekonomia-krisiaren ondoren, lehentasuntzat baitu jasangarritasuna, ingurumena babesteko irizpideekin bat datozen neurriak eta politikak gara ditzaten Gobernuek.
Euskaltelen enpresa-estrategiaren garapen osoan, kontuan hartzen ditugu Mundu Itunak, Parisko Klimaren Hitzarmenak, 2030 Agendak eta Garapen Jasangarrirako Helburuek emandako jarraibideak, mundu jasangarriagoa lortzeko eraldaketa-palanka gisa . Eta, gainera, operadore gisa, pertsonak erdigunean jartzen dituzten proiektu jasangarriak izan ditugu beti gure estrategiaren oinarri. 2022ko Jasangarritasun Txostena kontsultatu dezakezu hemen.