Selektibitateko azterketa egin dute berriki milaka gaztek, beren unibertsitate-ikasketak eta, askotan, etorkizuneko lana jomugan dituztela.
Ikasketak eta lanbidea aukeratzea gure bizitzako erabaki garrantzitsuenetako bat da. Horregatik, ahalik eta erabakirik egokiena hartzen laguntzeko, etorkizunik oparoena duten ikasketa eta lanbideei buruzko txosten eta azterketa ugari argitaratzen dira urtero.
Eta guk ere ezagutu dugunez une zail eta zalantzaz betetako hori, lagundu egin nahi dizugu. Horretarako, lan-merkatuaren joerei buruzko txosten horietako batzuk irakurri ditugu, eta datozen urteetan lanpostu gehien izango dituzten lanbide edo sektoreak laburbilduko dizkizugu orain.
- Big Data. “Informazioa boterea da”. Francis Bacon-en esaldi ezagun horrek ondo baino hobeto laburbiltzen du zeinen garrantzitsua den informazioaren kudeaketa negozio bat arrakastatsu izateko. Gaur egun, datu gehiago prozesatzen dira 48 orduan Historiaurretik 2000. urtera bitartean prozesatu diren datu guztiak baino. Eta datu horien antolaketa eta, batez ere, haien interpretazio egokia dira negozio ororen funtsezko oinarria. Gaur egungo teknologiei esker, enpresa edo erakunde orok du aukera Big Datako proiektu bat planteatzeko lagunduko diona enpresa barruko nahiz bezero, hornitzaile eta lehiakideen portaerak analizatzen eta aurreikusten,. Big Datako aholkularitza-eskaera -eskaintza baino handiagoa da, eta datozen urteetan ere hori bera gertatuko dela aurreikusten da.
- Science, Technology, Engineering and Maths. STEM eremuko unibertsitate-ikasketak (STEAM ere esaten zaio batzuetan, Arts hitzaren A ere barruan hartuz gero) daude informazioaren eta komunikazioaren teknologien oinarrian, ingeniaritzak batez ere. Gure Interneteko aro honek informatika- eta telekomunikazio-adituak eskatzen ditu, aplikazioen garapena eta, jakina, segurtasun informatikoa eta hodeiko zerbitzuen kudeaketa landuko dituztenak. Gezurra badirudi ere, ikasketa horietako ikasle-kopurua jaitsi egin da azken urteetan, eta kezkaz ikusi dute joera hori enpresa teknologiko eta erakundeek, profesional kualifikatuen beharra baitago. Joera horri aurre egiteko, zenbait kanpaina jarri dira martxan bokazio zientifiko eta teknologikoak sustatzeko, emakumeen artean batez ere, % 26 bakarrik baitira emakumeak STEM eremuko ikasketetan.
- Enpresen administrazioa eta zuzendaritza (EAZ) Ekonomia da, teknologiarekin batera, munduko motor nagusia, eta enpresa-kudeaketari loturiko lanpostuak betetzeko eskaria oso handia da (eskaintza gehien egiten dituen hamar lanbideetako bat da). Izan ere, EAZa da lau urtez segidan gehien eskatu den trebakuntzetako bat. Gaur egun argitaratzen diren lan-eskaintza guztien % 5 arlo horretakoak dira. Asko da hori.
- Harrigarria irudituko zaizue beharbada, baina erizaintzako ikasketek oso eskaera handia dute, eta langabezia-tasarik txikienetako bat duen lanbideetako bat da: % 5 inguru. Egia da ez dela ongien ordaindutako lanbideetako bat, baina bai gizarteak hobekien baloratzen duenetako bat. Etorkizuna bermatua du gainera, gerora ere handia izango baita erizain-eskaera mendekotasunen eta GKEen eremuan, esaterako.
- Marketin digitala. Internetek eremu guztietara ekarri du iraultza, baita merkataritzara ere, eta orain arte multinazional handien eremu ziren merkatuak zabaldu dizkie enpresa txiki eta ertainei ere. Hala, lanpostu ugari eskaintzen dituzte marketin digitaleko diziplinek, hala nola sare sozialen kudeaketak, merkataritza elektronikoak edo web-analitikak.
- Elikadura eta osasuna. Elikadurarekiko eta osasunarekiko ardura ez da moda-kontu hutsa, gero eta zabalduagoa dagoen —eta desagertzeko asmorik ez duen— joera bat baizik. Azken urteetan, gero eta elikagai osasungarri gehiago merkaturatu dira, eta, horrekin batera, aurrera egin du nekazaritza ekologikoak eta osasunarekiko kezkak. Badakigu medikuntza beti izango dela lan-eskaera handiko sektore bat, baina paziente bakoitzaren genetikaren araberako tratamendu pertsonalizatuak eskaintzea da joera. Espezializazio mediko berri horrek paziente bakoitzarentzako farmako eta botikak prestatuko ditu, pazienteak behar dituen printzipio aktiboen arabera.