Euskalteleko Analitika eta Adimen Artifizialeko arduradun Adrián Bertolek adimen artifizialaren azken aurrerapenen eta noranzkoaren berri eman digu, eta arreta berezia jarri du Euskadiko enpresentzat duen erabileran eta potentzialean.
- Zer egoeratan dago adimen artifiziala?
Asko aldatu da duela urtebetetik hona. Ordu hartan, enpresei adimen artifizialaz hitz egiten genienean, oso ezjakintasun handia sumatzen zen, eta askotan azaldu behar izaten genuen zertan datzan edo zertan den ezberdina datuak erabiltzeko beste modu batzuekin alderatuta.
Azken urtean interes handia sortu da, gehienbat jendartean zabaldu direlako ordenagailuan edo mugikorrean edonoren esku dauden tresnak, eta horrek enpresetan ere izan du eragina, ezinegon handiagoa baitago, adimen artifiziala erabili nahia.
Sortzen duen interesa dela eta, uste dut momentu gozoa dela adimen artifizialarentzat.
- Jauzi batez ari gara, Adimen Artifiziala Ikuskatzeko Espainiako Agentziaz, adimen artifizial sortzaileaz eta abar. Zer da, zuretzat, jauzi horretatik deigarriena?
Niretzat, deigarriena da erabilera-gaitasunaren demokratizazioa.
Adrián Bertol: “Adimen artifizialaren jauzirik handiena da hura erabiltzeko gaitasuna demokratizatzea”
Orain arte, adimen artifiziala oso gai konplexutzat jotzen zen, oso pertsona espezializatuek soilik erabiltzen zekitena, eta orain edonoren esku dago, edonork erabil ditzake eredu horiek.
Langile espezializatuak topatzeko dagoen zailtasuna dela eta, oso garrantzitsua da horrelako tresnak hedatzea, hain espezializatuta ez dauden pertsonek ere adimen artifizialarekin lotutako zenbait lan egin ahal izan ditzaten.
Adimen artifizial sortzailea aplikazio espezifikoetan topatzen dugu. Administrazio publikoan, lehen, webgune batean sartu eta kontsulta bat egiten zenuenean, oso erantzun estereotipatuak ematen zizkizun; orain, aldiz, elkarrizketa bat izan dezakezu.
Adinekoak ere naturaltasunez aritu daitezke adimen artifizial horrekin; orain arte pentsaezina zen kolektiboetara heltzen da.
- Ez dakit enpresariei etxerako lanak jarri behar zaizkien. Egingo al diguzu enpresa-ekosistemaren egoeraren diagnostiko bat, adimen artifizialaren erabilera ezartzeari dagokionez?
Alderdi on bat da beren buruei jarri dizkietela etxerako lanak. Lehen, enpresari asko konbentzitu egin behar genituen; are gehiago, haien teknologia-taldeak ere haiek konbentzitzen saiatzen ziren. Orain alderantzizkoa da, ekimena enpresen zuzendaritzetatik bertatik dator.
- Zer zerbitzutan ezarri da azkarren? Zer erabilera dira ohikoak?
Industriako prozesuak optimizatzeko ari da erabiltzen gehiena (oihal-industria, automobilena, nekazaritzako elikagaiena eta abar). Beharbada, erabilerarik ohikoena eta garbiena da enpresentzat, oso erraz ikusten baita haren inbertsio-itzulkina.
Adimen artifizial sortzaileari dagokionez, sektore orotako bezero-arretaren gaiak dira nabarmentzekoak.
- Adimen artifizialaren abentura horretan murgiltzea erabaki duen enpresari autonomo baten azalean jarrita, nola erabili ondo sortzen diren datu horiek?
Munduko Ekonomia Foroaren txosten batek adimen artifiziala erabiltzeko zenbait gomendio egin zituen.
Lehena ez da adimen artifiziala garatzen jartzea, baizik eta pentsatzea enpresaren zer eremutan behar den aldaketa bat, aztertzea zer puntutan egin daitekeen ekarpena, edo ekar daitekeen onura.
Hortik aurrera, pilotu bat egin behar da, jakiteko zeintzuk diren lehenik ebatzi beharrekoak; teknologiak probatu behar dira, eta, funtzionatzen badute, aurrera egin daiteke, azkenik, proiektu batekin.
Normalean, enpresen gabeziak orientazioari lotuak dira, ez dakite nondik hasi ere; eta zer egin garbi daukatenean, hurrengo urratsa da pentsatzea nola garatu, ez dutelako berezko langilerik izaten horretarako, eta ekosistemaren laguntza behar izaten dutelako, nahiz eta han beti ez dagoen nahikoa enpresa.
- Datuen analisira, haren emaitzetara eta adimen artifiziala aplikatzera garamatzaten urrats horiek guztiak aipatu dituzu.
Enpresek informazioa eta datuak dituzte, baina horiek aztertzeko eta ulertzeko gaitasuna falta dute. Adimen artifizialak aukera ematen du Excel bateko datuak aztertzetik eta orain arte gertatutakoa kontatzetik etorkizunean gertatuko dena ikustera eta erabaki hobeak hartzera pasatzeko.
Adrián Bertol: “Adimen artifiziala aukera ematen ari da Excel bateko datuak aztertzetik eta orain arte gertatutakoa kontatzetik etorkizunean gertatuko dena ikustera eta erabaki hobeak hartzera pasatzeko”
Gainera, ezinbestekoa da munduko merkatuan posizioa hartzea. Enpresei aukera ematen die aurrea hartzeko eta estatuko zein nazioarteko beste enpresa batzuekin lehiatzeko gaitasuna izateko, negozio-aukerak hautemateko eta haien eragiketa eraginkorrago bihurtzeko.
Nik enpresei gomendatzen diet ulertzeko orain dela unea, eta, bestela, berandu helduko direla.
Guztia dago bideratuta automatizazioa handitzera, eta adimen artifiziala erabiltzera produktibotasuna hobetzeko.
Adimen artifizial sortzaileak gero eta gaituago egongo dira, eta gero eta gauza gehiagotan aplikatuko dira.
Zer puntutara ari gara iristen, oraindik honi guztiari ontzea falta bazaio ere? Adimen artifiziala, hari objektuak erakustean edo eskuekin formak egitean, esaten ari zarena interpretatzera iristera.
Adimen artifizialak gizakiarekin eragin-truke osoagoa lortuko du.