Kontserba-fabrika bat, software-enpresa bat, banku bat eta hortz-klinika bat. Hasteko, haien erabilera eta beharrak guztiz desberdinak dira. Baina zerbait baldin bada adimen artifizialeko soluzioen ezaugarri dena, hain zuzen ere, egokitzeko duen gaitasuna da, mota guztietako enpresetara egokitzekoa, edozein dela ere jarduera-sektorea edo tamaina.
Adibidez, adimen artifizialak lagundu diezazueke jakiten produktu bat saltzeko preziorik onena zein den, prezio-malgutasunerako eredu baten bitartez; jakiten zer makinak utz diezaiokeen funtzionatzeari une jakin batean, mantentze-lan prediktiboko eredu baten bitartez, hori gertatu baino lehen egiteko mantentze-lana; edo jakiten produktu jakin batetik biltegian edo dendan eduki behar duzun kopuru egokiena zein den, salmentei kalterik ez egiteko baina aldi berean biltegiratzean gehiegi ez gastatzeko, eskaria aurreikusteko eredu baten bidez.
Laburbilduz, erabilera eta onura asko ekar diezazkioke adimen artifizialak edozein enpresari. Eta gure artean gelditzeko etorri da: adimen artifizialak 15 bilioi dolar baino gehiago eman diezazkioke ekonomia globalari 2030ean, PWC aholkularitza-enpresaren arabera, eta hori Txinaren eta Indiaren egungo produkzioaren batura baino gehiago da.
Beraz, pixkanaka-pixkanaka, sektore guztiak etorkizun hurbileko behar eta errealitate berriei aurrea hartzen ari dira, eta adimen artifiziala integratzen dute beren erakundeetan; horretarako, berariazko aurrekontuak bideratzen dituzte, eta langile kualifikatuen laguntza ere izaten dute. Alde horretatik, Euskaltelekook lagundu nahi dugu zuen enpresan adimen artifiziala modu arrakastatsuan sartzen, eta lantalde espezializatu bat dugu horretarako, BAI Analytics, abangoardiako soluziorik onenak zuei eskaintzeko.
Adimen artifizialaren erabileran abangoardiako diren sektoreak
AAk sektore guztietan goranzko joera nabaria izan arren, gaur egun oraindik erabilera gorabeheratsua du.
Argi eta garbi AAren abangoardian dauden bi sektoreak hauek dira: lehenik eta behin, teknologikoa, Google, Amazon, Facebook, Netflix eta halako enpresa handiak buru dituela, eta, ondoren, startup teknologikoak, zeinak natibo digitalak baitira eta adimen artifiziala beren DNAn baitaramate sortzetik beretik; eta, bigarrenik, finantza-sektorea, barne direla aseguratzaileak eta fintechak (beren finantza-zerbitzuak eskaintzeko teknologia erabiltzen duten enpresak), zeinek oso efizienteak izan behar baitute errentagarri izateko.
AAren aldeko apustu sendoa egiten ari diren beste sektore batzuk hauek dira: txikizkako salmenta, hala nola modako edo janari-salmentako supermerkatuak edo frankiziak; eta energia-sektorea, energia sortzeko eta banatzeko enpresak, maneiatzen zailak diren instalazioak dituztenak, eskualde bakoitzean zenbat energia sortuko eta kontsumituko den zehaztasunez zehaztu behar dutenak.
Maila bat beherago daude osasun-sektorea eta industria-sektorea; bi kasuetan, zenbait proiektu eta prozesu abian badituzte ere, oraindik urrun daude ahalmen guztia aprobetxatzetik.
Edozein sektorek arrakastaz aplika ditzake adimen artifizial mota guztiak, baina bere berezitasun eta ezaugarri zehatzei erreparatuz egin behar du, ez baikara produktu edo aplikazio ukigarri bati buruz hitz egiten ari; ez da eskuratu daitekeen gauza fisiko bat, agian begi hutsez ikusiko ez ditugun aplikazioak dira, baina, gure egitura eta jardueran behar bezala integratuta, gure enpresarentzat eta gure bezeroentzat zerbitzu hobeak eta osatuagoak eskaintzen dituzte.
Adimen artifiziala funtsezkoa da gero eta digitalizatuagoa den mundu honetan, eta harrituko ginateke jakingo bagenu nola erabiltzen dugun eguneroko bizitzan ia konturatu gabe. Erabiltzen ari gara ikusi ditugun programetatik abiatuta Netflix-ek iradokitzen dizkigun gomendioei erreparatzen diegunean edo gmailek gure kontaktuei bidaltzen dizkiegun erantzunetan oinarrituta mezu bat automatikoki osatzen digunean; ‘ikaskuntza automatiko automatizatu’, automated machine learning edo AutoML deritzonak egiten ditu posible portaera hain eguneroko horiek.
Nahi duzu informazio gehiago izan adimen artifizialean oinarritutako gure soluzioei buruz? Harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan enpresa-bezeroentzako sail komertzialarekin.