Bolo-bolo dabil gaur egun adimen artifiziala. Salmentak iragartzeko, stockak optimizatzeko, chatbotak baliatzeko edo edukiak sortzeko erabiltzen da, baina ba al dakigu benetan nola funtzionatzen duen eta zergatik egiten dituen ekintza batzuk?

AA ez da misterio- edo magia-kontu bat; aitzitik, teknika eta parametro batzuen arabera funtzionatzen du. Zalantza sortzen zaigu haren garapena eta portaera arrotz egiten zaizkigunean eta esaten duena zergatik esaten duen ulertzeko gai ez garenean.

Eta, hor, kontzeptu berri bat agertzen da: Adimen Artifizial Azalgarria; ingelesez, "Explainable Artificial Intelligence", gehienetan XAI sigla bidez adierazia.

Adimen artifiziala: berrikuntzatik azalpenera

Adimen Artifizial Azalgarriak (XAI) kontuan hartzen ditu metodo batzuk, zeinen bidez gizakiak gai baitira ikaskuntza automatikoko (machine learning) algoritmoek sortutako emaitzak ulertzeko; hau da, AAk ezarritako ekintza eta erabakiak ulertzeko.

Nolabait esateko, algoritmo bat azalgarria da egindako iragarpenak edo emaitzak nola lortu dituen interpreta eta uler badaiteke.

Hasteko, AAren ohiko lan-sistemak "kutxa beltza" deritzona du oinarri; datuetatik sortzen da kutxa hori, eta ia guztiz interpretaezina da. Kasu gehienetan, garatzaileak eta ingeniariak berak ere ez dira gai zehazteko zergatik atera duen AAk dena delako ondorio bat.

Adimen Artifizial Azalgarriak (XAI) metodo jakin batzuk baliatzen ditu ikaskuntza automatikoko prozesuan hartutako erabaki guztiak azaltzeko eta haien jarraipena egiteko.

Azalgarritasuna sustatzen duten modeloak monitorizatzea eta kudeatzea lagungarria da enpresentzat, AAn duten konfiantza areagotzen delako eta AA gehiago erabiltzera animatzen direlako. Baina nola egin azalgarri AA?

Adimen Artifizial Azalgarriaren gakoak (XAI)

Oro har, hiru dira AAren azalgarritasuna azaltzen duten gakoak.

Lehenik eta behin, datuen trazabilitatearen jarraipena egitea, eta mugak ezartzea ondorioetan edo erabakietan.

Halaber, iragarpenen zehaztasuna neurtzea, entrenamendu-datuak AAren modeloek emandako azken datuekin alderatuz.

Azkenik, garrantzitsuena eta, ziur aski, gako nagusia dena, giza faktorea aplikatzea. Berak baliozkotu eta ziurtatuko ditu, hala badagokio, AAk ateratako ondorioak.

Adimen Artifizial Azalgarria eta azalpenerako eskubidea

Adimen Artifizial Azalgarriak (XAI) lotura estua du azalpenerako eskubidearekin; hau da, jakitea nola funtzionatzen duen sistema batek eta zerk eragiten dituen haren ondorioak, ekintzak, gomendioak edo iragarpenak. Laburbilduz, esan nahi du sistema automatizatuek erabiltzaileentzat ulergarriak eta gardenak izan behar dutela.

Praktikan, azalpenerako eskubide horrek helburu hauek ditu:

  • Teknologia gizarte osoarengana hurbiltzea (ez adituengana bakarrik)

  • Teknologia demokratizatzea eta diskriminazio teknologikoa saihestea

  • Teknologiaren gardentasuna eta harekiko konfiantza bultzatzea

  • Alborapenei aurre egitea

  • Erantzukizun eta etika handiagoa izatea AAren garapenetan

  • Emaitzak azkartzea, optimizatzea eta pertsonalizatzea

  • AA aplika dakiekeen negozio-lerroen kopurua handitzea

  • Algoritmoak eta ereduak ikuskatzeko aukera sustatzea

Aldi berean, baina, datuen babesarekin eta jabetza intelektualaren eskubideekin lotutako zenbait zalantza ere sortzen ditu. Hori da, hain zuzen, zenbait herrialde lantzen ari diren AAri buruzko araudiak aztertzen ari diren alderdietako bat.

Bestalde, IA arduratsuaren kontzeptuarekin ere lotura estua du XAIk. Gauza bera ez izan arren, biek nahi dute modu etikoan garatu AA, eta biek aldezten dute jokabide-arauak ondo definituak izango dituen teknologia bat, onuragarri izan dadin enpresentzat eta gizarte osoarentzat.

Gehiago jakin nahi baduzu enpresentzat ditugun gure soluzio teknologikoei buruz, harpidetu gure buletinera edo jarri harremanetan zure aholkulari pertsonalarekin edo enpresentzako gure sail komertzialarekin, formulario hau betez. Azken albisteak ezagutzeko, jarraitu guri LinkedInen.