5G teknologia mugikortasunari aplikatuta, garraio publiko eraginkor eta erakargarriagoa egiteko aukera berriak eta berritzaileak sortzen dira. Teknologiaren garapenari esker, ibilgailuen eta sistema zentralen arteko barne-konexioak hobetzeaz gain, erabiltzaileek aisialdi-esperientzia hobea izatea lortu nahi da.
Hain zuzen, teknologia hori mugikortasunari, eta, zehazkiago, autobus bidezko garraioari aplikatzen zaion lehen proiektuetako bat da 5G Euskadi proiektua, zeina Euskaltelek koordinatzen baitu. Hala egiaztatu du ATUCek (Hiriko garraio kolektiboen enpresa kudeatzaileen elkarteak, Asociación de Empresas Gestoras de los Transportes Urbanos Colectivos). Elkarte horren kide da Dbus, Donostiako hiriko garraioaz arduratzen den enpresa, estatuko garraio-operadore nagusiekin batera. ATUCek antolatutako jardunaldi monografikoan, garraio publikoan 5G-a ezartzeak sortzen dituen kezkak azaldu dituzte operadoreek, baita teknologia berriarekin sortzen diren aukerak aipatu ere.
Garraio-enpresak, batez ere trenbide-sistemetakoak, hasi dira teknologia horrek izan ditzakeen aplikazioak aztertzen. Ibilgailuen eta informazio-sistemen arteko denbora errealeko konektagarritasunean jarri dute arreta. Izan ere, haren bidez bizkortu egingo dira, besteak beste, ibilgailuetako bideo-zaintzako kamerak denbora errealean ikusteko aukera, garraio-txartelen kargatzeak ordaintzeko eta aktibatzeko prozesua, eta zerbitzu bakoitzeko bidaiarien kontaketa. Halaber, publizitate-sistema ere hobetuko da.
Madrilen eta Bartzelonan proiektu pilotuetan lanean ari dira jada, eta Tenerife, Oviedo, Gaztela-Mantxa, Gaztela eta Leon eta Kataluniako beste hiri batzuetako operadoreek antzekoak egiteko asmoa dute aurrerago.
Bidaiarien garraioaren sektoreak itxaropen handia du jarrita 5G teknologian, eta sinesten du, espero bezala, abiadura handiagoa, datu-bolumen handiagoa, estaldura globala, segurtasuna, latentziaren murrizketa, konexio hobea, berehalakotasuna eta edukiak bereizmen handian emateko aukera eskainiko dituela.
Mugikortasunari aplikatutako 5G teknologia Donostian
Esparru horretan parte hartuko duen lehen garraio-operadoreetako bat da Dbus. 5G Euskadi proiektuan parte hartuko du, eta hiriko autobus-linea nagusietako bitan (Miramongo zerbitzua ematen duten 17-Gros-Amara-Miramon eta 18-Amara-Ospitaleak lineetan) 5G teknologia probatuko du, aztertzen ari diren hiru alderdi hauei dagokienez:
- Bideo-zaintza sistema: Dbus-eko autobusek kamerak dituzte erabiltzaileen eta autobus-gidariaren segurtasuna bermatzeko. Kasu honetan, teknologia erabiliko da segurtasun-kameretako bereizmen handiko irudiak prozesamendu-zentrora denbora errealean transmititzeko.
- Autobus barruan wifi-konexioa hobetzea: Dbus-eko autobusek wifi-konexioa eskaintzen diete erabiltzaileei. 4G sare bat du oinarri konexioak, eta, beraz, konexioaren erabilera mugatua da erabiltzaile bat baino gehiago aldi berean konektatzen direnean. Proiektu honen bidez, 5G konexioa erabiliz probak egingo dira, erabiltzailearen esperientzia hobetzeko.
- Ibilgailuen mantentze-lanak: autobusaren mantentze-lanak hobetzen laguntzen du autobusaren hainbat parametroren jarraipena egiteko 5G sarea erabiltzeak
5G Euskadi proiektua
13 bazkidez osatutako partzuergo batek osatzen du 5G Euskadi proiektua: Euskaltel, R, Orange, MásMóvil, ZTE, Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, Datik (Irizar taldea), CEIT, Vicomtech eta Dbus. Gainera, erakunde hauekin sinatu dituzte lankidetza-hitzarmenak: Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatea. Halaber, erakunde hauen laguntza du proiektuak: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapenaren eta Azpiegituren Saila), Donostiako, Zamudioko eta Abadiñoko udalak, eta Gipuzkoako, Bizkaiko eta Arabako foru-aldundiak.
Proiektuari, UTEko kideei eta kolaboratzaileei eta garatzen ari diren proiektuei buruz gehiago jakin nahi izanez gero, egin klik hemen.