Guztion ahotan dabil orain 5G sarea; hots, haririk gabeko sareen bosgarren belaunaldia, orain arteko 4G/LTE sarearen bilakaeraren ondorioa. Hari esker, murriztu egiten da erantzuteko denbora datu-paketeak bidaltzean eta jasotzean, eta, aldi berean, nabarmen handitzen da gailuen arteko komunikazio-gaitasuna. Sare horri esker eskualde aurreratuenetako bat izango da Euskadi, eta, hortaz, Euskadiko enpresak eta zentro teknologikoak ere bai.
5G teknologia, gainera, Euskaltelek etorkizunari begira egiten duen apustua da, eta, hala, guk koordinatzen dugu ‘5G Euskadi’ proiektua. Hamahiru erakunde publiko eta pribatu elkartu dira partzuergo batean, 5G teknologia euskal enpresa-sarean garatu eta ezartzeko lankidetza-hitzarmenak egiteko.
Teknologia berri bat ezartzeko, ezinbestekoa da segurtasun-neurri berriak ezartzea, trantsizioa arazorik gabe egiteko, batez ere industria- eta enpresa-sektoreetan. Bada, 5G Euskadi proiektua martxan jarri da sare hori hedatzeko eta, 5G teknologiaren ahalmena aprobetxatuta, produktuak eta zerbitzuak garatzeko, bederatzi erabilera-kasu gauzatzeko. Proiektu horretan, zenbait jarduera egingo dira; besteak beste, Edge (baliabideak sarearen ertzetara eramatea) eta Fog (behe-lainoko konputazioa) kontzeptuekin eta sareen birtualizazioarekin lotutako arazoak ikertuko dira, bai eta erabilera-mota bakoitzaren akats espezifiko posibleak ere.
BCSC, Tecnaliaren laguntzarekin, zibersegurtasunaren zenbait alderdirekin lotutako erabilera-kasu baten liderra da, eta gauzatzen ari da. Horretarako, 5G sareetako arrisku nagusien modelatze bat egingo da, eta beste erabilera-kasu sektorial batzuekin lotutako esperimentu praktikoak ere egingo dira. Proba pilotu interesgarria da oso: Edge Computinga (MEC) 5G-an ezartzeari lotuta dago, eta, mehatxuak modelatzeaz gain, segurtasun-probak egingo dira lehen aipatutako alderdietan.
Zibersegurtasuna, gainerako sektoreentzat , giltzarria
BCSCri lotutako erabilera-kasuan, helburua ez da izango zibersegurtasun-teknologiei lotutako negozio-eredu bat planteatzea, baizik eta gainerako erabilera-kasuak gaitzeko nola jokatu behar den aztertzea; izan ere, kasu horiek ezingo dute gutxieneko arrakasta komertziala lortu, tartean diren datuen edo pertsonen segurtasuna arriskuan jar dezaketen ahuleziak badaude.
Laburbilduz, sektore guztiak hasi dira ezagutzen 5G-ak ekar ditzakeen onurak. Zehazki, hauek dira: zehaztasuna, ahalmena eta abiadura. Hurrengo helburua da hobekuntza horiek gure hurbileko errealitatean aplikatzea. Erabilera-kasu hauek ari dira kontuan hartzen eta eragin zuzena izango dute gure eguneroko bizimoduan:
- Mugikortasuna: Autobusetako erabiltzaileentzako Interneteko konexioa, bideozaintzako zerbitzuak eta ibilgailuen mantentze-lanak.
- Energia: adituen urruneko laguntza energia-sektoreko azpiegiturak konpontzeko, konfiguratzeko eta mantentze-lanak egiteko.
- Industria: ekoizpen-prozesuen monitorizazioa eta kontrola.
- Zibersegurtasuna: parte hartzen duten prozesuetako zibersegurtasuna funtsezkoa da 5G teknologia behar bezala garatzeko.
- Sare-zerbitzuak: 5G sarea hedatzeaz arduratzen diren operadoreen arkitekturak definitzea eta ezartzea. Gainera, landa-eremuetan telebista eta banda zabaleko zerbitzuak emateko probak egingo dira, bai eta 5G sarea sektore elektrikoko azpiestazioen bidez zabaltzeko probak ere.
Industria-eraldaketarako proiektu bat
5G Euskadi proiektuari esleitu diote teknologia berri hori garatzeko eta ezartzeko Espainiako Gobernuaren laguntza-programa. Proiektu pilotu hau Euskadiko enpresa eta zentro teknologiko nagusien berrikuntza eta eraldaketa industriala sustatzeko konpromisotik sortu da. Hamahiru bazkideko partzuergo batek eratu du, eta bazkideak ekosistema zabal batekoak dira, haien artean baitira telekomunikazioetako operadoreak, sareko ekipamenduen hornitzaileak, unibertsitateak, ikerketa-zentroak, erakunde publikoak eta enpresa pribatuak.
Ekimen bateratu honi esker, 5G-ko sare bat hedatuko da Euskadiko hiru teknologia-parkeetan (Gipuzkoan, Bizkaian eta Araban) eta Abadiñon (aurrekontuaren %65 beharko da horretarako), eta 9 erabilera-kasu garatuko dira (horrekin osatuko da aurrekontua).
Proiektua Red.es-ek onetsia da (Ekonomia eta Eraldaketa Digitalaren Ministerioko erakunde bat da Red.es), eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da; 30 hilabeteko iraungo du, eta 7,1 milioi eurokoa izango da inbertsioa
Informazio gehiago: www.5g-euskadi.com.