5G belaunaldi berriko teknologiek iraultza ekarri dute, eta ez bakarrik telekomunikazioen mundura; izan ere, eragin zuzena dute beste sektore batzuetan ere, hala nola, media eta entretenimendua, automobilgintza, 4.0 industria, energia eta aplikazio biomedikoak.
Vicomtech zentro teknologikoa Basque Research & Technology Alliance (BRTA) erakundeko kidea da, eta, 2014az geroztik, teknologia horiek garatzeko baliabideak eta ahalegina inbertitzearen aldeko apustua egin du. Horretarako, 5G ekipamendua duen komunikazio-laborategi bat du bere instalazioetan, eta amaitu berria den H2020 Europako Programaren zenbait proiektutan parte hartu du.
COGNET proiektuan (http://www.cognet.5g-ppp.eu/), sarearen birtualizazioan lan egin zuen Vicomtech-ek, baita adimen artifizialaren erabileran ere, haren kudeaketa adimendunerako. Helburua zen kostuen eta esperientzia-kalitatearen arteko eraginkortasuna maximizatzea mediaren eta entretenimenduaren sektorean. 5G-MOBIX (https://www.5g-mobix.com/) eta 5GMETA (https://5gmeta-project.eu/) proiektuetan, 5G teknologien gaitasunak automozioaren esparruan erabiltzen dira, etorkizuneko gidatze autonomoan 5G-ak dituen ondorioak eta rola aztertzeko.
Europako Batzordearen H2020 Programak 5G-aren aldeko apustua egin du; izan ere, 5G sareek emandako gaitasunetan oinarrituko diren hainbat industria-sektoretarako aplikazioak garatzeko beharra ikusi du. Gaitasun horien artean daude errendimendu-adierazle guztiak hobetzea (banda-zabalera, latentzia, mugikortasuna, etab.) eta Edge-an prozesamendu banatua txertatzea (Multi-access Edge Computing edo MEC).
5G Euskadi proiektuaren esparruan, MEC soluzioak garatzeko eta hedatzeko lanean ari da Vicomtech. MEC sarearen ertzean egoteak aplikazioak optimizatzeko aukera ematen du, irrati-sarbideko sarera (Radio Network Information edo RNI) konektatuta dauden erabiltzaileen gailuen egoera ezagututa.
Zehazki, entretenimendu- eta mugikortasun-esparruetara zuzendutako hiru pilotuetako bitan aritzen da Vicomtech. Alde batetik, Datik enpresarekin batera, MECen konputazio-gaitasunak erabiliko dira autobusean ontziratutako edukiaren banaketa masiborako. Kasu horretan, multimedia-irakurgailuaren eta autobusak 5G sarearekin duen loturaren egoera ezagutzeak aukera ematen du esperientziaren kalitatea hobetzeko (QoE) ekintzak egiteko. Esate batera, MECen eskatzen diren edukien biltegiratze (caching) proaktiboa egin daiteke, edo irakurgailuaren hautaketan eragin, erabilgarri daudenen artean bideo-kalitaterik onena duena aukeratzeko. Bestalde, Vicomtech-ek auto konektatu bat jarri du partzuergoaren eskura; auto hori erabiltzen ari dira, CAF, Ikusi eta Ceit-ekin batera, MECen monitorizazio- eta mantentze-zerbitzuak hedatzeko.
Bi pilotuak abian jartzeak erakutsiko du 5G teknologiak eraginkorrak direla aipatutako sektoreetarako.