Azken bi urteetan, albiste asko irakurri ditugu 5G sareen hedapenari, hedatze horietarako erabiliko diren arkitektura-motei eta sare horien segurtasuna bermatzeko beharrari buruz.
Aurreko belaunaldietako konexioak ez bezala (zeinak funtsean pertsonen arteko komunikaziorako diseinatuak baitzeuden), 5G-a pertsonen arteko komunikaziorako eta gailuen eta makinen arteko komunikaziorako diseinatu da; beraz, komunikazio-teknologia horretan oinarrituko dira industria-prozesuak, ibilgailuak, materialen garraio logistikoa, osasun-zerbitzuak eta abar.
Behin 5G-a hedatuta, pixkanaka hura erabiltzen hasiko dira industria-sektoreak prozesu horietarako komunikazio-sistema gisa. Horren adibide garbia da 5G Euskadi proiektua, zeina Euskaltelek koordinatzen baitu. Proiektu horretan, kanpoko bost gune eta barruko hiru jarriko dira, eta horiek 10km2 inguruko estaldura emango dute Euskadiko hiru parke teknologikoetan. Azpiegitura horrekin, bederatzi erabilera-kasu jarriko dira martxan, 5G sarearen funtzionamendua neurtzeko. ‘5G Euskadi’ proiektuan, zeina Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu baita, 13 erakunde publiko eta pribatuko partzuergo bat elkartu da, 5G teknologia euskal enpresa-sarean garatu eta ezartzeko lankidetza-hitzarmenak egiteko.
ZTE da 5G sareko elementu aktiboak hedatzeaz eta ebaluatzeaz arduratzen den bazkide teknologikoa. Teknologiari dagokionez, NSA (non-standalone) arkitektura erabiliko da estatuko roaminga 5G-an probatzeko, operadoreen coreekin (Euskaltel, Orange eta MásMóvil); eta SA arkitektura (standalone) erabiliko da, berriz, 5G sareak erabilera-kasuetan duen potentziala probatzeko. SA arkitekturaren erabilerak iraultza digitala ekarriko du, eta eragin nabarmena izango du gu guztion eguneroko bizitzan; izan ere, deskarga-abiadura handitzeaz eta latentzia orain arte inoiz ez bezala murrizteaz gain, sarera aldi berean askoz gailu gehiago konektatzeko aukera ere emango du.
5G-aren hedapena funtsezko bihurtuko da gizartearentzat eta ekonomiarentzat. Sareen funtsezkotasun horrek kezka handia sortu du, eta haien segurtasuna bermatu nahi da. Hain zuzen, segurtasun hori EU Toolbox-en bidez arautzen hasi da Europar Batasuna, eta EBko herrialde bakoitzak lan-esparru hori oinarri hartuta aplikatuko du.
5G-an oinarritutako soluzioek aukera emango diete enpresei negozio berrien sorrerari aurrea hartzeko, eta, beraz, aurreikuspenen arabera oso handiak izango diren irabaziak lortzeko.
2021eko urtarrilean, Txinak iragarri du 5G-aren 700.000 nodo jarri dituela dagoeneko, eta aurten beste 600.000 eta milioi bat nodo artean jarriko dituela. 5G-aren hedapenean Txinak aurrea hartzeak aplikazioak eta 5G-aren erabilera-kasuak sortzen hasteko aukera emango dio herrialde horri, eta, horri esker, teknologia hori garatzen aurrea hartu ahal izango die gainerako herrialdeetako enpresei.
Izan ere, munduko gainerako herrialdeetan, askoz motelago ari dira zabaltzen 5G sareak. Espainian, sare mugikorra duten lau operadoreek iragarri dute berehala hasiko direla 5Ga hedatzen, eta datozen urteetan haien kapilaritatea handitzen joatea espero da. Era berean, gobernuak dirulaguntzak eman ditu gure industriak aurrea har dezan, eta 5G-arekin lotutako erabilera-kasuak eta aplikazioak garatzen has dadin.
Eta testuinguru horretan garatzen da 5G Euskadi proiektua, enpresek gizartearen onerako elkarlanean egindako lanaren adibide garbi bat, zeinean elkarrekin ari baitira lanean ekipoen fabrikatzaileak, telekomunikazio-operadoreak eta hainbat sektoretako enpresak (mugikortasunekoak, energiakoak, osagaien fabrikaziokoak eta informazio-sistemetakoak, besteak beste).