Mundua ziztu batean aldatzen ari da, eta halaxe ari da automobilgintza-industria ere. Kontsumitzaileek auto-modelo gero eta pertsonalizatuagoak eskatzen dituzte, eta ibilgailuen fabrikatzaileek eta hornitzaileek errealitate aldakor horretara egokitu behar dute.

Zenbait enpresa-arlotan dagoeneko ari dira 5G teknologia erabiltzen. Industrian, adibidez, ari dira, ekoizpen-prozesuak monitorizatuz eta kontrolatuz; baita mugikortasunean, energian eta zibersegurtasunean ere. 5G Euskadi proiektuan lantzen ari diren erabilera-kasuak kontatuko dizkizuegu. Euskaltelen etorkizuneko erronketako bat da 5G-a. Horregatik. 5G teknologia aplikatzen duen partzuergo bat koordinatzen du. Hamahiru kidek osatzen dute partzuergo hori, eta 5G teknologia aplikatzeko 9 proiektu dituzte martxan EAEn; proiektu pilotu horietako bat da Gestampen Abadiñoko fabrikakoa.

Gestampek berrikuntzaren eta teknologiaren aldeko apustua egin du, uste baitu ezinbesteko tresna dela prozesu industrialak hobetzeko eta bezeroei balioa ematen jarraitzeko. Egoera horretan, teknologia gaitzaile gisa zeregin garrantzitsua du 5G-ak; izan ere, gai da fabrikek egunero sortzen dituzten datu-kopuru izugarriak maneiatzeko. Horrela, hainbat agertokirekin lan egin daiteke, eta, horri esker, errazago da erabakiak hartzea. Horrexegatik ari da lanean Bizkaiko Gestamp enpresa 5G teknologiarekin konektatutako fabrika gisa aritzeko proiektu pilotu batean. Proiektu aitzindaria da Euskadin.

Erabilera-kasu honen helburua da ekoizpen-prozesuak monitorizatu eta kontrolatzea, industria-mailako erabakien arriskuak aurreikusteko eta aldez aurretik ebaluatu ahal izateko. Horretarako, biki digital baten bidez digitalizatu da Abadiñoko Gestamp Bizkaia ekoizpen-instalazioa. Instalazioaren konektagarritasunari esker, urrats gehiago egin daitezke Gestampen fabrikazio adimenduneko ereduan, eta, eredu horren bidez, hainbat agertoki eta modelorekin lan egin daiteke, fabrikaren ekoizpenarekin eta kudeaketa logistikoarekin batera ia.

Biki birtuala duen fabrika

Hedapen hori arrakastaz egiteko, beharrezkoa da ekoizpen-instalazioaren, errealitatearen eta biki digitalaren arteko komunikazioa bermatzea. Horregatik, 5G-a Orangeren eta Euskaltelen bidez hedatzea aukeratu da. Teknologia horrek, duen latentzia txikiari eta Euskaltelek eskuratutako Multiaccess Edge Computingen konputazio-ahalmenari esker, bermatzen du helburu hori lortuko dela.

Komunikazio hori egiteko, Euskal Herriko Unibertsitateak, Ingeniaritza eta Komunikazioen Sailaren bidez —zeina partzuergoaren kide baita—, fabrikaren barruan 5G-a hedatzeko behar den arkitektura diseinatu du. Bilboko Ingeniaritza Eskola, berriz, MECera konektatzeko erabiliko den 5G arkitektura definitzen aritu da. Hain zuzen, orain arte erabili den datu-prozesamenduaren zentroaren ordezko bat da MEC (Multi Access Edge Computing). Operadorearen sarearen ertzean dago, eta, hari esker, alderdi batzuk hobetu egingo dira biki digitalean; adibidez, latentzia, atzerapena, jitter-a, eta aldakortasuna.

Proiektu honen bidez, fabrika malgua eta adimenduna izateko beste urrats bat egin du Gestampek; hain zuzen ere, konpainiaren Smart Factory kontzeptuaren bi atributu dira horiek.

5G Euskadi’ proiektua

5G Euskadi’ proiektuak Red.es-en dirulaguntza jasotzen du, eta Eskualde Garapeneko Europako Funtsaren (EGEF) bidez kofinantzatu da, Espainiako Eskualde Anitzeko Programa Eragilearen (POPE) kontura. 13 erakunde publiko eta pribatu elkartu dira partzuergo batean, teknologia hori euskal enpresa-sarean garatu eta ezartzeko lankidetza-hitzarmenak egiteko.

Hauek hartzen dute parte ‘5G Euskadi’ proiektuan: Euskaltel, R, Orange, MASMOVIL taldea, ZTE España, ZTE Managed Services, Gestamp, Ikusi (Velatia taldea), CAF, Dbus (Donostiako Udala), Datik (Irizar taldea), CEIT, Vicomtech. Enpresa horiek, gainera, lankidetza-hitzarmenak egin dituzte Iberdrola, Basque Security Center (Eusko Jaurlaritza), Tecnalia eta Euskal Herriko Unibertsitatearekin. Horrez gain, proiektuak euskal administrazio publikoaren laguntza du: Eusko Jaurlaritza (Ekonomiaren Garapen eta Azpiegitura Saila), Donostiako Udala, Bizkaiko Foru Aldundia, Gipuzkoako Foru Aldundia, Arabako Foru Aldundia, Zamudioko Udala eta Abadiñoko Udala. Azpimarratzekoa da, halaber, proiektu pilotua Red Colmenak (Promotora de Redes Compartidas, SA) diseinatu eta kudeatu duela, eta partzuergoaren kudeaketa Euskalteli dagokiola.